Eskola-bidea egiteko beste modu bat: etxetik institutura, bizikletaz

13.06.12
Hiritarren Segurtasuna

Aurtengo Eskola Agenda 21 delako ekimenaren barne Ongarai Insitutuko ikasleek luzatu dituzten proposamenen artean, etxetik ikastetxera bitarteko joan-etorriak bizikletaz egin ahal izatea dago. Udalbatzarrak positibotzat jo du proposamena eta, horren arabera, ikasturteari amaiera eman aurretik gauzatuko den esperientzia pilotua gauzatzea erabaki du. Esperientzia horretan parte hartzera dei egin die Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan San Pelaio, Eskolabarri, UNI Ermua eta Anaitasuna Ikastolan dabiltzan ikasle guztiei.

Orain arte arauek eta herrietako hiri-garapenak oinezkoa eta bizikleta baztertu eta ibilgailuei eman die lehentasuna.

Baina hiri-eredu hori ez da ez jasangarria eta ez du bizitzeko hiri atsegina eraikitzeko balio, horregatik ekimen hau aukera ezin hobea da bizikleta garraiobide bezala suspertzeko eta toki-mugikortasun iraunkorragoa ezartzeko. Hori horrela, oztopoak jarri ordez, bizikleten zirkulazio lasaia eta segurua sustatzen lagundu nahi dugu herriko kale batzuetan.

Tradizioan, bide-segurtasunez hitz egiten genuenean autoa geneukan buruan. Gaur, berriz, aldatu egin behar da arreta-gunea eta oinezkoarenganantz eta bizikletarantz bideratu, eta herrian zehar oinez eta bizikletaz ibiltzeko erraztasunak eman.

Ekainaren 14tik 21era bitartean, esperientzia pilotua gauzatuko da bestelako eskola bidea bizikletan ezartzeko aukera ebaluatzeko

Hirian zehar bizikletaz ibiltzeak zentzumen berezia lantzen du gauzei aurrea hartzeko eta trafikoa “irakurtzeko” ahalmena eskuratzen da.

Bizikletan ibiltzea, osasungarria izateaz gain, dibertigarria ere bada, baina argi eta kontuz ibili beharra dago istripurik ez edukitzeko.

Kontuz ibiltzea guregan dago gehienbat, autoak gidatzen dituztenen trebeziaz aparte.

Ezin dugu saihestu guraso batzuek hirian zehar bizikletaz ibiltzea arriskutsua dela pentsatzea eta beraien seme-alabak bizikletaz ibiltzerik nahi ez izatea, baina Udaltzaingoak konpromisoa hartzen du ekimen honetan parte hartu nahi duten ikasleek behar den lasaitasun eta segurtasunez joan daitezen behar diren neurriak hartzeko. Horretarako, poliziaren ibilgailu bat joango da txirrindulari-tropelaren atzean, zirkulazioa itxiz eta beste ibilgailuek txirrindulariak aurreratu eta istripurik ez sortzeko.

Aste horretan ikasleek Gipuzkoa Etorbidea 19an dagoen autobus geltokitik abiatuko dira, goizeko 8:10ean

Ekainaren 14tik 21era bitarteko astean, ostegunetik ostegunera, esperientzia berri bat jarriko da martxan, egon daitezkeen arriskuak eta arazoak zein diren jakin eta ebaluatu ondoren, ekimen hau datorren ikasturtearen hasieran jardunean jarri ahal izateko hartu behar diren neurriak hartzeko, eta etxetik ikastetxera pedalei eraginez joan nahi duten ikasleek segurtasun osoz joan daitezen.

Txirrindulariak goizeko 8:10ean irtengo dira Gipuzkoa Etorbideko 19an, Sallabenteko ikastetxearen aurrean dagoen autobus-geltokitik eta Gipuzkoa Etorbidean barrena joango dira San Antoniora arte, gero trenbidearen tuneletik aurrera Izelaietan zehar Goienkale eta Karabixara iristeko.

Handik Zubiaurreko oinezkoentzako bide-gunetik aurrera Hiriaren VI Mendeurrenarekin bat egiten duen bidegurutzeraino joango dira, eta bertan ezkerretara biratu Ongarairantz joateko. Ausartenek beraien indarrak neurtuko dituzte aldapa gora, nahiz eta parte hartzen duten ikasleei oina lurrera bota eta, Ongaraiko aldapa bizikleta eskuan dutela, arrapala mekanikoetan igotzea gomendatzen zaien, eskolara nekatuta es iristeko.

Etxera itzultzeko, espaloiak erabili ahal izango dituzte ikasle txirrindulariek, baina oinezko baten abiaduran eta fatxadetatik urrunduta joan beharko dira, oinez doazen pertsonei lehentasuna emanez.

Badakigu ekimen honek eragozpenak sor diezazkieketela bidearen beste erabiltzaile batzuei, bai eta auto-ilararen bat sortu ere, autoak bizikleten abiadurara moldatu beharko baitira, horregatik barkamena eskatzen dugu sor litezkeen eragozpenengatik eta eskolara doazen txirrindularienganako errespetua eta ulerkortasuna, guztiok lasai eta segurtasunez erabil dezagun espazio publiko bera.

Jarraian azaltzen diren esteketan jasotzen dira bizikletaz egingo den eskola-bidearen ibilbidea eta hirian zehar bizikletan ibiltzeko aholku batzuk.

Lotutako albisteak

Imagen
11.06.24
Betiondoko aparkaleku berria jada zabalik

148 plaza ditu, horietako bi minusbaliatuentzat. Jada ez dugu aparkatu bidearen erreian, zirkulazioa noranzko bikoitza berreskuratu duelako
Imagen
31.05.24
3,5 tonatik gorako trafiko astuna mugatuta dago Ermuko BI-3344 errepideann

Udaltzaingoak Udalbatzak erabakitako debekuaren berri eman du eta 24 salaketa jarri ditu
Imagen
17.04.24
Ermuan indarra erabiliz egindako lapurreta-delitu batzuen ustezko egilea inputatu dute

35 urteko emakume bat epailearen esku utzi dute, hainbat lapurretan lortutako ondasunak gordeta edukitzeagatik