Sirimiri ardandegiak Gurutzetako ospitalean dauden umeentzat jostailuak bildu eta eramango ditu
Ermuko Sirimiri ardandegiak bigarren urtez jarraian jostailuak bilduko ditu, Eguberritan gaixo eta Gurutzetako ospitalean dauden umeei eraman eta banatzeko. Jostailuok motorzaleen taldeak eraman eta banatuko ditu datorren abenduaren 27ko ostegunean. Banaketa arratsaldeko 4etatik aurrera eginen da, ospitaleko arduradunekin adostutakoaren arabera. Motorzaleen taldea arratsaldeko lehen orduan aterako da gure herritik, taberna antolatzailean mokadu bat hartu eta gero. Proposamenari jarri zaion leloa ondokoa da: ‘Eguberritan, eragin irribarrea umeengan’. Ardandegia duten Raul Gonzalez eta Sandra Alonso Toy Run karabanaren bigarren edizio deitu dute eta “jostailu berri eta ez belikoak” ematen dituzten pertsonei kontsumizio bana (pintxoa eta edaria). Jostailuaren truke oparitxoa jasotzeko egun bakarra abenduaren 15eko larunbata izango da. Egun horretan Erdikokalen, ardandegiaren aurrean, eta ekimena girotzeko musika, haurrentzako jolasak eta aurpegia pintatzeko tailerrak egongo dira.
Nolanahi ere, kontsumiziorik oparitu ez arren tabernak abenduaren 16tik 26 bitartean ere jostailuak jasotzen segituko du, aipatu karabanan eramateko. Jostailu berriez gain, erabilitakoak era hartuko dituzte, egoera onean edota funtzionatzen badute mekanikoak izanez gero. Sustatzaileek ideiaren berri emateko eta hori lau haizeetara zabaltzeko kartela prestatu dute eta sare sozialen bidez iragartzen ari dira. Horren ardatz izanik facebooken duten orrialdea. Iazko urtean ekimen honen bidez jostailu berrien bi edukiontzi oso bildu, eraman eta banatu zuten. Erabilitako beste hainbat ere jasoz.
Elkartasuna eta laguntza grina, krisialdia baino handiago
Raul Gonzalezek azaldu digunez ekimenak bi gauza uztartzen ditu: “motorren zaletasuna eta Eguberritan ospitalean pasa eta beste behar batzuk dituztenengatik zerbait egitea”. Hori horrela, ekimenean herriko nahiz inguruko bailaratako motorzaleen parte hartzea espero dute antolatzaileek. Karabanan nahiz jostailurik utzita parte hartzerik nahi duten guztiek Raulberarekin harremanetan jar daitezke 690001938 telefonora deituta edo Sirimiri ardandegiak facebook sarean duen orrialdean jarraitzea, azken gorabehera eta nobedadeak.
Bestalde, etxerako konponbide integralak eskaintzen dituen Zubiaurre kaleko Itsaskolor dendak ekimen solidario baten barne dago. Lorea Sola titularra promozio bat indarrean du, zeinaren bidez neguko izarak erostera doazen bezeroei %10eko deskontua egiten die, erosleak etxean erabilitako izarak entregatzen baditu. Erabilitako izara horiek ondoren ‘Caritas’ elkarteari emango dizkio, tratatu eta berrerabili ditzaten, jendea babesteko etxebizitzetan edota birziklaturiko arropak saltzeko ’Ekorropa’ izenez dituzten dendetara bideratzeko.
Lorearen esanetan, “egungo egoera zailean laguntza behar duten guztiekin bat egin nahi izan dut, nire ale txikitxoaren bidez”. Solak azpimarratu digunez, “erostea ez da beharrezkoa, dendan erabilitako izarak utzi ahal izateko”. Bezero bat edo beste “izarak eta mantak ere utzi dituzte”, negu gorriak berotzeko baten bati ondo etorriko zaizkionak.
Lotutako albisteak

Herritarrok ekarpenak egin ahal izango ditugu datorren ekainaren 10era arte

Ermua Kirolakek uztailerako ikastaroak antolatu ditu, modu dibertigarrian igerian ikasteko

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera