Hiri-antolamenduko Plan nagusia: gu guztion eta guztientzako plana
Ermuko Udalbatzarrak udalerriko Hiri-antolamendurako Plan Nagusia hasierako izaeraz onetsi berri du PSE/PSOE, PP eta EAJ/PNV taldeen aldeko botoekin, BILDUren abstentzioarekin eta EA/IU ordezkariaren kontrakoarekin.
Zer da Plan Nagusia?
Udalak dira hiriaren benetako planifikatzaileak, eta Plan Nagusia da udal bakoitzak bere lurraldearen antolamenduan ezarritako helburuak betetzeko tresna. Planifikatzaileak esparru publikoa hartzen du erreferentziatzat, hiriaren egitura, bokazioa eta funtzionalitatea zehazteko.
Hori dela eta, udalerriaren lurraldea antolatzeko tresna da Plan Nagusia, eta epe luzean zehazten du lurzorua erabiltzeko eredua. Horretarako, lurzoruaren sailkapenean oinarritzen da, bai eta formulatzen diren plangintza-aukera guztien haztapen kualitatiboan ere, hirian batera egiten diren jarduera ugariak, haien antolamendua eta intentsitatea arautzeko.
Oro har, Plan Nagusiak hiriaren bilakaeraren eta lurzoruaren okupazioaren estrategia ezartzen du udal-barruti osoan. Hortaz, uda-barrutiko lurzorua sailkatu (hiri-lurzoru, lurzoru urbanizagarria eta urbaniza ezina) eta, gainera, erabilera orokorreko guneak kalifikatzen ditu, erabilera nagusiaren arabera.
Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian eraikigarritasun maximoak zein diren adierazten du, eta biztanleen ongizaterako hornidura egokiak zein diren; lurzoru urbaniza ezinari dagokionez, haren babesarekin bat datozen erabilerak zehazten ditu.
Birgaitu beharreko esparruak mugatu, eta udalerrian urbanizatutako eta eraikitako ondarea babesteko arauak ematen ditu; halaber, lurzoruaren erabilera arautzen du, bai eta hartan egin daitezkeen obra-mota guztiak baimentzeko baldintzak ere.
Ermuaren hazkundea planifikatzea da helburua; azken finean, hiria eraikitzeko, hiriaren hiri-hazkundea antolatu eta ordenatzeko. Horri eskerrak, hiri osoa harmoniatsua izango da, eta integrazio eta kohesio handiagokoa, eta esparru publikoak kalitatezkoak, adeitsuak eta bizitzeko egokiak izango dira Ermuan bizi garen pertsona guztiontzat. Baina, batez ere, garapen iraunkorreko eredu bat finkatu nahi du Plan Nagusiak; lurzoruaren erabileraren egungo egitura hobetuz, ingurumena eta ingurumen- eta paisaia-balioak zaindu eta babestu nahi ditu, hurrengo belaunaldientzat.
Ermua denon artean eraikitzeko, informatu
Animatu nahi zaitugu Ermuko Hiri-antolamendurako Plan Nagusia berrikusteko irekitako prozesuan aktiboki parte hartzera. Horretarako, Ermuko biztanle guztiok aldizkari bat jasoko dugu etxean, eta hartan, Ermuko Hiri-antolamendurako Plan Nagusi berrian aurreikusitako esku-hartze nagusiei buruzko informazioa aurkituko dugu.
Halaber, animatu nahi zaitugu antolatuko diren erakusketetara; haietan, informazio grafikoa eta oso xehatua lortu, eta Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Nagusi berriaren ikuspegi osoa izango duzu.
Ermuar gu guztion iritzia oso garrantzitsua da, azkenean ontzat emango den Plan Nagusiak herritarren ekarpen asko izan ditzan. Horrek bermatuko du etorkizuneko hiria denontzat izatea eta denok haren zati sentitzea, nork bere harri-koskorra ekartzeko aukera izango duelako, Ermua denon artean eraikitzeko.
Zure esku dago, informatu eta parte hartu!
Lotutako albisteak

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian

Zure iritzia garrantzitsua da! Erantzun inkestari eta parte hartu saio irekietan

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena