‘Pispilu’: Ermuko produktu eta goxo tipikoa
‘Pispilu’ da Ermuko produktu eta goxo tipikoaren izena. Gozoaren oinarria hostorea da, sagardo ukitua duen sagar-gozokia darama barnean, eta gainean azukrea eta intxaur erdi izanik. Formaz lorea gogoratzen du eta Valdespina parkean dugun zuhaitz ikusgarriaren hostoak adierazteko herrian erabiltzen dugun izen herrikoia da. Izen botanikoa -Magnolia soulangeana- den zuhaitz horren hostoekin jolasten zuten gure aitona-amonek beren gaztaroko udaberrietan. Hostoak hartu atzeko zatia moztu, putz egin eta hura puztuz. Postrea itxuroso da, arina eta gozoa jateko. Pispilu postrea Andoni Doce ‘Urkaregik’ egin du, amaren abizena daraman jatetxearen jabeak. Doce Urkaregi izan da azkenean herriko postre edo gozoa aukeratzeko udalak Tokiko Garapen alorraz baliaturik eta Lobiano Elkarte Gastronomikoarekin lankidetzan deitu zuen lehiaketaren irabazlea.
‘Pispilu’ gozo tipikoa datorren larunbatean aurkeztuko zaie herritarrei
‘Pispilu’ gozo tipikoa datorren larunbatean –abenduaren 18an- aurkeztuko zaie herritarrei. Eguerdiko hamabi eta erdietan pispiluren 1200 ale banatuko dira ekitaldi publiko eta sozial batean. Ekitaldi hori herriko Merkatari eta Ostalari elkartearekin batera antolatuko da eta bi eszenatoki izango ditu, Orbe Kardinalaren plaza eta udal Merkatua. Lehiaketaren irabazlea eta emaitza orain aste batzuk atzera eman zen, nahiz eta horren berri patentea erregistratu artea ez delarik eman nahi izan. Patentea erregistratzean, izena eta errezeta babesturik geratu dira, etorkizunean horren inguruko titularitateaz gorabeherarik ekidin nahian. Jada, produktua eta horren patentea erregistraturik dagoenez, emaitza eta bere ezaugarriak ezagutaraztea erabaki dute lehiaketaren antolatzaileek.
Gozoa zein izango den lehiaketaren bigarren fasea erabaki da, produktuaren inguruan hasierako ideia; bere iraungitze-data bermatzeko hainbat aspektu, gustua, itxura eta abar adostu ondoren. Lehiaketaren lehen fasea iragan uztailean egin zen. Orduan hainbat proposamen aurkeztu ziren. Epaimahaikide profesionalek eta herriko biztanleek orduan erabaki zuten bigarren fase bat egitea, aurkeztutako proposamenetatik aspektu onenak biltzeko batean. Izenarekin asmatzea eta egoki bat aukeratzea ere oso garrantzizkotzat jo zen, horretan herriko aspektu eta tradizio uztartu nahi zirelako, herritarrak produktuarekin errazago identifikatu eta gure egiteko.
Ion Fiz ermuarrak produktuaren kaxa diseina dezala nahi da
Lehen fasera aurkeztutako produktu gustiek aztertu eta dastatu ondoren, gozogile profesionalen gomendioei jarraiki, bigarren txanda bat egitea erabaki zen, aurkeztutakoetatik gauzarik onenak bilduzeko. Izenari dagokionez, herriko datu historikoetan barrena ibili, horiek miatu eta bertatik edatea erabaki zen, egokiena aukeratze aldera.
Bigarren fasean epaimahaikide izan dira, Tolosako Rafa Gorrotxategi, Akebaso jatetxeko sukaldari arduradun Javier Izarra, profesionalak, eta herriko Miren Astarloa, Mª Angeles Irusta eta Loli Bello ermuarron ordezkari. Horien esanetan lehiaketara aurkeztutako proposamen guztiak maila oso onekoa ziren, baina horien artean borobilena, Andoni Doceren ‘Pispilua’ izenekoa. Esan bezala, lore formakoa eta sagar-gozokia daramana.
Lehiaketaren antolatzaileek lanean jarraitzen dute, gozo tipiko horrentzat kutxa ederra prestatze aldera. Kutxan izenaren inguruko istorioa eta herriko hainbat aspektu jasoko direlarik. Kaxaren diseinuaz Ion Fiz jostun eta ermuar ospetsua arduratu dadila nahi da, baina oraindik hainbat gauza lotzeko daude eta ikusi beharko da bere agenda eta konpromisoen arabera horretarako aukerarik duen ala ez.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Hamar taldek parte hartu eta joko dute maiatzaren 10ean, Orbe Kardinalaren eta Martxoak 8 plazetan eta kalean