Bihar ateri egoten bada, TAOko guneak urdinez pintatuko dira
Herritarren Segurtasunerako alorrak jakinarazi digu biharko goizean eta eguraldia lagun eta ateri badago enpresa batek denbora batez mugatutako aparkalekuaren eremuko bide marka urdinak TAOkoak (Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua) pintatuko dituela hirigunean. Ermuan TAO izango dugu hemendik gutxira, Udalbatzarra osatzen dutenen gehiengoak azken plenoan hala erabaki ondoren. TAOko hiru gune izango ditugu hirigunearen erdialdean, non gehienez ere, ordu betez aparkatu ahal izango dugun doan. Udalbatzarrak hartutako erabakiaren arabera hiru zonaldetan parkimetroak izango ditugu, horiekin guztira 45 aparkaleku txandaka erabiltzea arautuko delarik. Aipatu hiru eremuak bihar pintatzeko asmoa dago, datorren asterako iragarpenak udan egonik ere eguraldia eskasa izango dela eta euria botako duela aurreratu duelako. Nolanahi ere, adierazi behar, lurreko marka urdinak pintatu arren sistema berria ez dela momentuz, abian jarriko, parkimetroak eta seinale guztiak jarri artean behintzat.
TAO jartzea PSE-EE eta PP taldeek aldeko botoekin, Bilduren abstentzioarekin eta EAJren kontrakoarekin onartu da. IU-Ezker Anitzako ordezkaria ez zen bilkuran egon. Txandaka erabili beharko ditugun 45 aparkalekuak hiru zonaldeetan egongo dira: valdespinako Markesa kaleak eta Zubiaurrek bat egiten duten lekuan, Karabixa eta Diputazio kaleetan. OTA aparkalekuan doan eta gehienez ordu betez egoteko aukera emango digu, goizeko 9etatik eguerdiko ordu 1etara bitartean, eta arratsaldeko 6etatik 8etara arte. Gidariok ordu bete baino gehiago aparkatzen badugu 50 euroko isuna izango dugu –azkar ordaintzeagatik %50eko hobaria izanik eta 25 eurotan geratuz-.Bigarren ordutik aurrera, isuna 100 eurokoa izango da. Honetan ere, deskontua izan dezakegularik azkar ordaintzen badugu.
Bildu taldeak hasieran kontra botatzeko asmoa agertu bazuen ere, azkenean, abstenitu egin zen, merkatari eta Zubiaurre plataforma deritzanaren kide den merkatariari ekimenaren aldeko iritzia eta argudioak entzun eta gero. Jeltzaleek kontrako botoa mantendu zuten “ez Zubiaurre oinezkoentzat jartzeagatik edo merkataritzaren aurka egoteagatik”, proposatzen den ‘ordu beteko TAO mugatu eta doakoaren kontra izanagatik, baldin eta 35.000 euro gastatzea suposatzen baitu”.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan