Urkora 69tan ezetz probaren hirugarrena bihar jokatuko da
Artarrai Mendi taldeak bihar gauzatuko du URKO-69 mendi proba bitxia. Bitxia, txapelduna Urkora 69 minututan heltzen dena izango delako irabazle. Patxi plazatik irten eta Urkora 69 minututan heltzea askori ez zaie zaila gertatuko, denbora hori, gutxi gora behera Urkora igotzeko behar dena. Baina, probaren ezaugarri nagusia, ibilbide osoan erlojurik ez erabiltzean datza. Antolatzaileek proban parte hartzeko betebehar hori jarriko baitie partaideei guztiei eta gainera, 69 minutu baino lehen heltzen dena deskalifikaturik izango da. Beraz, partaideak fin-fin ibili beharko dira denbora zehatz horretan sartzeko.
Artarrai Mendi taldeak proba hau herriko jai-egitarauan sartzen duen hirugarren urtea da eta mendian ere jai giroa suspertzea du xede. Proba "porra" bat balitz moduan planteatzen du, horrela goizeko 10:00etan Patxi plazan biltzen diren partaideek euro bana jarriko dute eta irabazleak batutako diru guztia bereganatuko du. 2009an ospatu zen lehen proban Jokin Uriarte izan zen denbora sartu zen lehena, 69 minutu eta 27 segundoetan. Iaz, berriz, lehia estuago izan zen eta mendizale mordoa gertu ibili ziren arren, goitik gehien gerturatu zena Jose Antonio Unanue "Txanga" izan zen, 69 minutu eta 3 segundorekin. Ea ba, aurten zeinek janzten duen hirugarren txapela.
Guk Artarrai taldearen blogera joan eta bertatik edan dugu xehetasun guztiak ezagutu eta lau haizeetara kontatzeko xedez. Bertan probaren oinarriak hartu ditugu, jarraian eskaintzen dizkizuegularik. Oinarriak ondorengoak dira:
- Proba Patxi plazatik Urko gainera norberak aukeratzen duen ibilbidetik, oinez eta69 minututan heltzean datza.
- Parte hartzaileek ezin dute erlojurik , ez telefonorik eraman, ez ta denbora neurtzeko beste inolako gailurik erabili (esaterako jendeari galdetu, argazki makinan begiratu... eta abar).
- Inskripzioa euro batekoa da eta 10:00etan zabalduko da Patxi plazan.
- Parte hartzaileek antolatzaileak irteera eman ostetik irtengo dira denak batera Patxi plazatik.
- Urko puntara 69 minututan (edo erreferentzia horretatik gertuen) heltzen denak irabaziko du proba.
- Denbora honetan baino arinago heltzen dena deskalifikaturik geldituko da.
- Nahi beste geldialdi egin daitezke, baina Urko puntatik 20 metrora jarriko den kontroletik aurrera ezin izango da geldialdirik egin (derrigorrez pasatu beharreko puntua da hau parte hartzaile guztientzat).
- Parte-hartzaileak puntara banan-banan sartuko dira.
- Sari bakarra: izen-ematean jasotako txanpon guztiak.
- Eztabaidarik edo zalantzarik egonez gero antolatzaileek esandakoa aintzat hartuko da, salbuespenik gabe.
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.