Trafikoko istripuen argiketa-txostenak: Udaltzainen lankidetza oso baliagarria
Legeriak Udaltzainei esleitzen dien zereginetako bat hiribarruan gertatzen diren istripuak ikertzea eta horri dagokion argiketa-txostena egitea da. Txosten hori jazoeraren zergatiak eta horren erantzulea nor izan den zehazteko helburua du.
Hirigunean gertatzen ohi diren istripuek bestelako errepide eta lekuetan gertatzen direnak baino larritasun gutxiago izaten dute, gidarien abiadura motelagoa izaten baita. Nolanahi ere, auto batek pertsonok harrapatuak izateko arriskurik handiena dugun lekua hiribarruan da. Dena den, hirigunean ere gertatzen ohi dira ibilgailuetan kalteak eragin eta istiluak sor dezaketen bestelako gertakizunak, esaterako, talkak, ukituak, eta abar…
Ermuko hirigunean gertatzen ohi diren istripuen zergati nagusia, gidarion zuhurtziarik eza da. Arrazoi nagusien artean ondorengoak ditugu: larregiko abiadura, maniobra faltsuak egitea, gidaria berandu konturatu eta behar besteko distantziarik gorde ez izana, edo gertaera bati aurre egin eta konponbidea emateko ustez okerreko erabakia hartzea. Eragin txikiagoa duten arrazoien artean, aipatzekoak dira, autoen mantenu ezari dagozkienak, esaterako, gurpilak edo galga sistema ez izatea egoera onean, edo eguraldiak eragindakoak, euria, elurra, behe-lainoa, eta abar…
2010ean zehar Ermuko Udaltzainek trafikoko 45 argiketa-txosten egin dituzte
2010ean zehar Ermuko Udaltzainek trafikoko 45 argiketa-txosten egin dituzte. Zirkulazio istripu horiek kasuistika zabala izan arren, herriko kale eta bideetan gehien errepikatu diren gertaerak ondorengoak izan dira: 7 istripu auto batek beste bati atzetik jo izanagatik; 17 istriputan autoek aurrez aurre edo albotik elkar jo izan dute; 6 kasuetan ibilgailuak matxuratutako edo aparkatutako batek kontra jo izan du, eta azkenik, beste 7 kasuetan zenbait kausa batera eman dira istripua gertatzeko. Istripuotan guztira 72 pertsona gertatu dira nahasturik, horietatik 5ek zauri arinak jasoz.
Tamalez, iaz Ermuan 9 pertsona harrapatu izan dira hiribarruan gertatu diren 8 istripuetan. Zaurituta suertatutako pertsonetatik ez du inork ondorio larririk izan.
Lehengo gauza pertsonei laguntzea, ondoren zonaldea ziurtatzea, datu bilketa eta argazkiak hartzea, eta, zirkunstatzaiak analisatzea
Hirigunean iaz gertatutako istripurik gehienak 634 errepideko zeharbidearen inguruan eman dira; Bizkaia Etorbidean 6 istripu eta Gipuzkoa Etorbidean 8, hurrenez hurren.
Trafikoko istripuek autoen xaflan kalteak besterik eragin ez edo gidariek elkarrekin konpontzen diren kasuetan izan ezik, gainerako guztietan Udaltzainek esku hartu behar izaten dute tartean izandako pertsonaren baten eskariz; erantzukizuna norena den argia ez bada edo kaltetuak izan daitezkeelako hirugarren pertsonak.
Kasu guztietan, Udaltzainek egiten duten lehenengo gauza istripua izan duten pertsonei laguntzea da. Min fisikorik izanez gero, sorospen zerbitzuei berri eman eta osasun saileko laguntzaileak bertaratzeko eskatzen dute. Zauriak arinak badira, inoiz, pertsona osasun zentrora ere eraman izan dute.
Jarraian, zonaldea ziurtatzen dute ikerketa oztopatu dezakeen edo baimenik gabeko inor sartu ez dadin . Udaltzainek ibilgailu, pertsona eta objektuei argazkiak ateratzen dizkiete; zauriak jasan dituztenen eta kalteturik gertatu diren gauzen datuak bilduz; argigarri izan daitezkeen datuak krokis batean marraztuz, ibilgailu bakoitzaren kokapen puntua eta norabidea adieraziz; gurpilen egoera aztertuz, eta abar, istripuaren inguruabarrak osatzeko helburuaz.
Ondoren, bulegoetan ikerketa zorrotzagoa gauzatzen dute, datuak eta pertsonek adierazitakoa alderatuz, krokisak planoetara pasa eta txosten teknikoa idatziz. Ikerketan jasotako emaitzak eta gauzatutako eginbideak bildu eta hori guztia epaitegira bidaltzen da, horrela dagokionean. Istripua aztertuta, horrelakorik gehiago ez gertatzeko prebentzio neurriak har daitezela proposatzen dute.
Ohikoa da, aseguru-etxeak Udaltzainek egindako argibide-txostenen kopia eskatu izana, istripua dela eta, eskatuko dituzten erantzukizun eta kalte-ordainak nori dagozkien zehazte aldera.
Trafikoko istripuen argiketa-txostenak eska ditzakete aseguru-etxeek eta interes legitimoa duten pertsonek
Kasu horietan, aseguru-etxeei aseguru hartzailearekin harreman izan eta hura ordezten dutela egiaztatzeko eskatzen zaie, txostenean agertzen diren datu-pertsonalak babeste aldera. Datuen babesa da hain zuen ere, inplikatutako pertsonei txosten eta agirien kopiarik ez emateko arrazoia.
Zirkulazio istripuetako argiketa-txostena egiteko prozedura eta epe batzuk gorde behar direnez gero, istripua izan eta agirien kopia eskatu nahi duten guztiei, aldez aurretik Udaltzainekin harremanetan jartzeko eta bulegoko 943 17 63 00 telefonoa deitzeko gomendatzen zaie. Bertara deituz gero, jakin ahal izango baitute txostena presta dagoen edo ez, edota epaitegira bidalia izan bada, esaterako, ikerketan delitu edo arau-urratze penalen kasuetan egiten den legez.
Oharra: Informazio gehiagoko lasterbidea erabilita, lotura egin diogu trafikoko istripuen argiketa-txostenak eskatzeko dugun prozesura eta jarraibideak. (herritarrentzako informazio-orria). Horren kopia bakarrik eska dezakete aseguru-etxeek eta interes legitimoa dutenek.
Deskribapena | Istripu-kopurua | Zaurituak |
---|---|---|
Atzetik talka egitea | 7 | 0 |
Inor harrapatzea | 8 | 9 |
Objetuen, hesien edo aparkatutako ibilgailuen aurka talka egitea | 6 | 0 |
Aurrealde-alboko talka | 2 | 1 |
Anizkizun talka edo auto-ilaran | 8 | 3 |
Alboko talka | 7 | 0 |
Besteak | 7 | 1 |
Guztira | 45 | 14 |
Hilabete | Istripu-kopurua |
---|---|
Urtarrila | 5 |
Otsaila | 6 |
Martxoa | 3 |
Apirila | 9 |
Maiatza | 5 |
Ekaina | 3 |
Uztaila | 4 |
Abuztua | 1 |
Iraila | 4 |
Urria | 3 |
Azaroa | 2 |
Abendua | 0 |
Guztira | 45 |
Kalea | Istripu-kopurua |
---|---|
BI-3302 Carretera de Mallabia | 2 |
Bizkaia Etorbidea | 6 |
Gipuzkoa Etorbidea | 8 |
Eitzaga Auzoa | 1 |
N-634 (errepidea) | 1 |
Diputación | 2 |
Goienkale | 5 |
Izelaieta | 1 |
Kaltxango | 1 |
Baldespinaren markesa | 1 |
Okin Zuri | 2 |
Ongaray | 4 |
Torrekua | 1 |
VI Centenario de la Villa | 4 |
Zeharkale | 3 |
Zubiaurre | 3 |
Guztira | 45 |
Lotutako albisteak

Ur-jokoen gunean altzari publikoak erretzeko sutea eragin duten ustezko autoreei bi mila euroko kalteak egotsi eta isuna jaso dezakete instrukzioaren amaieran

Etxebizitzetan sartzen saiatzearen ustezko delitua leporatu diete

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko