Haur eta Gazteentzako Liburuen nazioarteko eguna
Apirilaren 2an, Hans Christian Andersen daniar idazlearen jaioteguna dela eta, IBBYk (International Board on Books for Young People) Haur eta Gazte Liburuaren ospakizuna bultzatzen du kalitatezko haur eta gazte liburuak eta irakurzaletasuna haur eta gazteen artean sustatzeko asmotan.
Ermuko Udal Liburutegiak egun hau berarekin senidetuta dagoen Belgikako Tielt-Winge liburutegiarekin elkarlanean ospatuko du. Horretarako bi herrietako umeen argazkiz osatutako poster bat argitaratuko du. Argazkietan umeek beren liburu kuttunak erakutsiko dituzte. Honez gain aurreko urtean bi liburutegietan gehien irakurritako liburuen inguruko txostena argitaratuko du. Posterra, apirilaren 2an, asteazkena, Udal Liburutegian jarriko da.
Gainera, liburutegi hauek bideo bana argitaratu dute, non umeek euren liburu kuttunak aurkeztu edo liburutegiko zerbitzuekin daukaten harremana adierazten duten. Ermuko liburutegiko bideoan ikastetxe desberdinetako ikasleek parte hartu dute eta aurkezpenak gazteleraz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez egiten dituzte. Bideoak bi liburutegietako webguneetan ikusgai egongo dira.
Liburutegiak ikastetxe, ikasle eta euren gurasoei parte-hartzea eskertu nahi du, beraien laguntzarik gabe ezin bailuke argitaratu ez posterrik ez bideorik.
Lotutako albisteak
Sei saio egingo dira; 3 ingelesez eta 3 euskaraz
Liburutegiak bigarren deialdi honetarako izen-ematea ireki du, hilaren 28ra arte
Bata hiru eleduna, "Family Reading Time" eta, bestea gazteleraz, "Entre libros"