Atleta ermuarrek hainbat domina lortu dituzte Euskadiko txapelketan
Arantza Moreno kadeteak domina berri bi lortu ditu, azken asteburuan Durangon jokatutako Euskadiko txapelketan. Ermuarrak xabalina- eta pisu-jaurtiketa probetan lehen postuak eta urrezko dominak lortu ditu. Hori horrela, xabalina-jaurtiketan beste urtebetez mantenduko du 42,69 metroko luzerako jaurtiketa egin ondoren eskuratu duen txapela. Pisu-jaurtiketan berriz, sailkapenaren buru izatea lortu zuen 11,10 metro bota ondoren. Bestalde, Ander Garciandiak ere bi domina zintzilik zituela bueltatu zen etxera: zilarrezko eta brontzezko bana. Lehen altuera-jauzian lortu zuen 1,70 metro gainditu eta gero. Eta bigarrena, berriz, 600 metroko lasterketan (3. postua). Bi kirolariek Manuel García Pachón, ‘Lolo’ entrenatzailearen esanetara prestatzen dira. Txapelketako zehetasunak ikusteko, klubaren www.atletismoermua.com webguneari lotura egin diogu.
Hastear gauden asteburuan, Espainiako txapelketa jokatuko da Iruñan (Nafarroako hiriburuan). Arantza ilusio handiz joango da, aurtengo denboraldian markari konena izateaz gain, iaz Lloret de Mar herrian (Katalunian) xabalina-jaurtiketan lortu zuen lehen postua eta txapela defendatzeko asmoz baitoa. Pisu-jaurtiketan ere parte hartuko du eta, zorterik izanez gero, domina eskuratzeko aukera izan ditzake, urteko laugarren marka onena erregistratuta baitu. Hori apur bat hobetuz gero, auskalo. Ander Garciandiak ere bere burua buru-belarri prestatu du, txapelketara joateko eta altuera-jauzian lehiatzeko asmoz. Horrela izateko, Federazioaren deiaren zain dago. Doazen guztiei, zorte on!
Lotutako albisteak

Herritarrok ekarpenak egin ahal izango ditugu datorren ekainaren 10era arte

Ermua Kirolakek uztailerako ikastaroak antolatu ditu, modu dibertigarrian igerian ikasteko

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera