Hileta-elizkizunetan ibilgailuentzako lekua erreserbatzea

11.05.12
Hiritarren Segurtasuna

Ohikoa da gure udalerrian, Santiago Apostoluaren parrokian hileta-elizkizunak daudenean, hildakoaren familia elizara arte autoz joatea, gero, meza amaitzean, hileta-autoari udal kanposantura arte lagunduko dion hil-jarraigoan parte hartzen baitute, hildakoari azken agurra emateko.

Udaltzaingoan badakigu zein zaila den Santiago Apostoluaren eliza inguruetan lekua aurkitzea hil-jarraigoan parte hartuko duten ibilgailuak hileta-elizkizunak dirauen bitartean uzteko. Zailtasun hori errazteko eta hildakoa galdu izanak familiakoei sortzen dien samina aparkalekua bilatu beharrarekin ez areagotzeko –gehienetan, gainera, lekurik ez aurkitzeko-, Udaltzaingoak lau aparkalekuren erreserba-zerbitzua eskaintzen die interesdunei, hileta-elizkizunetan, Valdespina Markesa parkearen parean, Pasialeku zahar-etxearen aurrean ibilgailuak aparkatzeko.

Ohikoa ez bada ere, familiakoek zenbait ahaide eta adiskide beste herri batzuetatik etorri behar direla eta autoa uzteko lekua behar dutela adierazten badute, Komentukoa kalearen azkenean dagoen espazioan ere aparkatzen utziko da: bertan zazpi ibilgailuk aparkatzeko lekua dago.

Udaltzaingoak Pasialekun 4 leku erreserbatu ahal izateko aukera eskainiko die familiei

Bestela, Komentukoa kalean ez da aparkatzen uzten, batetik oinezkoentzako kalea delako eta 13:00etatik aurrera ibilgailuentzat itxita egoten delako, eta bestetik eguraldi ona denean bide publikoa beteta egoten delako Komentukoa kalearen hasieran dauden tabernek jartzen dituzten terrazekin.

Horrez gain, gogoratu beharra dago Valdespinako parkearen azpian lurpeko udal aparkaleku bat dagoela eta bertako lehen solairuan 58 plaza daudela nahi duenak txandaka aparkatzeko. Lehenengo bi orduak doan dira eta aparkalekuaren ordutegia 8:00etatik 20:00etara da, astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik.

Pasialekuko zahar-etxearen aurrean, eta aipatutako kasuan salbuespenez Komentukoa kalean, aparkalekua gordetzeko, pertsona interesduna, hildakoaren familiartekoa izango dena, harremanetan jarri beharko da Udaltzaingoarekin, bai bulegoetara joanda (8:00etatik 15:00etara astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik), bai telefonoz 943 17 63 00 zenbakira deituta (astelehenetik ostiralera 15:00etatik aurrera, edo edozein ordutan, larunbat, igande eta jaiegunetan).

Eskatzaileak harremanetarako telefonoa utzi beharko du eta akreditazio-txartelak jaso

Erreserba egitean datu pertsonalak eskatuko zaizkio interesdunari, eta harremanetarako telefono mugikorraren zenbakia, zerbitzua ematean gorabeheraren bat jakitera eman behar bazaio. Eskatzaileak hileta-elizkizunaren ordua ere adierazi beharko du, eta zenbat ibilgailurentzat gorde beharko den lekua gutxi gorabehera.

Udaltzaingoak aparkatzeko baimena adierazten duen txartel bat prestatuko du hil-jarraigoan parte hartuko duten ibilgailuentzat. Interesdunak Udaltzaingoan jaso beharko ditu txartel horiek horretarako esango zaion orduan, eta familiartekoen artean banatu, ibilgailuaren barruan aginte-panelean (edo zirkulazioa zaintzen ibiliko den udaltzainak erraz ikusteko lekuan) jarri beharko dutela adieraziz.

Udaltzaingoak beharrezko informazio-lanak egingo ditu inguruan aparkatuta dauden ibilgailuak bertatik kentzeko. Halaber, kasuan kasuko hileta-elizkizunerako, ibilgailuak aparkatzeko erreserbatutako gune legez seinaleztatuko du hileta-ofizioa hasi baino ordu bete lehenago gutxienez.

Aparkatzeko erreserbak hileta-elizkizuna amaitu eta 30 minutu geroagora arte balioko du; une horretatik aurrera libre utzi beharko da espazioa, bestela arau-hauste bat egin daiteke aparkatzeko baimendutako denbora gainditzeagatik.

Zerbitzu honengatik interesdunek ez dute ezer ordaindu beharko. Hileta elizkizuna amaitu eta ordu bete beranduagora arte eduki ahal izango dira autoak

Eskertuko genuke zerbitzua ahalik eta lasterren eskatzea, alegia, heriotzaren berri izan bezain laster eta gutxi gorabehera zenbat ibilgailurentzat erreserbatu beharko den lekua jakiten denean, eta edozein kasutan hileta-elizkizuna hasi baino bost ordu lehenago gutxienez, parte hartuko duten udaltzainen eginkizuna koordinatu ahal izateko eta, behar izanez gero, Komentukoa kaleko tabernen titularrei, hileta-elizkizunera doazen pertsonen ibilgailuak pasa daitezen, terrazak jartzean kontutan hartu beharrekoak jakitera emateko.

Honakoari erantsitako planoetan ikus daiteke non kokatzen diren Santiago Apostoluaren eliza eta aparkalekuak erreserbatzeko guneak (ahal izanez gero Pasialeku zahar-etxearen aurrealdea eta, salbuespenez, Komentukoa kalea) bai eta Valdespina parkearen azpiko aparkalekuaren sarrera ere.

Era berean, aipatutako guneetan erabil daitekeen espazioaren eta ibilgailuak aparkatzeko moduaren xehetasunak ere azaltzen dira.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko
Imagen
Semáforo Kaltxango-Avenida Bizkaia semaforoa
14.04.25
Kaltxangoko semaforoak konpontzeko lanak

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan