Tratu onen aldeko konpromiso sendoa jaietan ere bai!
Santixau jai nagusietako programak aurrera jarraituko du gaurkoan. Jarduerei hasiera emango diete gaur ‘Tratu onen aldeko Plataformak’ proposatu eta antolatutako bik. Lehena “Festa dezagun gaurdanik geroa” dokumentalaren emanaldia da, Lobiano Kultur Gunean arratsaldeko 5etatik aurrera. Emagineko kide batek dinamizatuko du saioa.
Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean eginiko dokumentala da honakoa eta herri desberdinetako talde nahiz norbanakoen bizipenetatik abiatuta egin da. Euskal Herriko jai ereduen erakusleiho txiki bat da, emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministatik abiatzen dena. Hala nola dokumental honetan ikusgai izango dira, jai batzorde anitzetan indarkeri sexistari erantzuteko sortu izan diren protokoloak, emakumeok plazara proiektua, indarkeria sexistarik gabeko txokoak, kontzientziaziorako eta prebentziorako mahaiak, talde feminista eta emakume elkarteek jaietan izaten duten presentzia eta faltaren berri ematea, Irun eta Hondarrabiko alardeetan edota Baztango mutil dantzen afera gatazkatsua, besteak beste. Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira eta norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute.
Ordu bete beranduago, 6etan ‘herriko plazan ‘photocall’ edo argazkiak ateratzeko eta tratu onen aldeko dugun konpromisoa argazki batez adierazteko aukera izanen dugu.
Gauez eta hamar eta erdietatik hasita, ‘Betty Soul’ taldeak kontzertua eskainiko du Valdespina Markesaren parkean. Jarduera Komite Internazionalistak antolatu du.
Lotutako albisteak
Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan