Herriko KIUBak hogei urte bete ditu

14.12.10
Erakundea

Herriko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUBak) hogei urte bete ditu, ateak zabaldu zituenetik. Zerbitzu ematen hogei urteko ibilbidea, ez da marka makala. Hogeigarren urteurrenaren aitzakiaz, zerbitzuak ekitaldia egin zuen atzo Lobiano Kulturgunean. Ekitaldira ibilbide horretan zehar lankidetzan jardun duten erakunde eta pertsonak gonbidatu izan ziren. Ekitaldiaren buru herriko alkate Carlos Totorika izan zen, alorreko zinegotzi eskudun Natividad Alonsorekin batera. Horiekin batera zerbitzuko Rosa Maria Aris eta Mari Carmen Nogales egon zirelarik. Lobianon aurreko legegintzaldietan alorreko arduradun izan ziren hainbat ikusi genituen, esaterako Mari Nieves Antxustegi, Alfredo Lucio edota Mari Asun Ardanza, egungo Udalbatzako kide diren beste hainbat zinegotzirekin. Horiez gain, bertan zeuden baita Eusko Jaurlaritzako Kontsumo ordezkariak, herriko merkatari eta ostalarien elkartekoak, eta herriko ikastetxeetako eragileak eta beste hainbat ikus-entzule ere.

Kontsumitzaile eta erabiltzaile legez ditugun eskubideak betidanik izan ditugula pentsatu arren, ez da horrela izan beti. Hamarkada horietan eskubideen berri eman, horiek zabaldu eta exijitu eta gauza daitezen ikasi duguna asko izan da. Zerbitzukoek emandako datuak horrela erakusten dute; hogei urtetan 9000 kontsulta jaso eta 2000 erreklamazio bideratu baitituzte. Zerbitzua hortaz, gero eta gehiago erabiltzen dugu, zifrak gora baitoaz. Eboluzioak garbi erakusten du: 1991n aurkeztutako erreklamazioak 60 izan ziren, aldiz 289 da iazko 2009ko erreklamazio kopurua. Horren aurrean, zinegotzi eskudunak “urterik urte gorantza doan herritarrentzako zerbitzua” gero eta gehiago babesteko asmoa agertu zuen. Alkateak zerbitzuaren beharraz jabetu izana aitortu zuen, nahiz eta hasieran zalantzak izan. Azpimarratu zuenez, komenigarria da herritarrontzat, “hezi, informatu eta aholkua behar baitugu gai ugaritan”. Agintariaren esanetan zerbitzua oso lagungarri da kontsumo gaietan abokatu batengana jo ezin dezaketen familientzat. Bertan laguntza eta aholkularitza jaso baitezakete hainbat egoera zailetan”.

Kontsumoan gorde beharreko hamar arauak jasotzen dituen egutegia banatzen ari da KIUBa

Gaur egun zerbitzua ia erdibana finantzatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta gure Udalak. Horren arrazoia, azken urteetan erreklamazio kopurua asko igo izanean datza. Jaurlaritzak urteko bere diru-laguntzaren zenbatekoa zehazten du, bideratutako erreklamazioen kopurua kontutan izanik.

Zerbitzuan urte gehien daraman Rosa Arisek gogora ekarri zuen zerbitzua San Roke kalean kokatuta zegoen lehenengo urteak. Honen esanetan, orduan “gogotsu jarduten genuen, nahiz eta gure baliabideak oso urriak izan”. Lehenengo urte haietan, esaterako koltza koipearen arazo eta erreklamazioei aurre egin zieten. Egun, aditzera eman zuenez, zerbitzua askoz ezagunagoa da. “Hasieran elikagaiei buruzko kontsultei erantzuten genituela uste zuten askok, nahiz eta etorri eta ezagutzen gintuztenak fidelak izan eta errepikatu sarritan, erosketak egin aurretik ere kontsultatzen zigutelarik”.

Prebentzioa kontsumoan arau behar du izan. Horregatik, kontsumoan gorde beharreko hamar arauak jasotzen dituen egutegia banatzen ari da KIUBa gure etxeetan.

Lotutako albisteak

Imagen
18.07.25
Jarduera ugari izango dugu, jaien aurreko asteburuan

Egitarauak gustu guztietarako hamabost bat jarduera eskaintzen ditu
Imagen
18.07.25
‘Gatibu’ eta ‘Los Zigarros’ taldeek Santixauei hasiera emango diete

Taldeek kontzertua emango gaur eta bihar, hurrenez hurren, San Pelaion, 23:00etan hasita
Imagen
17.07.25
Dibertsioa eta giro ona nagusi, aurtengo ‘Uda Gazte Jolasak’ jardueran

Gogobetetze-inkestek parte-hartzaileen eta familien gustua islatzen dute. Gazteria Sailak datorren edizioan plazak gehitzeko lan egingo du