Euskara ikastea gure esku. Ermuan bertan aukera ezin hobea!
Iraila uda eta oporrei jarraiki datorkigu. Gauza on eta berri inguruko hausnarketa egiteko erabili ohi duguna. Denboraldi berriko jarduerak planifikatzeko unea: zaletasun, kirol, aisi, trebakuntza, ikastaro eta abar… Hizkuntzak? Noski, aukerakoa. Eskaintza zabala dugu eta horren barne, euskararena. Gurea eta propio dugun hizkuntzarena. Hori ikasi, sendotu edo hobetzeko aukera paregabea, gure herrian bertan. Aitzakiarik ez, euskarak merezi du, eta puntu! Oraingoan bai, ez etsi. Ez galdu aukera. Ermuan bertan, inora joan beharrik gabe, ordutegi zabala aukeran izanik, norberari egokitutako atentzioaz eta, noski, kalitatez. Galdetu; matrikulatzeko garaiz baitzaude.
Ermuko bi euskaltegiek hastear dagoen 2013-2014 ikasturterako matrikula zabaldu dute astean zehar. Matrikulazio aldia zabalik egongo da irailaren azkenera artean. Argibideak eta izen emateak zentro bakoitzeko idazkaritzan bertan egin daitezke. Udal Euskaltegiak jada kalean du eta banatzen hasi da aurtengo ikasturterako ezaugarrien berri ematen duten orria. Aurtengo kanpainarako leloa “emaiozu euskarari” da.
Bi euskaltegi ditugu Ermuan: udalarena Teresa Murgan, eta Kaltxango AEK-rena
Kaltxango AEK-k ere bere kanpaina prest du, aurkeztu berri du. “Euskara praktikoa” lelopean. Ikastegi biek eskaintza zabala eskaintzen dute. Iragarri dutenez EGA azterketa prestatzeko talde berezia sortzeko eta guraso, merkatari eta etorkinen talde bereziei eguerdiko eskolak emango dituzte. Euskaltegiek orotariko euskara ikastaroak eskaintzen dituzte 16 urteko gorakoentzat eta, eskaintza horren barne euskalduntze eta alfabetatzeko orotariko mailak daudelarik. Ikasleek matrikularen ordainketa bi zatitan egiteko eta bekak eta laguntza eskuratzeko aukera dute.
Jarraian eta lasterbidez herriko bi euskaltegien informazioa uzten dizuegu bakoitzaren informazio gunera lotura eginez. Ez izan zalantzarik, egin apustu eotrkizunaren alde!
Lotutako albisteak

Txindurri Dantza Taldeak eta Euskal Birusa Elkarteak antolatuta, udalaren laguntzarekin

Udal Euskara zerbitzuak eta Badihardugu Elkartiak aurkeztu berri dute, Estibalitz Gonzalezen eta Fernando Aranberriren lanarekin hornituriko baliabidea

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte