Kaltxangoko semaforoak zerbitzuz kanpo, matxuragatik
Kaltxango bidegurutzeko semaforoak zerbitzurik gabe daude atzo eguerdiaz geroztik, matxura baten ondorioz. Gertaeraren berri izan ondoren, Udaltzainek horrelakoetan ezarritako protokoloa abian jarri zuten: kaleko argien koadro elektrikoak begiratu zituzten, deskonektatuta zeuden babesgarri termikoak bere onera bueltatuz. Horrela egin arren, argindarra ezin izan zuten berreskuratu magneto termikoak saltatu egiten zutelako. Hortaz, semaforo sistemarik gabe geratu ginen.
Egoera horren aurrean, agenteek gure udalerrian semaforoan mantentzen dituen SICE enpresara deitu zuten. Enpresatik teknikari bat bidali zuten gurera, zeina arratsaldeko 5etatik iluntzeko zazpi eta erdietara bitartean lanean egon zen konponbide baten bila. Matxuraren jatorria bilatu bazuen ere, ez zuen sarea bere onera bueltatzerik ordezkatu beharreko piezarik ez zuelako. Horiek horrela, VI. Mendeurrena kalearen 1eko parean dugun semaforoa itzalita utzi zuen, matxuratutako pieza bertan baitzegoen, sarean dauden gainerakoak lanean utziz.
Matxuraren jatorria ermuko semaforoetan ezarrita dugun LED teknologian datza, ohikoetatik ezberdina eta hobea dena, hainbat gauzatan behintzat. Teknologia horren abantailaren handiena energia askoz gutxiago kontsumitzen duela da eta, hortaz, ingurumenerako mesedegarria. Alde txarrean, berriz, teknologia ahulagoa dela eta hezetasunak kalte handia egiten dioela, honako kasuaren euriaren ura izan baita eragilea.
SICE enpresako langileek matxurari aurre egiteko lanean ari dira goizean goizetik. Adierazi digutenez, arratsalderako semaforoen sarea prest eta lanean izango da.
Udaltzain agenteak goizean goizetik Kaltxangoko zebra bidean pasoa ematen jardun dute, batez ere, Ongarai auzoko eskolotara sartu eta irten aurreko orduetan, ikasle gazteek seguru pasa zitezen.
Izan ere, euria izaten den egunetan arazoak gehiagotu egiten dira herrian eta Udaltzainek herriko leku ezberdinetan aritu behar izaten dira trafikoari nahiz oinezkoei babes ematen. Agenteek lan-jardunaren gehiena kalean eman arren, ezin dira leku guztietara aldi berean izan, hortaz, semafororik ez dagoenean eta automobilez nahiz oinez dabiltzan herritarrei arreta areagotzeko eskatu dute, istripu eta ezbeharrik gerta ez dadin. Seinale bertikalen ezean, lurreko marka eta seinaleak lehentasuna dutela gogoratu behar.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan