Sergurtasuna: gure seme-alabentzat onena gura dugulako, babestu ditzagun!

08.04.11
Hiritarren Segurtasuna

“Ongaraiko Eskola Bidea”, istripuak prebenitzeko modu bat

Joan den ikasturtean Eskolabarri ikastetxeak Santa Ana auzoan burututako “Eskolako Bidea” proiektua jardunean jartzeak izan zuen harrera ona eta auzoari egin dion mesedea ikusita, Ongarai auzora zabaldu da proiektua eta, hiru ikastetxeetako (Ongarai LHI, Anaitasuna Ikastola eta San Pelaioko Eskolako) zuzendaritzen eta guraso elkarteen laguntzarekin, lehen pausoak ematen hasi gara, “Ongaraiko Eskolako Bidea” sortzea proposatu baitute, beraien ikasleen eguneroko joan-etorri laburretan, ikastetxe barruan zein kanpoan, gerta litezkeen istripuak saihesteko.

Proiektu horren ildotik “Ongaraiko Eskola Bidea” lantzen ari den taldeak estatistika bat egin du eskola-umeek etxetik ikastetxerako joan etorrietan erabiltzen dituzten moduen inguruan, eta ia %80ak oinez egiten duela desplazamendua ikusi da.

Eskola-umeen bide-segurtasunerako arazo nagusiak

Halaber, diagnostiko bat egin da haurrek etxetik eskolara bidean egunero topatzen dituzten oztopo nagusien inguruan eta hona emaitza: ibilgailuak aparkatuta daudela seinalez adierazitako oinezkoen pasabideetan edo ondo ikusi edo espaloitik pasatzea eragozten duten lekuetan, edota eskolako autobusarentzat dauden tokietan; horrek errepidetik pasatzera behartzen ditu haurrak, harrapatuak izateko arrisku handia izanik.

Azken baten, segurtasunez ibiltzea eragozten dieten oztopoak dira, gehienetan ibilgailu arau-hausleen jabeek bide-segurtasuneko oinarrizko arauak errespetatzen ez dituztelako.

Gure hirietan Ibilgailuen zirkulaziorekin lotuta gertatzen diren istripuak aztertuz agerian geratzen da arriskurik handiena duen kolektibo bat haurrak direla eta istripuen portzentajerik handiena etxea eta eskolako joan etorrietan, bide publikoan gertatzen direla.

Bide-segurtasuna: gizalegezko hiritarrak sortzen

Bide-hezkuntza gizarte-hezkuntzaren zati legez irakasten zaie haurrei ikastetxeetan, bizikidetzako, bizi-kalitateko eta ingurumen-kalitateko ohitura eta jarrera positiboak sortarazteko. Hori guztia zalantzan jartzen du seme-alabak ikastetxera autoz eramaten dituzten guraso gutxi batzuek erakusten duten gizalege faltak, ibilgailua espaloian, oinezkoen pasabidean edo eskola-autobusaren geltokian aparkatzen dutenean, beste ikasle batzuekin, gurasoekin eta irakasleekin egunero sortarazteko dituzten gatazkez gain.

Gure seme-alaben hezkuntza, guztion eginkizuna

Hezkuntza- ingurunea izan arren gure seme-alaben errealitatearekiko hurbilekoena, argi izan behar dugu ez dela berori eskola-umeek ikastetxera joan-etorrietan izan ditzaketen istripuak prebenitu eta babestearen erantzule bakarra. Gurasook ere lagundu dezakegu, eta hala egin behar dugu gainera, gure seme-alabei espazio horietatik ibiltzen erakutsiz eta, ibilgailu bat gidatzen dugunean, geuk ere zirkulazio-arauak errespetatuz.

Udalak, bere aldetik, Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren eta Udaltzaingoren bitartez, beharrezko baliabideak jarriko ditu Ongaraiko hiru ikastetxeen inguruetako ibilgailu eta oinezkoen trafikoaren segurtasuna hobetzen laguntzeko.

Haurrak babestu eta arau-hausleak zigortu

Horretarako, datorren astelehenetik aurrera apirilaren 11- hirizainak egongo dira Ongarai auzoan ibilgailua espaloian, seinalez adierazitako oinezkoen pasabide baten edo eskolako autobusarentzat erreserbatutako tokian ibilgailua uzten dutenei arau-hauste larri bat egiten ari direla jakitera emateko eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 94,2 g) artikuluan 200€ko (berrehun euro) isunarekin zigortuta dagoela ohartarazteko.

Oraingoz ez da salaketarik jarriko, baina seme-alabak ikastetxera autoz eramaten dituzten gurasoei eta Ongaraiko bizilagunei orokorrean eskatzen diegu bide-segurtasun eta hezkuntzako bizikidetza-arauak errespetatzeko, bestela zehapena ezartzera behartuta egongo garela.

Haurrak beraien ikastetxeetara arriskurik barik eta espaloietan oztoporik aurkitu gabe joango direla ziurtatzeko, Aste Santuko oporren bueltan udaltzainak egongo dira Ongaraiko ikastetxe inguruetan, ibilgailu eta oinezkoen trafiko-segurtasun arauak bete egiten direla zaintzeko.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko
Imagen
Semáforo Kaltxango-Avenida Bizkaia semaforoa
14.04.25
Kaltxangoko semaforoak konpontzeko lanak

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan