Mini formula 1eko autoen lasterketa jokatuko dute ikasleek bihar San Pelaioko parkean
Mini formula 1eko autoen lasterketa jokatuko da bihar San Pelaioko parkean, arratsaldeko hiru eta erdietatik aurrera. Lasterketa horretan nor baino nor arituko dira Frantziatik etorritako Lycée Louis Rascol eta Collège Honoré de Balzac institutuetako ikasleak eta Ermua eta Mallabiko LHIK-koak. Lasterketa hori Europako Inntegra Proiektuaren barne txertatzen da. Inntegra nazioaz gaindiko proiektua da. Ermua lanean ari da horren barne Espainia, Frantzia eta Portugaleko beste zazpi erakunderekin batera, Interreg IV B Sudoe delako programaren baitan. Hain zuzen ere, ‘teknologia alorrean kooperaziorako sare egonkorrak eratu eta berrikuntza sustatzeko’ atalean. Aipatutako institutu frantsesak Albi lurralde eta erregioaren ordezkari bezala datoz biharko ekitaldira.
Lasterketa honek Frantzian ospatzen den “Course en Cours” lehiaketan du bere jatorria. Lehiaketa honen helburua lasterketako kotxe bat asmatu, proiektatu eta sortzea da 1/14 eskalan eta 1 Formulako eskuadra batek dituen ezaugarri tekniko zein beste batzuk kontutan hartuta. Lan honetarako, hau da, prototipoaren garapenerako talde bakoitzak ingeniaritzako ikasle baten laguntza jasotzen du. Albiko Aglomerazioko ikasleek Centre Universitaire Jean François Chapoilloneko ingeniaritza ikasleen laguntza jaso dute eta Ermuko taldeak EUITI – Eibarko ingeniaritza ikasle baten laguntza jaso du.
Ekintza honen helburua mugaz gainetiko elkar aditzea lortzea da ikasle frantses eta euskaldunen elkarlanaren bidez. Gainera, hango eta hemengo eskolen arteko erlazioak sendotzea, bokazio teknologikoak sortzea eta bigarren mailako hezkuntzan irakasten diren hainbat irakasgai biltzea du helburu bezala proiektu honek.
Hitzordua bihar, ekainak 14 asteartea, 15:30etatik aurrera San Pelaio plazan. Gurekin izango zaretelakoan, etor zaitezte!
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena