Aukera bikoitza izanen dugu odola emateko, aste honetan

18.07.12
Gizartea

Ermuko Odol Emaileen Elkarteak (Donaser izenekoak) odola emateko saioa berriak antolatu ditu aste honetarako. Lehena, bihar, uztailak 19ko ostegunekoa izango da eta bigarrena, larunbatean, hilak 21ean. Nahi duten bizilagun guztiek odola eman ahal izango dugu, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak herrira ekarriko duen unitate mugikorrean. Unitate hori bihar elkarteko egoitzaren aurrean jarriko da, Bizkaia Etorbidean eta anbulatorio zaharraren aurrez aurre. Unitate Mugikor hori egun osoan Ermuan izango da eta odol-emateak goiz nahiz arratsaldean egin ahal izango dira. Goizeko ordutegia 9:15etatik ordu 2etara bitartekoa da eta, arratsaldekoa berriz, lau eta erdietatik gaueko bederatziak bitartekoa.

Elkarteak “Lagun bat ekarri” kanpaina martxan du eta parte hartzeko gonbita egin digu herritarroi, emaile berriak lortu ahal izateko xedez. Horregatik, ahalegin txikia baina garrantzizko bat eskatzen digute, gure inguruko senitartekoren bati, lagunen bati, lankideren bati, kirolekoren bati … hurrengo odol ateratzearen inguruko informazioa eman diezaiozun, bertan parte hartzera animatuz, odol-emaile egitea edo ez erabaki dezan.

Larunbatean ere, odol emaileak aukera berri bat izanen dugu, beste unitate mugikor bat etorriko baitzaigu herrira. Autobus hori Valdespinako Markesaren kalean -Patxi plazaren ondoan- egongo da goizeko 9:15etatik arratsaldeko ordu 2etara bitartean. Odol-emaileok jakinaren gainean gaude, deialdiero sms mezu batzuk jaso baititugu gure esku telefonoetan, non jakinarazten zaigun deialdiaren berri. Mezua transfusio Euskal Zentroarena da eta horretan eskerrak ematen zaizkigu gure laguntzagatik. Herritarrek ere, jakinaren gainean daude, Donaser elkarteak, kartelak jarri baititu etxebizitzetako atarietan.

Lotutako albisteak

Imagen
23.05.25
Lobianoko Erabilera erregelamenduari buruzko kontsulta publikoa zabalik da

Herritarrok ekarpenak egin ahal izango ditugu datorren ekainaren 10era arte
Imagen
23.05.25
Udako igeriketako ikastaro trinkoak haurrentzat

Ermua Kirolakek uztailerako ikastaroak antolatu ditu, modu dibertigarrian igerian ikasteko
Imagen
22.05.25
Zailtasun dituztenen etxebizitzak birgaitu edo egokitzeko eta etxeko ekipamendua erosteko laguntzak hasita

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera