Errotabarri maisutasunez pasa da estatuko neska kadeteen eskubaloi txapelketako finaletara
Ermuko Errotabarri Eskubaloi Kirol Elkarteak ametsa bete du. Neska kadeteen eskubaloi taldeak estatuko txapelketaren finaletarako txartela lortu du eta, maisutasunez lortu ere. Finalak maiatzaren 25etik 30era bitartean jokatuko, Federazioak datozen egunetan erabakiko duen lekuan. Sektore bakoitzetik txapeldun suertatu eta aurrera jarraituko duten zortzi taldeak ondorengoak dira: BM Porriño; Caja Burgos Aula; Ermuko Errotabarri; BM La Roca; KH7 BM Granollers; C. Maravillas Benalmádena; BM Castellón eta Elda Prestigio. Horiek guztiak finaletako partidak hartu eta egoitza izateko eska dezakete. Errotabarrik gaur arratsaldean bertan bilera egingo du egoitza izatea eskatuko duen ala aztertzeko eta finalen gorabeheren inguruan hainbat erabaki hartzeko. Nolanahi ere, federazioak izango du azken hitza. Eta horren harira, gogoratu behar erakundeak normalean eskubaloian tradizioa zabala eta goi-mailan jolasten duten taldeak dituzten herriak aukeratu ohi dituela. Errotabarri Kirol elkartearentzat -zuzendaritza batzorde, zaletu, kirolari eta beren familiarentzat- finaletara ailegatu izana erronka handia da. Eta ez soilik kirol alorrean, horren inguruan beste hainbat inguruabar baitaude, besteak beste; egoitza izaten ez bada kanpora joan beharra; finalak asteartetik igandera bitartean jokatzea, -tartean hainbat lanegun izanik ikasle nahiz inoren kontura lan egiten duten pertsonentzat- eta ikasturtearen azken ebaluaketan eta azterketa garaian egotea kirolariak.
Errotabarri taldekoek eta oro har ermuarrok izugarri gozatu dugu azken hiru egunetan. Udal kiroldegiko pista txiki geratu da hainbeste ikusleentzat, kirolariei animatzeko giro ezin hobea izan delarik. Hainbatean herriko Santixau jaietan ginela ematen zuen, bonbo hots, abesti eta txalo zaparradengatik. Errotabarriko kadeteak merezimenduz sailkatu dira finaletarako, ongi jokatzen eta lehian aritzen dakitela erakutsiz. Horrek erakusten du lortu dutena ez dela kasualitatea izan, baizik denboraldi osoan zehar egindako lanaren uzta. Taldea sektorean jokatzeko lekua ozta-ozta lortu zuen, orain dela hamabost egun atzera jokatutako fasean hirugarren geratu baitziren, etxean eta ezagunen aurrean jokatzeagatiko presioak handiegia izan eta gero. Nolanahi ere, taldeak egoera hori iraultzeko gauza izan da. Esperientzia horretatik ikasteko gai, mentalitatea aldatu eta garaile izateko behar den positibismoa bere eginez. Jokalariek barneratu dute aretora atera eta dakiten bezala jokatu behar zutela, inori ezer erakutsi behar ziotenaren ideia baztertuz. Bi asteren bueltan, herriko kiroldegian jokatzeak oztopo ezik lagungarri izan zaie eta hiru partidetan garaile izan dira. Emaitza agerikoa da, hiru partidatan hiru garaipen; 101 gol sartuz eta 46 hartuz. Azkenean 6 puntuak eta 55 gol alde. Sailkapena eta emaitza zehatzak eskaini ahal izateko, eskubaloi federazioaren web guneari lotura egin diogu.
Larunbatean jokalariei harrera egin zitzaien Udaletxean
Larunbat eguerdian sektorean parte hartu duten talde eta jokalariei harrera egin zitzaien udaletxean, Jose Luis Clemente zinegotziak ongi etorria egin eta oparia eman zielarik. Agintariak Ermuaren eta udaletxearen egoitzaren inguruko zehetasunak eman zizkien. Errotabarriko presidente Olatz Bouzok, aldiz, kirolaren oinarriek duten garrantziaz hitz egin zien, bere hizketaldian. Harrera ekitaldiari amaiera eman zitzaion, talde ezberdinetako kirolariek kafe bat konpartituz.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke