‘Sin límites’ tituluko lana da martxoaren 8ko kartel lehiaketaren irabazlea
Berdintasun Sailak aurtengo Martxoaren 8ko -Emakumeen Nazioarteko Eguneko- kanpainaren irudi izango den kartela aukeratu du. Lana irabazle izan da lehiaketara aurkeztutako 24ren artean, guztiak oso kalitate onekoak. Kartelaren izenburua "Sin límites" da eta oso ondo adierazten du emakumeen ahalmena, gaitasuna eta boterea, harresiak botatzeko, desberdintasuna gainditzeko eta feminismoaren bidetik gizon eta emakumeen berdintasunerantz aurrera egiteko.
Egilea Errenteriako Angel Blanco da eta lehenago ere aurkeztu izan da lehiaketa honetara. Diseinu grafikoan lan egiten du eta bere curriculuma oso luzea da honelako lehiaketetan: 2009ko San Ferminetako Kartel Lehiaketa irabazi zuen, 2010ean Errenteriako Eskulangintza Azokako kartela egin zuen eta iaz Irungo San Martzialetako Kartel Lehiaketaren bigarren saria eskuratu zuen.
Gogoratu beharra dago 2007tik hona ez dela egin Ermuan kartela aukeratzeko lehiaketarik. Zenbait urtetan hori egiteko beste era batzuk erabili ondoren, lehiaketa bidez aukeratzeko modu honetara itzuli gara, arrakasta handia lortuz. 24 lan aurkeztu dira, eta 23 pertsonak hartu dute parte: 10 emakumeak eta 13 gizonak. Horietako 5 Ermuan bizi dira.
Lotutako albisteak

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko