Bozka 2012ko atleta junior onenari: guztiok Arantza Morenorekin bat

10.12.12
Kirolak

Abenduan gaude, urteko azken hilabetean. Izan ere, 2012a amaitzeko hiru aste geratzen zaizkigu. Hogeita bat egun geratzen zaizkigu, Gabon Zaharrerako. Urtealdia baloratzeko eta horri birpasa egiteko unea dugu. Urteko gauza azpimarragarrienak gogoan hartzeko epea. Kirolean ohikoak dira kirolari onenen zerrendak. Horrela da , bai. Horien guztien artean guk gaurkoan ‘Atletismo Español’ aldizkariak –Atletismoko Federazioak argitaratzen duena- eratuko duenaren berri dakarzkizuegu, amaitu berri dugun aurtengo urteko atleta, entrenatzaile eta klub onenak aukeratzeko herri bozketa deitu baitu. Bozketa irekia da. Ekimenak gurekin zerikusia duen galdetuko diozue zuen buruari, bainan bai, badu gurekiko eta Ermuarekiko lotura. Izan ere, Arantza Moreno Fernández kirolari gaztea proposatzen baita zerrendan, 2012ko kirolari emakume junior onenen artean. Arantza gaztea kategoriako sei onenen artean izendatu du Federazioaren aldizkariak, xabalina jaurtiketan egin duen denboraldi paregabeagatik. Gogoratu behar, aurtengo denboraldian urrezko zazpi domina, zilarrezko bat eskuratu eta Espainiako errekor bi hautsi dituela.

Bozketa zabalik egonen da abenduaren 20ra artean. Zerrenda bozkatzeko eta Arantzari babesa emateko Federazioaren webgunean sartu behar da. Bozketan atleta absolutu hiruna aukeratu behar dira, hiru gizonezko eta beste horrenbeste emakumezko. Gure gustukoen lehenari bost puntu emango dizkiogu, bigarrenari lau, hirugarrenari hiru, laugarrenari bi eta azkenari bat. Jarraian 23 urtetik azpiko atleten taldea dago eta hiru aukeratu beharko: lehenari hiru puntu, bigarrenari bi eta hirugarrenari bat. Ondoren, atleta juniorren zerrenda dator eta, eskema aurrekoaren berbera da. Hauen artean, Lolo Gartziak entrenatzen eta Bidezabal klubeko kide den gure Arantza Moreno Fernández dago.

Bozketan parte hartzen dutenen artean hainbat sari zozketatuko ditu Federazioaren Aldizkariak

Bozketa horren bidez klub, entrenatzaile eta ezusteko entrenatzailea ere aukeratu eta bozkatu behar dira, hiru boto mailakatu emanez. Eta azkenik, atleta beterano onenak, bakoitzari boto bana emanez. Bozketan parte hartzen eta kategoria absolutuko lehenei botatu dietenen artean hainbat sari banatuko ditu Federazioaren Aldizkariak; esaterako kirol arropa eta kirol ikuskizunetarako sarrerak.

Arantza Moreno izendatuen artean dagoela ezagutu bezain pronto, albistea lau haizeetara zabaldu da eta, baita bere pertsonarekiko atxikimenduak. Herrian oso maitatua eta korritu, xabalina jaurti eta eskubaloian jokatzen duen diziplina anitzeko kirolaria da. Klub elkarte eta lagunek beren begirunea adierazteko aukerari ez diote muzin egin eta hainbat kanpaina martxan jarri dituzte Arantzak botoak bildu ditzan, kirolari bezala aurrera egiten jarraitzeko; entrenatzen eta sakrifikatzeari uko ez egiteko eta, bere buruan gehiago sinets dezan. Ermuko Errotabarri Eskubaloi Taldeak dei egin dio Ermuko herriari, Arantzari babesa eman diezaion. Mezuak honakoa dio: Botatu Arantza Moreno Fernandez kirolari gaztea, 2012ko kirolari emakume junior onenerako. Espainiako xabalina jaurtitzaile txapeldunordea. Guztiok bota diezaiogun, merezi du eta. Bi minutu besterik ez dira behar. Ez izan nagirik, eskubaloi eta kirol zale garenak eman botoa. Zorte on Arantza! Ermuko Errotabarrirentzat jada onena zara.

Tuitter eta Facebook sare sozialen bidez ere Arantzaren aldeko deia deia luzatu dute. Zorionak!

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke