Udaltzaingoaren lana genero-indarkeria kasuetan: estatistikak eta gaurko egoera

23.06.11
Hiritarren Segurtasuna

Sentsibilizazioa eta konpromisoa

Udaltzaingoak dituen eginkizunetatik jendeak gutxien ezagutzen duenetako bat genero-indarkeria kasuetako esku-hartzea da, alegia, emakumeek, emakume izateagatik bakarrik jasaten duten edonolako indarkeria-egintza bat gertatzen denekoa. Tradizioz, mota horretako gatazken konponketan oso mugatua izan da toki-mailako poliziaren esku-hartzea, arazo honen kontra jarduteko legeek emaniko eskumenak oso gutxi izatearen aitzakiaz, edo lan hori segurtasun juridikoaren berme guztiekin eta eraginkortasunez burutzeko baliabide eta prestakuntza nahikoa ez edukitzekoaz.

Horrez gain, duela gutxi arte ezkutuko delitu bat izan da, etxeko hormen atzean gordetzen saiatu izan dena. Zorionez, konpromiso gehien duten herri-administrazioek, emakumeen babeserako gizarte-talde eta –organismoekin elkarlanean egindako kanpainei esker, herritarren beharrezko kontzientzia kolektiboa sortu da, gizon zein emakumeen babesaren alde lan egiteko.

Ermuko udalerriaren eremuan, 1988tik hona Udala eragile aktibo izan da gizon eta emakumeen aukera berdintasunerako borroka honetan, Emakumeen Arretarako Bulegoa sortu baitzen eta tratu txarrak hartutako emakumeen babeserako Euskal Herriko Autonomi Erkidegoko lehen babes-etxebizitza ireki. 1991n udal bulego hark bere heldutasuna lortu zuen egungo Aukera Berdintasunerako Udal Saila eratuz. 1995ean Ermuak I. Berdintasun Plana onartu zuen, Euskal Autonomi Erkidegoko lehen udalerria izanik.

Aukera Berdintasunerako Sailarekin elkarlanean egindako lanaren ondotik genero-indarkeria kasuetan poliziak esku-hartzeko protokoloa jarri zen martxan, zeinak udaltzainen jarduera profesionaltasunez eta eraginkortasunez burutzen laguntzen duen.

Hori konpromiso handiko eginkizuna da edozein emakumek izan ditzakeen gatazken ebazpenerako, eta Udaltzaingoa, herritarrenganako hurbiltasunagatik, egoera ezin hobean baitago esku-hartzeko.

Poliziaren jarduna

Udaltzaingoak emakume batenganako eraso edo minen bat gertatu dela jakiten duenean egiten duen lehenengo gauza biktima bere erasotzailearengandik babestea da.

Ondoren, Aukera Berdintasunerako Udal Sailarekin koordinatuta eta, behar den kasuetan Ertzaintzarekin, poliziaren jarduera-protokoloa jartzen da martxan, emakumeari bere eskubideen eta bere esku jartzen diren baliabideen berri emateko: legeen inguruko aholkularitza; lesioak jasota uzteko medikuaren azterketa beharrezkoa denean osasun zentrora laguntzea; tratu txarren biktima izan diren eta etxeko zein genero-indarkeriagatik larrialdi-egoeran dauden emakumeentzako babes-etxera berehala lagundu eta bertan hartzea, bai emakumea bera, bai beraren mendeko pertsona guztiak.

Larrialdi egoeretan Udaltzain batek laguntzen dio une oro emakumeari Ertzantzan eta Epaitegian deklaratzera doanean. Halaber, udaltzain jakin batekin etengabe harremanetan egoteko telefono zenbaki bat ematen zaio; udaltzain horrek arreta pertsonalizatua ematen die genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeei eta ekintza guztiak koordinatzen ditu emakumea guztiz babestuta egoteko.

Ekintza horien artean ustezko erasotzaileen kontra agintari judizialak emaniko urruntze-aginduen jarraipena eta kontrol pertsonalizatua egitea dago. Une honetan, esaterako, 26 urruntze-aginduren kontrola eta jarraipena egiten ari da Ermuko Udaltzaingoa.

Babes osoa erasotuentzat

Urruntze-aginduak asko eta askotarikoak dira. Gehienetan biktimari bere etxetik, lantokitik, joan ohi den lekuetatik edo biktima dagoen beste edozein lekutatik 100 m-tik 500era hurbiltzeko debekua ezartzen zaio erasotzaileari.

Erasotzaileari lau kasutan debekatu zaio Ermuan bizi edo Ermura etortzea, ez eta bisitan ere.

Urruntze-aginduen indarraldiari dagokionean, hiru hilabetetik bost urtera bitartekoak dira.

Erasotzaileei ezartzen zaizkien mugen artean ohikoena biktimarekin edozein bitartekoz komunikatzeko debekua dago: ez ahoz, ez idatziz, ez baliabide elektronikoz, ez zuzenean ez eta tarteko beste inoren bitartez.

Jakina, erasotzaileak debekatuta du armak eduki edo erabiltzea. Bestalde, bi emakumek dute egun bizkartzain-zerbitzua, egoera larrian egoteagatik eta segurtasun ezagatik.

Polizia-jardunaren bilakaera: egungo egoera eta estatistikak

2004an, beste udal baliabideekin koordinatuta, zehatz-mehatz Aukera Berdintasunerako Sailarekin, genero-indarkeria gaietan gure lana bideratzen duten tresna normatibo eta teknikoak edukitzen hasi ginenetik, asko hasi da arreta eman zaien emakumeen kopurua, ez hainbeste genero-indarkeriaren kasuak gehitzeagatik, gizartearen kontzientzia eta sentsibilizazioa handiagoak direlako baizik, eta horrek emakumeek jasaten dituzten erasoak salatzeko beldur gutxiago izaten lagundu du, beraien esku jarritako baliabide eta eskainitako erantzun eraginkor eta pertsonalizatuarekin batera.

2004 urtean genero-indarkeriarengatiko bi argiketa egin ziren, eta 2010 urtean, berriz, 9. 2004an 4 urruntze-agindu kontrolatu ziren eta 2010ean, aldiz, 9. 2011 urte honetan, oraingoz, 8 urruntze-agindu berri zaintzeari ekin zaio, beraz 29 urruntze-agindu kudeatzen ari da egun Ermuko Udaltzaingoa.

Hala ere, bide luzea dugu oraindik egiteko. Gero eta gehiago dira tratu txarrak hartutako beste herrialde batzuetako emakumeak, eta hizkuntzaren oztopoak arreta mugatu egiten du. Arazo horri irtenbidea emateko 2010eko irailetik aurrera Gizarte Zerbitzuek, Abiapuntuk eta Udaltzaingoak telefono bidezko berehalako itzulpen zerbitzu bat daukate eguneko 24 orduetan, 50 hizkuntza baino gehiagotan funtzionatzen duena. Zerbitzu horren helburua udal langileen eta etorkinen arteko komunikazioa ahalbidetzea da, herritar guztien eskubide berdinak izan ditzaten.

Gure lanean dugun beste muga bat epaitegiek urruntze-aginduak jakitera ematean izan ohi duten berandutza da, gertatutakoa aldez aurretik jakitea eta beharrezko neurri zuzentzaileak berehala hartzea galaraziz.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko
Imagen
Semáforo Kaltxango-Avenida Bizkaia semaforoa
14.04.25
Kaltxangoko semaforoak konpontzeko lanak

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan