…20 urte ez da (nahikoa) denbora…

22.11.13
Ingurumena

Horrela dio tango oso ezagun bat, 1935ean Alfredo Le Perak letratutakoa eta Carlos Gardelek mundu zabalean ezagun egin zuena. Abestiak hitzez honakoa dio …”sentir… que es un soplo de vida, que veinte años no es nada, que febril la mirada,…(sic)”. Baliteke, baina gainerako gauza guztiak bezala, erlatiboa da. Gauzak aztertu eta kontsideratzeko neurri edo moduaren baitakoa da. Epe motza da, gizateria edo humanitateak egindako ibilbidearekin alderatuta. Aldiz, gizakion hogei urte kontutan hartzekoak badira: bataz beste pertsonok laurogei urte inguru bizi ohi dugunez, laurdena. Kopuru hori jarduera baten ibilbidea erakusten duen tartea bada, mugarritzat jo dezakegu. Hori da, hain zuzen ere, Ingurumen Heziketako Udal Zerbitzuaren kasua, koherentea eta aintzat hartzeko modukoa. Zerbitzua 1993an hasi zen, ikastetxerik ikastetxe ibili eta zeharkako izaeraz, bertan Lehen Hezkuntzan eta 6 urtetik 12 bitarteko ikasle guztiak parte hartuz, ikasturteko bataz bestekoa mila ikasle izanik.

Urteurrena ikasturtean zehar egindako hainbat jardueren bidez gogoratu izan badugu ere, ospakizunei amaiera emateko, atzera begirada egiten duen erakusketa antolatu da, ingurumen tailer eta jardueretan parte hartu duten guztiekin partekatu ahal izateko helburu. Erakusketa horrek aukera emango digu denbora tarte hori eta egindako lana bere dimentsio eta osotasunean kontsideratzeko. Panel tematikoen bitartez denbora horretan ingurumenarekiko sentiberatasuna areagotzeko landu izan diren gaiak eta horretan erabilitako material ikusi eta ezagutu ahal izango ditugu, naturako baliabide eta ingurumenarekiko errespetu gehiagoz aritu gaitezen.

Gaikako hamar panel, argazki eta grafikoak aste bete egongo dira Lobiano Kulturgunean

Erakusketa Lobiano Kulturgunean egongo da, hori azaroaren 25eko astelehenean zabalduko eta 29ko ostiralera bitartean mantenduko. Aste horretan banaka, familia kideekin bat edo taldeka –eskolentzat bisita gidatuak egingo baitira- bisitatu ahal izango dugu. Materiala bi erakusketa gelatan banatuko da, horiek jendearentzat zabalik izango direlarik arratsaldeko seietatik gaueko zortzi eta erdietara bitartean. Erakusketa erraz ikustekoa da, oso bisuala izango baita, tailer eta gelatan egindako saio eta txangoak erakutsiko baitigu. Hamar panel handi izango dira A0 tamainakoak (1,40 x 1 metrokoak), euskaraz eta gaztelerako testuez jantzitakoak, argazki eta irudi askorekin. Horietan oinarriturik gurasook ezagutu ahali zango dugu gure seme-alabek zerbitzuko tailer eta eskola horietan ikusi eta ikasitakoa.

Erakusketaren berri emateko espresuki kartel bat argitaratu da, horri jarri izan zaion leloa “Etor zaitez eta aurkitu zure burua” da. Berarekin keinua egin eta amua bota nahi zaigu bi hamarkada horietan jardueretan parte hartu izan dugun guztioi. Begi-keinu horri jarraiki aukera izango dugu 20 urteei errepasoa egiten dien materiala ikusteko, denboraren eraginez jasandako garapen eta aldaketak ikusi eta horietaz jabetzeko. Hainbatek orain urte batzuk atzera haur ziren, nerabe geroago eta pertsona helduak gaur egun, eta guztiek esperientzia positiboen bidez ingurumeneko sentiberatasuna landu zutenak dira, natura errespetatzen ikasteko eta gure bizitzara ekartzeko. Zerbitzuan betidanik diharduen Isabel Prieto hezitzaileak esan digunez, oroitzapen eta gauzarik baliagarriena berarentzat “ibilitakoen irribarrea hainbat gauzak deskubritzen dituztenean jarritako harridura aurpegiak dira; esaterako zapo arrautzen forma eta testura; edo anemona zer den, edo gurasoei ontziak jaso eta birziklatzera eraman behar dituztela modu adoretsuan esan eta arrazoiak azaltzen diotenean”.

Panelak azken bi hamarkadan landu eta ukitutako gaiak ondoren zerrendatutakoak dira:

  • Kostaldeko ekosistema. Azterkosta Coastwach
  • Energia berriztagarriak, jasangarritasunaren oinarri
  • Kontsumo jasangarria eta hondakinak
  • Gure inguruko hegazti eta txoriak
  • Ekosistema bateko zuhaitz, zuhaixka eta landareak
  • Toki agenda 21 local eta eskolakoa
  • Mugikortasuna eta eskolako bidea
  • Meteorologia klimaren aldaketa
  • Hirigintza eta ingurumena Ermuan
  • Errekaren ekosistema. Ego eta Deba ibaiak

Laburbilduz egindako ibilbideaz hausnartzeko aukera paregabea: nondik eta noiz hasi ginen sentiberatasuna areagotzeko lanetan, gure eguneroko jarduerak harik eta aztarna txikiena utzi dezaten ingurumenean, planeta dagoenean utz diezaiegun gure ondorengoei. Eta baita ere, nolakoak ginen eta jasan dugun garapena alderatu ahal izateko. Guztiaz, gozatuz, gainera.

Lotutako albisteak

Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da
Imagen
21.03.25
Itzali argia. Planeta defendatu

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara
Imagen
13.03.25
Edukiontzi marroia txartel berriarekin edo App aplikazio batekin bakarrik ireki ahal izango

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko