Ateak zabaldu kirolari 2012 ekimen, igandean egingo
Bizkaian kirola eta bere jarduera sustatzeko egunak gauzatuko dira asteburu honetan, lurraldean dauden instalazioak ezagutzera emateko erabiliko dena. Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiarena da eta, horretara Lurralde Historikoko bailara ezberdinetako hogeita hamasei udal atxiki dira, gurea barne. Hori horrela, Ermuko Udal Kirol Erakundeak (UKEk) kirolari ateak zabalduko dizkio eta kirolaren jarduera bera kalera aterako du hurrengo asteburuko igandean. Aurtengoan ekimenak bere zazpigarren urtea beteko du eta ‘Kirolari Ateak Zabalik’ lemapean burutuko da, kirol jarduera ugariren erakustaldi erraldoi.
Egun horretan hiritar guztiak batu nahi dituen kirol-jolas jardunaldi bat gauzatuko da; horrela bertan parte hartu ahal izango dute: pertsona elbarrituek, adinekoek, familiek, pertsona nagusiek, eskola-adineko gazteek, eta abar. Eta jardunak parte-hartzea onartu duten udalerrietako kale, bide, mendi, hondartza eta kirol instalazio guztietan burutuko dira. Kirola herritar guztien eskubidea izan dadin laguntzeko, kirola gizarteratzeko, hezkuntzarako eta aisia osasuntsu erabiltzeko tresna bihurtzeko Europar Batasunak egin dituen gomendioen barruan kokatzen da jarduera hau.
Erakustaldian ikusi ahal izango diren kirol jarduerak guztira zazpi izango dira. Horien artean eta, besteak beste, eskubaloia, zesta punta, xarea, atletismoko jolasak, txirrindularitzako abilezia zirkuitua, ur-jolasak edo lerro-patinekin irristaketa izango dira. Jarduerari hasiera emango zaio goizeko 11etan eta arratsaldeko ordu 1etan bukatuko. Erakustaldian Beti ondo, Orbe plaza eta bertako frontoia eta udal kiroldegia erabiliko dira.
Lotutako albisteak
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da