Uraren prezioa ez da igo. Eredua aldatu dugu gehien kontsumitzen duenak gehiago ordain dezan

14.03.14
Erakundea

Aurtengo lehen bi hilekoari dagokion uraren fakturak bazterrak harrotu, abonatuen artean eztabaida eragin eta polemika eragin du herriko iritzi publikoan. Erreakzio hori ulergarri da eta bere oinarria du hainbat inguruabar gertatu izanean aldi berean, udaletik ez baitugu jakin horiek guztiak aldez aurretik behar bezala azaltzen jakin. Azken egunotan Abiapuntu, Aquarbe, KIUBak, eta udaleko Bulego Teknikoak eta ekonomikoak hainbat herritar hartu dituzte tarifaren egituran egin den aldaketaren inguruko azalpenak emateko.

Gaur argitaratzen dugun oharraren bidez egun gauden lekura ekarri gaituzten erabakien inguruko azalpenak eman nahi ditugu, honen ondoren eta osagarri izango diren hainbat oharretan ‘uraren prezioa zertan datzan’ azaltzen ahaleginduko garelarik.

Ura fakturatzeko irizpidea aldatzeko erabakia Udalbatzarrak hartu du

Aurten aplikatzen diren Ordenantza Fiskalen –tasak nahiz zergak- eguneratzea edo aldatzea onartu zuen Udalbatzak urriaren 30ean egindako Osoko Bilkuran. Ordenantzen artean edateko uraren horniduragatikoa dago, zeinak aldaketa garrantzitsuak izan dituen, kontutan hartu behar ditugunak.

Orain arte izandako Ordenantzan abonatu guztiek bi hilabeterako gutxienez 26m³ izatearen eta guztiak berdin ordaintzearen irizpidea –kopuru hori erabili ala ez ordaindu behar genuelako- ez justutzat jotzen zuten herritarren aldarrikapena izan dugu Ermuan. Irizpide horren zergatia duela 25 urtetik datorkigu, orduan etxe, denda eta enpresa guztiek ur kontagailurik ez genuenean eta, ondorioz, abonatu bakoitzak erabilitakoa zenbat zen zehazterik eta bakoitzari bere kontsumoa kobratzerik ez genuenean. Horregatik guztiarengatik, abonatu bakoitzak ur korronte, kontrolatu eta edangarria izateagatiko kostuari denon artean aurre egitea eta hainbanatzeko erabakia hartu zen. Hau da, abonatua dagoen lekuan bertan ura noiznahi erabiltzeko gai edukitzea kostatzen denari aurre egiteko tasa ezarriz, horren erabiltzaileak mantendu beharrekoa.

Abonatu bakoitzak sarea mantentzeko kostua eta gure kontsumo erreala ordainduko dugu

Baina zerbitzuaren kostua guztion artean solidario eta unibertsalki ordaintzearen irizpidea justua al da? Erantzuna ez borobila da. Ez da justua guztiok muga bihileko 26m³ gutxieneko kopuruan edukitzea (bakarrik bizi den adineko pertsonak bi hilabeteetan 7m³ baino gutxiago kontsumitzen baititu, salbuespenak salbuespen) eta aipatu kopuru hori denok ordaindu behar izanak, egoera are injustu eta okerrago izanik hori baino gutxiago kontsumitzen dutenek, nahiz eta berdin ordaindu beharko horiek ere.

Eta oraindik are okerrago guztiontzat erabili ez dugun –gehiengoaren kasuan- eta ur ziklora bueltatzen ez den ur kopuruagatik estolderia kontzeptuari dagokiona ere ordaindu behar izatea.

Horiek horrela, zergatik mantendu irizpide zahar hori eta ur gutxien kontsumitzen dutenen lepo utzi mantenua eta gehiago kontsumitzen dutenen zatia? Zentzuari jarraiki bakarrik bizi den pertsona bakar baten etxean ez litzateke ur gehiago gastatu behar lau bizi direnen etxean baino. Zirkunstantziak hainbat eta oso desberdinak dira, gure gizartean aldaketa franko gertatu dira eta horiek familien egitura eta konposizioari ere eragin diete (gurasobakar, bakarrik geratutakoak, eta abar…)

Ordainketa are eta justuagoa izateko, gainera, etxebizitza eta familia unitate bakoitzeko kideak kontutan hartuko ditugu Biztanle Erroldan jasotako datuei jarraiki. Gaurko egunean herritar guztiek ur kontagailuak ditugunez, horiek irakurtzea edo jartzen dituen datuak ematea posible dugunez gero, aurrera pausua ematea, tarifa aldatzea eta kontsumo errealak kobratzea erabaki dugu.

Horregatik, tarifaren egitura aldatzea erabaki dugu –kontzeptu berberak birbanatuz- prezioak zeuden horretan utziz, berberak izaten jarraitzen dutelarik, alegia 0,66 euro metro kubikoko eta 1,05 euro 1. tartean ezarritako kopurua gainditzen duen metro kubikoko.

Erabakiaren oinarri eta xedea mantenua ‘sozialki justuagoa’ izatea da, zerbitzua mantentzearen kostuaren zati txiki bati guztiok eutsiz eta bakoitzak kontsumitutakoagatik besterik ez ordainduz, ingurumenarekiko jasangarriago izanik eta arrazoizko erabilera egin eta gutxiago kontsumitzen dutenen mesedetan.

Aurtendik aurrera “gehiago ordainduko du, ur gehiago erabiltzen duenak”, aplikatuko diren irizpide nagusiak zentzua eta jasangarritasuna izango baitira. Horrez gain, ura kudeatzen duen enpresa esleipendunak zerbitzua emateko baldintzak arautzen duen erregulamendu berria du, zeina aurtengo BAOren 2. zenbakikoan, urtarrilaren 3ko alean, argitaratu zen eta, hori ere kontutan hartu beharrekoa dugu. Horren harira, esan behar zerbitzuaren esleipendunak enpresa barruko aldaketa eta xurgapenak direla-eta, izenez aldatu duela egun Aquarbe izanik denominazioa, nahiz eta horrek eraginik ez duen izan ez zerbitzuan ez eta langileriarengan. Ur zerbitzua publikoa izaten jarraitzen du eta horren titularitatea udal honena da, fakturan ikus daitekeenez udal ezkutua baitaramate.

Metro kubikoaren prezioa berbera da: 0,66 euro 1 tramoan eta 1,05 € hortik gorako kopuruarentzat

Tarifa sistema berriaren helburua ez da dirua biltzea, baizik eredua aldatzea gehien kontsumitzen duenak gehiago ordaindu dezan eta gutxiago gutxi erabiltzen duen pertsonak.

Hortaz, aurreko kantitate minimoa ezabatu egin da eta Europan emandako irizpideei jarraiki bi osagai kontutan hartzen dituen egitura jarri da: kuota finko bat eta kontsumoaren araberako kuota progresiboa, arrazoizko erabilera arduratsu bat bultzatzeko, berdintasun eta homogeneotasun irizpideak txertatzeaz batera.

Aldaketaren erabakia hartu aurretik zeuden hiru ereduak alderatu ditugu: minimoaren eta gain kontsumoa kuotarik gabekoa; kuotaren egitura eta kontsumo blokeak dituena eta etxebizitza bakoitzean erroldatutako pertsona kopurua kontutan hartzen duena, azken hau aukeratuz Ermuarentzat.

Ikerketa bat egin dugu eta aurreko urteko kontsumoak kontutan hartu ditugu. Euskadin kuota eta bloke egitura ereduan eguneroko kontsumoa 105 litro dira pertsonako. Ermuko etxebizitzan azken urtean erregistratutako kontsumoa 586.613 m³ izan zen. Datu horietan eta bataz bestekoan oinarrituta esan dezakegu ermuar bakoitzak egunero 99 litro kontsumitzen ditugula. Herriko etxebizitzen %33 3m³ hileko (bi bilerako 6m³) baino gutxiago kontsumitzen dutela estimatu dugunez, pertsonako eta hileko kopurua 3,5m³ ezarri dugu, hots pertsonako eta bi hileko kopurua 7 m³ hain zuzen ere.

Kontagailu kontserbatzeko atalean, aldiz, prezioa bai igo da, irakurketa automatikoa ezartzen joateko proiektua baitugu –kontagailuen datuak teknologiaz baliatuz zuzenean jaso ahal izateko- eta urtealdi bakoitzean parkearen %10 aldatzeko. Hori egiten dugunean datuak eta irakurketak hobera egingo dute, ez baita beharrezkoa izango etxebizitzetan sartzea. Gaur egun Ermuko kontadoreen %70 etxebizitza barruan ditugu.

Eguneko eta pertsonako 99 litroren kontsumoa dugu Ermuan

Tarifa berrian kontsumitzen dugun ura -mugatua den baliabidea- zenbatu eta fakturatzeko modua aldatu da. 2014tik aurrera ermuarrok, batetik, kuota finkoa ordainduko dugu eta, bestetik, kuota aldagarria benetan kontsumitu dugunagatik –metro kubiko bakoitzeko-, telefonoaren, gasaren edo argindarraren kontratuen kasuetan bezala.

Tramoen prezioak bere horretan mantendu ditugu, igoerarik gabe. Horrez gain, etxebizitzako kide kopuruaren aldagarria barneratu dugu, are justu eta berdintsuago izateko. Gure azken erreziboan dugun igoera bakarra 0,64 zentimokoa da, kontagailuaren kontserbazio kuota 1,20€tik 1,84€ra pasa baita.

Eta faktura horretan ezer adierazten ez bada ere, familia askori zaborraren kontzeptuan 2,60 euroren deskontua egin zaigu, bosgarren edukiontzia –marroi kolorekoa- etxean eduki eta erabiltzeagatik.

Lotutako albisteak

Imagen
21.05.25
drOp proiektuari buruz hausnartzeko eta emaitzak aurkezteko ekitaldia

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian
Imagen
21.05.25
Gu guztion lana da Ermua jasangarriago egitea

Zure iritzia garrantzitsua da! Erantzun inkestari eta parte hartu saio irekietan
Imagen
19.05.25
2026ko Aurrekontu-partehartzaileen ‘Ermuak Erabakitzen du’ prozesuko bozketa zabalik

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena