Astelehenean hasiko ditugu Ermuan tren geltoki berria egiteko eta trenbidea bikoizteko lanak
Tecsa-Campezo-Geotunel Aldi Baterako Enpresa Elkateak-UTE-ak astelehenean hasiko ditu Ermuan tren geltoki berria egiteko eta trenbidea bikoizteko lanak. Aipatu ABEEri esleitu dizkio Eusko Jaurlaritzak, Eusko Trenbide Sarearen bidez, azpiegitura horren obra zibilaren exekuzio lanak. Lanak egiteko epea 30 hilabetekoa izango da, eta horietan 24,4 milioi euro inbertituko dira, hori baita aurrekontua. ABEEk astelehenean San Antonioko aparkalekuaren erdia okupatuko du obra etxolak eta lanetan erabiliko duen makineria kokatzeko. Aparkalekuaren goiko aldeko zatia hartuko du; hots egungo trenbidearen zubia baino zertxobait lehenagotik antzinako Forja zenaren lekuan altxatako lehen eraikinera artean, Bizkaia Etorbidea 1Bis eraikinera arteko tartea. Udaltzaingoak orubearen erdia libre uzteko eskatzen eta arrazoiaren berri ematen hasiko da bihar bertatik. Obrak direla eta, hainbat aldaketa egingo dira hala automobil gidariengan nola oinez doazen pertsonengan eragina izango dutenak. Aparkalekura egungo lekutik sartu eta irten beharko da. Aparkalekuaren barneko norabidea aldatu egingo da. Oinez goazenok ezin izango gara bertatik pasatu eta lehenago gurutzatu beharko dugu N-634 errepidea.
Obrak eragindako auzoetako bizilagunekin batzar informatiboa egingo da gaur bertan, Lobianon arratsaldeko 7etatik aurrera
Obra handia eta konplexua da. Horri esker, Ermuan tren geltoki moderno eta iristerraza –muga arkitektonikorik gabekoa- izango du, Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzean denbora tarte labur eta maiztasunez lotuko gaituen garraio kolektiborako azpiegitura erosoa. Nolanahi ere, hori izan baino lehenago bi urte eta erdi pasa beharko ditugu obra eta lanekin elkarbizitzen. Obrak deserosotasun bat baino gehiago eta egun ditugun ohitura eta ibilbideak aldatu behar izatea ekarriko digute. Horregatik, eta horren guztiaren berri emateko Alkateak eta Hirigintzako udal alorrak eragin gehien jasango duten herritarrekin bilerak egingo dituzte. Gaur arratsaldeko zazpietan egingo da lehena eta Lobiano Kulturgunera deituta daude Izelaieta, Gipuzkoako Etorbidea eta Bizkaiko Etorbidea kaleetako bizilagunek.
Bilbo-Donostia linean Ermuko geltoki berria eraikitzeko lanei esker, une honetan eskailera eta igogailu bitartez lotuta dauden Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plaza bereizten dituen trenbide ezponda kendu ahal izango da. Etorkizunean, jende guztia pasa ahal izango da erraz asko aisiarako bi toki horien artean, denek erabiltzeko moduko behealdeko igarobideari esker. Bi urte eta erdiren buruan, Ermuak XXI. Mendeari dagokion bezalako tren geltoki moderno eta iristerraza –muga arkitektonikorik gabekoa- izango du.
Bide-zubian egongo den geltoki altxatu berriaren eraikuntzaz gain, proiektuan Ermurako trenbide sarbideen hobekuntza ere aurreikusten du, egungo trazatua nabarmen hobetuko duen kilometro bateko tunelaren eta geltokitik oso gertu egongo den maniobrak egiteko zabalgunearen eraikuntzari esker. Lan horiek direla eta, Ermua-Eibar-Elgoibar tranbiaren maiztasuna hobetu ahal izango da. Obra guztia 2015ean amaitzea aurreikusi da.
Ermuan hasi berri den proiektuaren deskribapena
Ermuko zatirako egokitu den trenbide bikoitzeko trazatu berriak 1.500 metro ditu guztira. Hasiera Eitzaga inguruan dago, eta ia oso-osorik tunel barruko trazatu saihesbidean doa (1.025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino. Bertan N-634 errepidea gurutzatuko du, 40 metroko bide-zubiaren bidez, inguruan egongo den geltoki berrira heldu aurretik. Horren ondoren berriro ere egungo trenbidearekin egingo du bat, Izelaieta kaleko behealdeko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, lur azpian egongo den saihesbidean dagoen Oletxeko trenbide pasagunea kendu ahal izango da.
Ermuko geltoki berria, egungo geltokiaren ondoan egongo den azpialdeko igarobidearen ondoan egongo da, eta Valdespinako parkearen eta N-634 errepidearen ondoan dagoen plazaren arteko zeharkako lotura ezarriko du. Geltokiaren ataria trenbidearen plataformaren azpian egongo da, sarbidea kaleko kotatik egingo da, behealdeko mailan, eta horrek bat egingo du zabalera aldakorra eta 80 metroko luzera izango duen erdiko nasarekin. Bertara eskailera finkoaren eta igogailuaren bitartez heldu ahal izango da.
Halaber, gaur egun Ermuan dagoen geltokiak ez du bazterbiderik ezta bidaiarien eta merkantzien ibilbide luzeko trafikoak batera ustiatzeko aukera ematen duen instalaziorik ere. Hori dela eta, jarduketa honetan, maniobratarako gune bat prestatuko da tunel barruan, Ermuko geltokitik gertuen dagoen aldean.
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da