Duintasunez eta arduraz, animalia edukitzea

07.03.12
Hiritarren Segurtasuna

Urtebete iragan da gure herrian animaliak babestu eta edukitzeko ordenantza onartu zenetik, eta aurrerapauso handia izan da hori gure herriko espaloi, plaza eta lorategiak behar bezalako higiene-, osasun- eta garbitasun-egoeran edukitzeko.

Asko lagundu du herritar guztiek orokorrean, eta txakurren jabeek bereziki, animaliak erantzukizunez edukitzearen eta horretan gizalegez jokatzearen garrantziaz jabetu izanak.

Animalia batek poz handia ematen du, egia da, baina obligazioak ere sortzen ditu, bera zaindu eta gainerako herritarrekin normaltasunez bizitzeko. Jabea da bere animaliaren arduraduna eta animaliak sor lezakeen edozein kalteren erantzulea. Animaliak ez du errurik, baina bere jabeak arduratsua izan behar du.

Zorionez, txakurren jaberik gehienek gizalegez jokatzen dute eta beraien animaliaren ardura hartzen dute, gorozkiak edukiontzi edo zakarrontzi batera botaz, inori kalterik ez egiteko.

Animalia ez da errudun, jabea izan behar da arduratsu

Baina gutxi batzuek, animaliak maitatzen dituztela esan arren, ez dituzte betetzen bere animalia maitatzen duen pertsona baten betebeharrak. Betebehar horiek ez dira bakarrik animaliari jana ematea, garbitzea, parasitoak hiltzea eta haren osasuna zaintzea; betebeharra da baita ere hiritartasun araurik oinarrizkoenak errespetatzea, txakurren jabeen eta gainerako herritarren artean bizikidetza baketsua eta errespetuzkoa izan dadin.

Ermuan bizi garen guztiok merezi dugu herria garbi edukitzea, gure kale eta plazetatik ibiltzea atsegina izatea, txakur-gorozki bat zapaltzeko edo haurren bat, kalean jolasten ari dela, kutsatzeko arriskurik gabe.

“Nire txakurra oso mantsoa da eta, solte dagoela ere, ez dio inori ezer egiten” eta halakoak aitzakiak besterik ez dira arauak ez betetzeko eta gainerako herritarrei ez errespetatzeko, herritarrek eskubidea baitute erosotasunez, eragozpenik gabe eta gorozkirik zapaldu barik paseatzeko.

Onena litzateke pertsonok eta animaliak hirian elkarrekin bizi ahal izatea, eta haur, zahar, txakur eta guztiok espazio eta aldi berean elkarrekin egon ahal izatea, baina, zoritxarrez, batzuk ez dira animaliekin bizi etxean eta ez dute kalean bizitzeko asmorik ere, eta beste batzuek, animaliaren jabe izanik, ez dute beraien animaliak egiten duena zaintzen, ez eta kalean egiten dituen gorozkiak jaso ere.

Udaltzainei dagokie arauak betetzen direla zaintzea

Argi dago norena den erantzukizuna. Udaltzainei dagokie arauak betetzen direla zaintzea eta animalien jabeei arau horiek errespetatzea.

Batzuen eta besteen eskubideek elkarrekin topo egin ez dezaten, Udalak bakoitzari berea eman behar zaiola uste du: animaliei beraiena, baina inoiz ere ez pertsonen eskubideak murriztuz edo kenduz, horregatik animalia lotuta eramateko exijituko zaie jabeei, kalean beste pertsonentzako arriskurik egon ez dadin.

Zoritxarrez, bizi garen garai honetan badirudi inork ez duela ezer eta inor errespetatzen, eta momentuz behintzat, beharrezkoa da txakurren jabeak gizalegez jokatzera behartzea oraindik ere egiten diren arau-hausteak kontrolatuz eta zigortuz.

Gustatuko litzaiguke laster, epe laburrera, udaltzaingoak inor salatu behar ez izatea, ez eta inori zigorrik betearazi beharrik, txakurren jabeek, animaliarekiko eta gainerako herritarrekiko duten konpromisoa betez, txakurra lotuta daramatelako kaleetan zehar eta, behar denean, animaliak bide publikoan utzitako gorozkiak jasotzen dituztelako.

Herritarron laguntzak arazoa konpontzen lagunduko du, guztion artean

Konturatuko zarete ezinezkoa dela animalien zaintza eta edukitza arautzen duen ordenantza betetzen ez den egoera guztiak zuzenean zaintzea eta zigortzea, horregatik laguntzeko eskatzen dizuegu herritarroi, eta animaliak paseatzera eta jabeek, gorozkiak jaso eta zakarrontzi edo edukiontzira bota gabe, eginkariak egitera eramaten dituzten leku baten berri jakinez gero udaltzaingoaren 943 17 63 00 telefonora deitzeko. Abisua jasoko dugu eta zehapen-prozedura ireki ahal izango da ordenantza bete ez duen pertsona horren kontra, ea guztion artean arazo hau konpontzea lortzen dugun.

Animaliak zaindu eta babesteko udal ordenantzaren arau-hausteak prebenitu eta, behar denean, zuzentzeari begira Udaltzaingoak egiten duen lana alde batera utzita, gure herriko lorategi-espazioetako gorozkiak garbitzea ere arazo handia da, oso garestia delako.

Udalaren langileak zaintzen eta mantentzen dituzte herriko lorategiek

Gure udala kokatzen den Debabarrena Mankomunitateak zuzenean ematen du kaleen garbiketa zerbitzua, baina ez, ordea, lorategi-espazioena. Espazio horiek garbitu eta mantentzeko bi pertsona dauzka kontratatuta Udalak horretarako beren beregi. Badakigu ez direla nahikoa beharrizan guztiei denoi gustatuko litzaigukeen berehalakotasunaz erantzuteko, baina egungo egoeran krisialdi honek eskatzen duen zuhurtasunaz kudeatu behar ditugu gure herritarren baliabide ekonomikoak, eta horren arabera, momentuz behintzat, ez da langile gehiago kontratatzea komeni.

Normalean aldez aurretik programatutako lana egiten dute langile horiek udalerriko lorategiak, ezpondak eta abar mantentzeko, leku eta zonalde guztiei antzerako arreta eta denbora eskainiz eta, horregatik, nahikotxo denbora pasatzen da leku berean lan egiten den aldi batetik bestera.

Azkenean herritar guztion betebeharra da arauak betetzea, eta Ermua gero eta garbiago edukitzea eta bizigarriago izatea denok nahi dugunez gero, txakurra duten pertsonek ardura hartu eta beraien animaliaren gorozkiak jaso eta hurbileko edukiontzi batera bota behar dituzte. Txakurrek ez dakite ordenantzen inguruan ezer, ez eta non egiten duten kaka eta pixa; ez dakite uhalarekin lotuta edo muturrekoa ipinita joan behar diren, arriskutsua izan daitekeen animalia legez katalogatuta badaude.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko
Imagen
Semáforo Kaltxango-Avenida Bizkaia semaforoa
14.04.25
Kaltxangoko semaforoak konpontzeko lanak

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan