Anna Freixas Farrék hitzaldia emango du, Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunen barne
Aukera Berdintasun Sailak eta Kontseiluak Anna Freixas Farré idazlea gonbidatu dute gure herrira etor dadin. Anna psikologoa eta Kordobako Unibertsitateko irakasle jubilatua da, baita gerontologoa, feminista eta idazlea. Bartzelonan jaio bazen ere Kordoban bizi da eta batez ere emakumeen zahartzaroren, sexualitatearen eta hezkidetzaren inguruko gaiak lantzen ditu. Annaren hitzaldiari jarri zaion titulua ondorengoa da: “Kupido eta Eros, harreman konplexua. Amodioa eta sexualitatea bizitzaren bigarren zatian”. Hitzaldia Lobianon izango da, martxoaren 6ko ostegunean, arratsaldeko 6etatik aurrera. Sarrera doan eta librea da. Nolanahi ere, bizitzaren bigarren zatian dauden emakumeentzat pentsatuta dagoen nagusiki, hau da berrogeita hamar eta pikutik gorakoentzat.
Annak "Tan frescas: las nuevas mujeres mayores del siglo XXI" tituluko liburua kaleratu berri du, horri hitzaurrea Rosa Regásek egin dioelarik. Liburu hori udal liburutegian dugu , gure esku. Autoreak lan horrekin agerian jarri nahi izan du gure gizartean edadeko emakume berri bat dugula: “rock and roll” eta feminismoaren alabak izan zirenak, alegia, egun hirurogei, hirurogeita hamar eta laurogei urte dituztenak. Horren kideek emakumeei jarri zaizkien muga eta molde ugari hautsi dituzte; independenteak dira, aktiboak eta exigenteak eta adineko gozo eta neurrikoaren estereotipoak ez diete balio. Freixaren ustez pertsona zahartzen duena ideiak dira, ez gorpua, eta gure gizartean adinekoekiko jarrera negatiboa bizi dugula dio, darabilgun lengoaian eta guzti hori ageri dugularik.
Hitzaldira joaten diren ikus-entzuleek autoreari liburua sinatu eta dedikatzeko eskatu ahal izango diote, baldin eta alea eramaten badute.
Annak bere lanetan izena jartzen dio gure gizartean emakume helduak bizi dituzten egoera berri eta agortzen ez diren gaiei, talde zabala baitira eta aurreko belaunaldietan ez bezala, bizitza aktibo eta kreatiboa mantentzen baitute. Bere testu eta hitzaldiak gizartean batez ere edadetuentzat –eta bereziki emakumeentzat- ditugun tabuak hausten laguntzen dituzten.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan