Abeletxeko inkestaren balorazio orokorra: parte hartze prozesuaren ondorioak (2)

29.07.11
Hiritarren Segurtasuna

Inkestaren balorazioa

Abeletxen eta Iparragirren bizi diren lau pertsonatatik, batek bete du inkesta.

Parte-hartzea baxua dela pentsa badaiteke ere, bere testuinguruan ulertu beharra dago.

Herritarren parte hartzea sustatzeko martxan jarri dugun lehen ekimenetako bat da hau. Hori dela eta, herritar askok erreparo apur bat izan dezake dinamika honekiko. Batetik, halako erabakiak hartu behar dituena Udala bera dela pentsatzen dutelako, eta bestetik, beraien iritzia kontuan hartzeko  beste esperientziarik ez dagoelako.

Azken finean parte hartzea handitu eta ermuarren bizi-kalitatea hobetzeko emaitzak praktikan erakusteko gauza bagara, hurrengo saioetan parte hartzea ere areagotuko da, interesatuekin batera erronka berrien konponketarako bideak sortuz.

Ildo horretatik, herritar batek emaniko ikasgaia hartu behar da kontuan, zeinek, aukeren aurrean balorazio zuzena emateko, interesaturiko pertsonei eman beharreko informazioa hobetu behar dela aipatzen baitu. Esaterako, plazaratutako informazio grafikoan azaltzen zenez, Abeletxe kaleko 17. atariko garajetako jabeek garajera zuzeneko sarbidea zutela agertzen zen eta informazio hori, berriz, proposamen aldaketarako azalpen testuan ez zen biltzen, hori dela-eta dagokienek euren interesetarako aukera egokienaren aurrean zalantzak izan ei dituzte.

Kontsultatu den gaiaren inguruan, Abeletxe eta Iparragirre kaleetako bizilagunek noranzko aldaketa eta Abeletxe inguruan aparkaleku berriak egitearen aldeko iritzia agertu dute, horrek udal ekimenaren legitimotasun soziala sendotzen duelarik.

Eta zalantzarik gabe, udal kudeaketa hobetzeko iradokizun onenak eman ditzaketenak zuzenean inplikatutako pertsonak dira. Euren iritzia kontuan hartuta, aldatu egingo da Abeletxe eta Iparragirreko bizilagunen beharrei begira dagoen proiektua, eta pertsona batzuek azaldu duten frustrazioa satisfazio bihurtuko da, ekarpenak, zatika bada ere, hasierako proiektua eta bere kostu ekonomikoa hobetzeko hartu direla kontuan ikusten dutenean.

Hurrengo iradokizunak dira kontuan hartu eta hasierako proiektuan sartuko direnak:

  1. Izelaieta eta Iparragirre kaleak bateratzen diren gunetik 7. zenbakiraino noranzko bakarra ezartzea
    • Bide hau beheranzko noranzkoa izateko iradokizuna zazpi aldiz batu da, eta beste bi kasutan, berriz, goranzko noranzkoaren alde agertu dira, baina kasu guztietan noranzko bakarra onartu da, oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
    • Gainera, iradokizun hori izan da atxikipen gehien lortu duena.
    • Beraz, proiektuan bideak beheranzko noranzkoa izatea proposatzen da, noranzko hori delako autoen zirkulaziorako traba gutxien sortzen duena.
  2. Iparragirre eta Izelaieta kaleen artean espaloi berria egitea
    • Iradokizun horrek egungo  espaloia hobetzea ekarriko du, Izelaietarako zatia 1.10 m zabalduz eta Batzokiaren kantoia libratuz. Eta hortik aurrera,  2,5 metroko zabalerako espaloiarekin jarraituko da Iparragirre kaleko 1. zenbakitik jaisten den espaloiarekin bat egin arte.
    • Horrela, bada, hortik ibiltzen diren oinezkoek ez dute espaloitik irten eta galtzadan sartu beharrik izango. Une oro segurtasuna zainduz joan ahalko dira espaloitik.
    • Lan hauek, aldi berean, Batzokiko alboko hormatik datozen urak egoki bideratzea ekarriko du, Batzokiko frontoiak duen hezetasuna murriztuz.
  3. Iparragirre eta Abeletxe kaleak bateratzen diren gunean zebra-bidea aldatzea
    • Iradokizun honek ere atxikipen ugari izan ditu, egindako aukera ezberdina izan arren.
    • Hasierako proiektuan, hau da, noranzko biko proiektuan, bidea gurutzatzeko orduan ikuspena eta segurtasuna bermatzeko asmoz, Iparragirre kaleko 5. atariaren azpian dagoen bihurgunean zebra-bidea egitea aurreikusten zen.
    • Orain, kalea noranzko bakarrekoa izango denez, saihestu egin da hasierako arazoa, oinezkoek beherantz datozen autoei soilik jarri beharko baitiete arreta. Beraz, zebra-bidea gorago egin daiteke, Abeletxetik datorren espaloiaren eta Iparragirre kaleko 7. zenbakiaren artean jarriz, hain zuzen.
  4. Iparragirre eta Santa Anako aldapa bateratzen diren gunean irlatxoa babestea
    • Puntu honetatik datozen autoentzat bihurgunea emateko erradioa zabaltzea eta, irlatxoan ez aparkatzearren, ikuspena ez murriztearren eta autoentzako zirkulazioa ez oztopatzearren, seinalizazio bertikala jartzea.
  5. Osasun Zentroaren sarbidean dagoen zebra-bidea hobetzea
    • Oinezkoen segurtasuna hobetzearren, Osasun Zentrorako pasabidea eta Eskolabarri ikastetxerako sarbidean dagoen pasabidea aldatzea proposatzen da, asfalto eta fresaketa berria jarriz.
    • Era berean, oinezkoen ikuspena hobetzearren, kartoi eta paperen edukiontzia gutxienez lekuz aldatzeko eskatuko zaio Mankomunitateari, zaborretakoa ezin baita aldatu, kamioiak eskuineko aldean duelako edukiontzia hartzeko sistema.
  6. Hiri-altzariak hobetzea
    • Nagusien Etxearen goialdeko kalearen espaloian eserlekuak jarriko dira.
    • Era berean, Santa Ana parkeko futbol zelaiko atean sare berri bat jarriko da.
  7. Akatsen zuzenketa
    • Herritar batek azaldu duenez, Abeletxe eta Iparragirreko bizilagunei emandako informazio grafikoan agertzen zenaren arabera, garajeen sarreran bi aparkaleku zehaztu ziren, eta jakina, planoan ez ziren agertu behar, horien kokapena ez baita zehatza. Abeletxeko garajetarako sarrerak ez du inolako oztoporik izango.
  8. Abeletxe kaleko 17. atariko garajerako sarbidearen inguruan azalpen bat
    • Emandako informazio grafikoa eta bigarren aukerako iruzkinaren artean kontraesan bat egon da, herritar bat horretaz ere konturatu da. Azken finean, Abeletxe 17ko atariko garajean, autoak eskuinetik sartu beharko dira. Bidea gurutzatu aurretik, Stop seinale bat errespetatu beharko da eta Abeletxetik behera datozen autoei lehentasuna emango zaie. Hala bada, neurri honek ez dio zirkulazioari kalterik eragiten, zabalera nahikoa baitago, gaur egungo karrila aprobetxatuko da eta.
  9. Luzetarako zein bateriako aparkalekuak
    • Luzetarako zein bateriako aparkaleku berriak seinaleztatzeko, bidearen zabalera hartu da kontutan, proiektuan bi aukerak tartekatuz.
  10. Bestelako oharrak
    • Jarraian erantzun bateratua emango zaie inkestan parte hartu duten herritarren iradokizunei.
      1. Oinezkoaren lehentasuna
        • Norbaitek proiektuak ibilgailuen lehentasuna, oinezkoen aldean, suspertzen duela idaroki du, dena den, guztiz kontrakoa esan beharra dago.
        • Proiektuak Abeletxe inguruan  trafikoa arintzeaz gain, autoak bigarren lerroan aparkatzea eta  ibilgailu astunak elkar topo egitea saihestuko du, eta horrela bidea ez da moztuko. Gaur egun, kasu horietan gaizki aparkatutako autoaren gidariak pentsatzen du, aurreratu nahi badu, lekua badagoela, nahiz eta gainontzeko gidariek beste karrilean sartu behar, eta ez du pentsatzen horrek sor dezakeen arriskuaz.
        • Ibilgailuak galtzadan ondo aparkatzean, espaloiek euren funtzioa beteko dute, hau da, pertsonak lasai ibiltzea, inolako  oztopo eta arrisku barik.
        • Ez da ahaztu behar ibilgailuak espaloian aparkatzean sortzen den zikinkeria, olioa… eta horrek arriskuan jartzen ditu oinezkoak, jausi egin daitezkeelako.
        • Horrela, oinezkoak babesteko eta kotxeak espaloi gainean ez aparkatzeko, espaloian ez da hesirik edo oztopo-harririk jartzerik izango. Hiri-altzari horiek batzuetan beharrezkoak badira ere, oinezkoentzako oztopo ere badira, gainera horiek erosi, jarri eta mantentzeak kostu ekonomiko handia sortzen du.
      2. Bide-segurtasuna hobetzea
        • Bitan  eskatu da Abeletxeko I eta II faseko garajeen irteeran ispilu bat jartzeko. Neurria, garajeen irteeran hobeto ikusteko segurtasun-neurri bat denez gero, jabeen erkidegoek hartu behar dutela uste dugu, udalari ez dagokion ekipamendu pribatu bat delako.
        • Halaber, Abeletxe 1eko espaloian (Lomiño Etxea) autoei aparkatzen ez uztea ere eskatu da. Kasu horretan Udaltzaingoak isuna jarriko die espaloi horretan gaizki aparkatuta dauden autoei.
        • Hala ere, badirudi alegazio hori egiten duten pertsonak, espaloian barik, eraikinaren garaje beraren sarbidean dagoen gunean egoten diren ibilgailuei buruz ari direla. Jakina da, gainera, garaje barruan aparkamendua duten ibilgailuak ere hor egoten direla aparkatuta batzuetan.
        • Nolanahi ere, hori espazio pribatua da, ez publikoa, eta Udaltzaingoak ez du hor aparkatutako autoei isuna jartzeko ahalmenik, horregatik, gune horretan baimenik ez duen ibilgailurik aparkatuta egon ez dadin, bertako jabeek erabaki beharko dute zer neurri hartu behar duten.
        • San Antonioko tunelean semaforo bat jartzeari dagokionean uste dugu neurri horrek ez duela lortu den helburua lortuko, kontrakoa baizik: auto-ilara handiak sortuko lirateke, 634 errepide nazionalaren Gipuzkoa Etorbideko zirkulazioari kalte handia eginez, beraz ez da neurri hori hartzea komeni..
        • Gainera, orduko abiadura 30 km-tara mugatzen duten seinale horizontalak eta bertikalak daude gune horretan, bai eta bandak galtzadan ere, ibilgailuen abiadura moteltzeko eta, horrela, gura den helburua lortzeko: ibilgailuek bidearen baldintzei egokitzea beraien abiadura.
        • Azkenik, pertsona batek ibilgailuen aparkamenduaren arazoaren inguruan adierazitakoarekin bat, gogorazi behar dugu bide-segurtasuna guztion ardura dela: Udalarena, berori arautuz eta, behar denean, trafikoko arauak hausten direnean Udaltzaingoak egiten dituen salaketen bitartez, baina bai herritarrena ere, guztion betebeharra delako trafikoko arauak betetzea.
        • Zoritxarrez, gizatasun arazo bat daukagu aurrean, hezkuntza- eta besteekiko errespetu-kontua da. Badago esaterik herritar guztiok arauak beteko bagenitu ez litzatekeela poliziarik beharko. Baina badirudi une honetan inork ez duela inor errespetatzen eta kasu horietan, hain zuzen, azpimarratu behar da zigorraren –herritar batek bere erantzunean esan duenari jarraituz- eta edukazioaren garrantzia batez ere, arau-hausteak zuzentzeko.
      3. Noranzkoen beste aldaketa batzuk
        • Hainbat aukera proposatu dira Abeletxe inguruetan noranzkoak aldatzeko, baina baztertu beharrekoak dira, inguru horretako zirkulazioari eta Sakona, Santa Ana, San Isidro eta San Roke inguruekiko loturari kalte handia egingo lieketelako.
        • Hain zuzen ere, norbaitek dio Osasun Zentroa, Santa Ana eta ikastetxe baten inguruetan gehitu egingo litzatekeela ibilgailuen zirkulazioa, inguru horretako bide-segurtasun falta areagotuz, eta arrazoi du, baina proposamen hori egin duten pertsonek ez dute kontutan izan Sakona, Santa Ana, San Isidro eta San Rokera doazen ibilgailuak Abeletxetik igotzera behartu ezkero, areagotu egingo litzatekeela ibilgailuen zirkulazioa eta inguruaren bide-segurtasun falta orain proposatutako neurriak sortuko lukeena baino handiagoa litzakeela.
      4. Etxebizitza-politika
        • Begi-bistan da Ermuan dagoen etxebizitza-eskaria, gazteentzat batez ere, eta aparkaleku- eta garaje-eskariari dagokionean bereziki. Higiezinen merkatuak beharrizan horri ematen dion erantzuna oso mugatua da, batez ere etxebizitzen prezioari dagokionean, gure herritar askok ez baitu ahalbide ekonomikorik horretarako.
        • Etxebizitzaren arazoa, orokorrean, eta bereziki Ermuan, lurzoru faltarekin eta Lurralde Antolaketarako Gidalerroek udal plangintzari ezarritako mugekin zuzenean lotuta dago, izugarri mugatzen baitute Ermuko udalerria  arlo horretan hazi ahal izatea.
        • Hortaz, Ermuko Udalak, zerbitzatzen duen herritarren komunitatearen interesen erakunde ordezkari legez, errealitateari lotuz heldu dio gaiari, baina bai eta ilusioz eta indarrez ere, eta etxebizitza bezalako premiazko ondasun batekin azken urteotan izan den espekulazioa geldiarazteko moduko etxebizitza kopurua merkaturatzeko plangintza bat bideratzea lortu du.
        • Horrela, Plan Nagusian aurreikusitako 962 etxebizitza berrietatik 808 eraikitzea ahalbidetzeko, udalaren hirigintza-plangintza egoera sozial eta ekonomiko horri egokitu zaio, 154 geratzen direlarik oraindik egiteko.
        • Kopuru oso horretatik 360k babes-erregimenen bat izan du, babes ofizialekoak edo tasatuak izan direlako, eta gainerakoak etxebizitza libreak izan dira; begi bistan da, beraz, etxebizitzaren alorrean dauden beharrizan guztiei erantzuteko ahalegina egin dela, eta horrek jarraipena du une honetan ere orain egiten ari den Plan Nagusiaren berrikusketa-prozesuan.
      5. Libre dauden garajeen salmenta suspertzea
        • Norbaitek aipatu du, Udalak, aparkamendu berriak egina urretik, udalerrian egin diren promozio ezberdinetatik oraindik saltzeko edo libre dauden garajeen salmentan esku hartu beharko lukeela.
        • Baina kontutan hartu behar da garaje horiek merkatuaren arauei lotutako ekimen pribatukoak direla eta, halakoetan, norbanakoak jartzen duela prezioa eta, berori ordainduko duenik badago, Udalak ez duela hor ezer egiteko baliabide legalik.
        • Berriz, Udalean badakigu aparkamenduaren arazoa gure udalerrian dugun handienetakoa dena, eta horregatik, aurrekontuekin eta Ermuaren ezaugarri orografikoen ondorioz espazioarekin ditugun mugak gaindituta, ahalegin handia egin da azken urteotan, bai ekonomikoa bai gestiozkoa, aparkaleku kopurua handitzeko.
        • Horrela, bada, 710 aparkamendu egin dira lur-azpian: 198 San Pelaion, 79 Okin Zurin, 124 Santa Anan, 89 Sallabenten, 146 Valdespina parkean (horietatik 58 astegunetan txandakakoak dira, 8:00etatik 20etara, doan izanik lehenengo bi orduak) eta beste 74 Gipuzkoa Etorbidean (Domaco lantegi ohiaren orubean).
        • Horrez gain kale berrien urbanizazioak lurrazaleko 268 aparkaleku gehiago egitea ahalbidetu du: 9 Aldapa hegoaldean, 15 Aldapa mendebaldean, 75 Sakonan, 104 Abeletxen, 31 Andaluzia Zeharbidean eta beste 34 Beti Ondon.
        • Gehiago behar da, dudarik gabe, baina lehen esan bezala, 978 aparkaleku berri horiek Ermuko ibilgailu parkearen hazkundea arintzeko Udalak egindako ahaleginaren adierazgarri dira, eta ahalegin ekonomiko horrek bere horretan jarraitzen du, edo urrunago joango da ordaindik egun egiten ari den Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren berrikusketa-prozesuan.
      6. Iparragirren duela hilabete batzuk aparkatuta dagoen ibilgailua kentzea
        • Egia da, Iparragirren mercedes urdin bat dagoela, 7272 FXP matrikulakoa, zepoa jarrita duena, eta Udaltzaingoak 7/10 espedientea ireki dio, ustez, bertan behera utzita dagoelako. ibilgailuaren asegurua aurkezteko Udaltzaingoak jabeari egindako eskariek erantzunik ez dutela izan ikusita, zepoa jarri zitzaion joan zen urtarrilaren 19an,  Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean espresuki aipatzen diren kasuetan bakarrik agindu baitaiteke garabiarekin kentzeko, ez, asegururik barik ibiltzeagatik ibilgailua geldiarazi denean, kasu honetan gertatu den bezala. Eta zepoa jartzearen helburua horixe da hain zuzen ere: ibilgailua geldiarazi beharra ekarri duen arazoa konpondu arte, ibilgailuari ibiltzea eragoztea bidearen beste erabiltzaile batzuei istripuren bat sor ez diezaien.
        • Une horretatik aurrera, jabearen erantzun falta ikusita, bertan behera utzitakotzat eman zen ibilgailua, halako tratamendua emanez eta, kasu horietan aplikatu beharreko arauei jarraituz, alegazioak aurkezteko eta ibilgailuren berri jakitera etortzeko epe bat eman zitzaion. Bi jakinarazpen  jarraian bidali ondoren, interesdunak ez zuenez erantzun, iragarkia argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta ibilgailuaren jabeak erantzun gabe jarraitzen duenez, izapideak betetzat emango dira, eta laster kenduko da kaletik, hiri-hondakin solido legez tratatu eta behin betiko baja emateko.
        • Prozedura formala eta bermezkoa da guztiz dagokion pertsonarentzat, baina betebeharrekoa, etorkizunean Udalak ondare-erantzukizuneko erreklamazioren bat izango ez duela bermatu ahal izateko.
      7. Baldosak konpontzea
        • Abeletxeko I. eta II. faseetako barrualdeko plazan solte dauden baldosak konpontzeko ere eskatu du norbaitek. Izan ere, aipaturiko urbanizazioaren barruko plazako farolen oinetan baldosa batzuk solte daude. Berori, erabilera publikorako izanik ere, pribatua da, horregatik jabe erkidegoen eginkizuna da plazaren egitura osatzen dituzten elementuak konpontzea.
        • Nolanahi ere, kasu honetan enpresa suspertzaileak oraindik ez dio udalari urbanizazioa entregatu, beraz, enpresari eskatuko zaio kasu honetan baldosak bere kontura lehenbailehen konpontzeko.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko
Imagen
Semáforo Kaltxango-Avenida Bizkaia semaforoa
14.04.25
Kaltxangoko semaforoak konpontzeko lanak

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan