Agur Ziriako! Berriz ere, ikusi artean
Ziriako Ortiz de Zarate esataria atzo zendu zen, 84 urte zituela (Eibar 1928 - Ermua 2013). Hileta elizkizunak, gaur izango dira Ermuko Santiago elizan, arratsaldeko 19:00etan.
Mendizale, euskaltzale, bertsozale, perretxikozale eta pilotazale ezaguna izateaz gain, Ziriako Ortiz de Zarate herri kirolen historia bizia da. Euskal Herrian ez da bere ahotsa ezagutzen ez duen herri kirolen zaleturik izango. Hainbat hamarkadetan mota desberdineko probak eta txapelketak komentatzen erakutsi duen maisutasuna herri kiroletako zaletu guztien oroitzapenetan geratuko da. Betirako.
Lehenengoz mikroa Ermuan hartu zuen Ortiz de Zaratek, jaialdi handi batean. Han ziren Amuriza eta Azpillaga bertsolariak, Laja eta Landakanda trikitilariak. "Ziriako, tortillari baino buelta ederragoan eman zenion zuk jaialdiari!", esan zion behin baino gehiagotan geroztik Landakandak. Gure Udalarekin makina bat lan egindakoa da, beti prest baitzegoen. Berari esker antolatu izaten ziren Santixauetako eta San Martineko herri kiroleko jaialdi eta erakustaldiak.
80ko hamarkadaren hasieran, herri kirol emanaldietan aurkezpen lanetan aritzen zen Ortiz de Zarate, eta Arrate Irratian 30 urtez ahotsa jarri zien herri kirol emanaldiei. Asko maite zuen irratia. "Une pozgarriak eta tristeak izan ditut urteotan, denetarik". Eta ez da Bizkaian eta Gipuzkoan herririk bera hizlari egon gabekorik. "Hiru jaialdi egindako egunak asko izan ditut. Eta batzuetan lau ere bai". Egun berean Gasteizen hasi, gero Urnietara joan eta Ispasterren amaitutakoa da bera. "Jaialdi guztietan ongi ez nintzen egongo, baina denak estimatzen ditut". Jaio eta trebea, azkenera arte!
Goian bego!
Lotutako albisteak

Herritarrok ekarpenak egin ahal izango ditugu datorren ekainaren 10era arte

Ermua Kirolakek uztailerako ikastaroak antolatu ditu, modu dibertigarrian igerian ikasteko

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera