San Antonio aparkalekuaren erdia eta Izelaieta kalea dira tren geltoki berria egiteko obraren hasierako gune nagusia

30.11.12
Erakundea

Tecsa-Campezo-Geotunel Aldi Baterako Enpresa Elkateak-UTE-ak astelehenean hasiko ditu Ermuan tren geltoki berria egiteko eta trenbidea bikoizteko lanak. Azpiegitura horren obra zibila exekutatzeko lanak 32 hilabetez luzatuko dira eta horietan 24,4 milioi euro inbertituko dira. ABEEk astelehenean San Antonioko aparkalekuaren erdia okupatuko du obra etxolak eta lanetan erabiliko duen makineria kokatzeko. Aparkalekuaren goiko aldeko zatia hartuko du; hots egungo trenbidearen zubia baino zertxobait lehenagotik antzinako Forja zenaren lekuan altxatako lehen eraikinera artean, Bizkaia Etorbidea 1Bis eraikinera arteko tartea. Udaltzaingoak orubea libre uzteko eskatzen eta arrazoiaren berri ematen hasi dira. Obrak direla eta, hainbat aldaketa egingo dira, hala automobil gidariengan nola oinez doazen pertsonengan eragina izango dutenak. Aparkalekura egungo lekutik sartu eta irten beharko da. Aparkalekuaren barneko norabidea aldatu egingo da. Oinez goazenok ezin izango gara bertatik pasatu eta lehenago gurutzatu beharko dugu N-634 errepidea.

Obren eragina herrian eta herritarrengan gradualak eta mailakatuak izango dira, proiektuaren exekuzioan aurreikusitakoari jarraiki. Lanak Izelaieta kaletik hasiko dira, oraingo geltoki zaharra errautsi baino lehen. Lehendabizi egin beharrekoa da estazioko instalazioak eta, batez ere, aginduen zentroko makineria Irulitxa taberna ondoan kokatuko den etxola aurrefabrikatu batera lekuz aldatu beharko da. Segidan egungo geltokitik Rosina Etxerainoko tartean dagoen katenaria egun dagoen lekutik trenbidearen beste aldera pasako da, Abeletxeko bidearen aurrez aurre behin-behineko nasa egokitzeko, nasa hori geltoki berria egin eta obrak amaitu artean mantenduko delarik. Abeletxeko bide horretan semaforoak jarriko dira, txandakako pasoa erregulatuz. Horiek egindakoak gaurko geltokia errautsi ahalko da, zonaldea hondeatzeko. Hori egin eta gero, egungo zubiaren lerrokide egongo den zubi probisionala prestatuko da, San Antonioko aparkalekuan zubi berriak izango duen euskarri egin ahal izateko. Aldi baterako zubia egiten denean, tunelari hasiera emango zaio eta mendia zulatzeari ekingo.

San Antonio aparkalekuak eta Izelaieta kaleak, eta hurbileko bizielagunek, jasango dituzte eragozpenik gehienak

Horiek horrela, astelehenetik eta urtarrilera bitartean, Izelaieta kalea okupatu eta asko erabiliko da lan egin, aldi baterako instalazioak prestatu, geltokia errautsi eta materialak sartu eta ateratzeko. Kalea denerako erabiltzeak hondatu egingo duenez, jakinaren gainean jarri ziren bertako bizilagunak, proiektua amaitu baino lehen dagoen moduan lagatzea aurreikusita dagoelarik. San Antonioko aparkalekua gehien erabiliko den beste zonaldea da. Horren guztiaren berri eman zuten asteazken arratsaldean alkateak, hirigintzako zinegotziak eta alorreko zuzendariak. Eragozpen gehien jasoko duten bilerara inguruetako bizilagunak zauden deituta eta berrogeita hamar pertsona inguru agertu ziren Lobianon. Bertaratutako hainbatek desadostasuna eta atsekabea agertu zuten “udalak obrak hasi baino egun batzuk bilera deitu izangatik”. Horien esanetan, bilera hori berandu dator, “orain urtebete egin beharko litzakeelako, proiektuak gure ekarpenak jasotze aldera”. Orain beranduegi dela erantsi zuten. Esan eta entzundako gauzen artean “geltokia Urtea mendian jarri zitekeela” esan zen eta “geltokiaren itxidura Bizkaia Etorbideko 2,4 eta 6 eraikinengandik oso hurbil geratzea, zentzugabekoa dela”.

Herritarren kexa eta eskariak kontutan hartuz, Carlos Totorikak “zarataren eragina gutxitzeko baliabide eta ikerketari buruz hitz egiteko urtarrilean bilera deitzeko konpromisoa hartu zuen, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Trenbideko teknikariak bertan direlarik. Horrez gain, bertan zegoen andre batek “zarata bai orain eta obrak amaitu eta gero neurtzeko” luzatu zuen proposamena ere ontzat eman zuen, horren bidez “proiektu honekin hurbil dauden etxebizitzatako bizilagunen baldintzak hobera egiten duen ala ez ziurtatu ahal izango baitugu”.

Alor Teknikoak jarraipen berezia egingo dio obra honi, zuzendaritza teknikoarekin harreman estu eta jarraitua mantenduaz

Obra handia eta konplexua da. Horri esker, Ermuan tren geltoki moderno eta iristeko erraza -muga arkitektonikorik gabekoa- izango du, Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzean denbora tarte labur eta maiztasunez lotuko gaituen garraio kolektiborako azpiegitura erosoa. Nolanahi ere, hori izan baino lehenago bi urte eta erdi pasa beharko ditugu obra eta lanekin elkarbizitzen. Obrak deserosotasun bat baino gehiago eta egun ditugun ohitura eta ibilbideak aldatu behar izatea ekarriko digute. Horren aurrean, Alor Teknikoak jarraipen berezia egingo dio obra honi, zuzendaritza teknikoarekin harreman estu eta jarraitua mantenduaz, eta egingo diren aldaketak eta horien ondorioak herritarroi ezagutaraziz, eragina gutxitzeko xedez.

Alkateak bileran esandakoaren arabera, lanak direla eta, datozen hilabeteetan jasango ditugun eragozpenak konpentsatuak geratuko direla proiektu honen bidez Ermuko herriak lortuko dituen onurekin. Trenbidearen proiektuari esker herri barneko mugikortasunak hobera egingo du, bertara iristea errazago izango baita, trenbidea zuzen jarrita zarata gutxitzea esperoz, eta hiriaren ordenazioan irabaziz. Egun dugun harrizko zubi zahar eta mardularen ordez, arinagoa izango eta hobeki txartatua geratuko den zubia izatera pasako gara. Parkea eta plaza loturik egongo eta jarraipena emango zaio Bizkaia Etorbideari. Gaur eguneko trenbidearen ibilbidearen lurrak eta zonaldea berreskuratu egingo delarik, oinezkoentzako bidezidor berdea egokituz aisialdi eta pasiorako. Horrela, Eitzaga eta Aixolarako bidea hobeto komunikatua geratuko de, are seguruago izanik 634 errepidea baino.

Lotutako albisteak

Imagen
21.05.25
drOp proiektuari buruz hausnartzeko eta emaitzak aurkezteko ekitaldia

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian
Imagen
21.05.25
Gu guztion lana da Ermua jasangarriago egitea

Zure iritzia garrantzitsua da! Erantzun inkestari eta parte hartu saio irekietan
Imagen
19.05.25
2026ko Aurrekontu-partehartzaileen ‘Ermuak Erabakitzen du’ prozesuko bozketa zabalik

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena