Herriko historiaren pasarte didaktikoak, entretenigarriak eta koloretsuak
Gizakion bizitzan keinu xumeak ematen dira, oharkabe pasatzen zaizkigunak. Naturaltasunez, iskanbilarik gabe. Gaur kontatzen ari natzaizuena, horrelakoetan sar genezake. Udal Euskara Sailak –ohi bezala, apal eta gogotik egindako lanaz baliatuz- material didaktiko berria prestatu du, etxeko txikienentzat. Material berria bai, baina ez ohikoa edo nolanahikoa, ez horixe. Herriari ekarpena egiten diona, zer izan garen eta nondik gatozen ahantzi ez dezagun. Material propioa da, herriko historia, ohiturak eta izandako pertsonaiak uztartzen dituenak. Jolasean ikasteko eta historia ez ahazteko. Benetako gertakizunetan oinarritutako historia zatiak, asmakizunetatik edota Disney etxeak lantzen dituenetatik urrun direnak. Materiala koloreztatzeko laminaz osaturiko liburuxka da, Marta Teran eibartarraren marrazki zaindu eta dotoreez jantzita datorrena, eta Esti Gonzalez polifazetikoaren letra landu, arin eta entretenigarriekin.
Lana hasiera baten formatu digitalean soilik eskainiko du Euskara zerbitzuak, nahiz eta etorkizunari begira paperezko tirada ere egiteko asmoa baduen. Material hau koloreztatzeko lamina batzuk dira, non herriko historia, pertsonaiak, ohiturak eta zertzelada bitxiak batzen diren. Horrela bada, umeek gure herriko historia ezagutzeaz gain, ondo pasatzeko aukera ere izango dute. Bertan, herrian ditugun jaien inguruko pasarteak batzen baitira (Santixauak, Zezen eguna, Aratosteak, San Martin, San Blas...), herriko semeen pasarte eta ekarpenak (Valdespina Markesa, Felix Izagirre pilotaria, German Uriguen, Ezekiel Etxebarria abadea, Igor Astarloa txirrindularia...), kantak, ohiturak... eta, azken batean, gure herriko altxorrak direnak.
Umeek ez-ezik gurasoak ere disfrutatzea eta ahoz ahoko transmisio honetan laguntzea nahi da, helburu bera izanik. Horretarako lamina bakoitzean Estibaliz González ermuarrak osatutako azalpen laburra batzen da, laminaren edukia eta testuingurua lantzen duena. Marrazkiak, berriz, Marta Teran eibartarrak pintatu ditu eta guztiaren osagarri, marrazkia prestatzeko oinarri hartu eta erabilitako argazkiak ere sartu dira, historiak eta pertsonaia guztiak benetakoak direla adierazgarri. Lan hau gure herriko Web gunean pdf formatuan sartu dugu eta gaurtik aurrera edozeinek deskargatu eta inprimatzeko modua izango du.
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko