Nahiak errelitatearekin talka egiten duenean

19.09.14
Erakundea

Jazoera garrantzitsua izan dugu abuztuan Ermuko harrobian, gertakizunean inork minik hartu ez badu ere kalte materialak eman dira. Jazoerak ez du oihartzun handirik eduki zorionez abuztuaren erdian -16. egunean- gertatu zelako, ermuar gehienak oporretan zegoelako eta bertan inor lanean ez zegoelako. Udalbatzak gertaeraren berri zehatza jaso izan du aste honetan Osokora altxa eta Gai Orokorrak lantzen diren informazio batzordean. Izan ere, harrobi ohia itxi ondoren utzitako leku erraldoia urbanistikoki aprobetxatzearen inguruko aukeraz mintzatu baitira alderdi politikoak, gaia mahaigainean izanik. Horrez gain, harrobi ohi horrek utzitako arrastoa –bisual, fisiko eta aztarna- murriztu eta errekuperatzeko lanak gauzatzen izan da enpresa. Harria, harea eta beste lehengai batzuk ateratzeko enpresa lanean izan den urteetan, mendia baliabide mekaniko eta gogorrago diren bestelakoekin erosionatua izan da eta, jarduerak zonaldea minduta eta ahulduta utzi izan du.

Urko-Alde harrobia, zauri bat gure hiri-paisaian

1968tik 2008ra Cantera Urko-Alde S.L. enpresak garatu duen jarduera ekonomikoa, hormigoiak, motrailuak, asfaltozko aglomeratuak eta antzeko beste produktu batzuk fabrikatzeko harria atereaz, guztiz hondatuta utzi du espazio hori, zauri handi eta garrantzitsua izanik Ermuko lurraldean.

Leku zehatz batzuetan elementu geografikoek pantaila modura funtzionatzen dute, begi-lerroak oztopatuz edo desbideratuz, eta harrobiaren ikuspegia eragotziz, baina beste leku batzuetatik den dena ikusten da, paisaiaren beste elementu guztiak gailenduz.

Udalerriaren paisaia-multzoan duen inpaktua areagotu egiten da Okin Zuritik edo BI-2307 Ermua-Markinarako errepidetik zenbat eta hurbilago egon.

Bideak urratuz: harrobiaren jarduerari uzteko oinarriak

Kalte horri mugak jartzeko, 1985ko HAPOn ezarri zen jada ustiapenak ez zuela ordura arte okupatutako azalera baino handiagoa hartuko, 57.500 m2 alegia, argi eta garbi harrobiaren etorkizuneko jarduera baldintzatzeko eta behin betiko uzteko oinarriak finkatzeko.

Baina 1991 urtera arte Eusko Jaurlaritzako Industri, Energia eta Turismo Saileko Energia, Antolamendu eta Industri Zuzendaritzak, gaiaren eskumena duen administrazioa, ez zituen lehenengo neurri zuzentzaileak ezarri, geroago Ermuko HAPOn ezarriak.

Lehenengo oztopoa bidean

1995 urtean aldaketa garrantzitsu bat egin zitzaion harrobiaren jarduera atxikitzen den Meatzeen Legeari, eta ondorioz ustiapena egiten zuen enpresak lege horren C atalean sailkatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, harria ateratzeko lanari jarraipena eman ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak hala egin zuen, beharrezko lizentzia emanez.

Lizentzia horren kontra Ermuko Udalak beharrezko alegazioak aurkeztu zituen, baina Eusko Jaurlaritzak ez zituen onartu.

1996 urtean alkateak eta udal ordezkari batzuek bilera sutsuak egin genituen Okin Zuriko auzotarrekin harrobiaren jarduera erabat geldiaraztea lortzeko Udalak hartu beharreko neurriak adoste aldera.

Gatazka judizial luze eta konplexua

Alegazioak gaitzetsiak izan ondoren Ermuko Udalak prozesu luze eta konplexu bati ekin zion, non Udalak Eusko Jaurlaritzatik ezarritako neurri zuzentzaile guztiak betetzeko exijitzen baitzion harrobiaren enpresa ustiatzaileari, alegia: Ingurumen Inpaktuaren Azterketa eta Harrobiaren Berriztapen Plangintza egiteko, 1997ko uztailean, 1999ko urrian eta 2000ko urtarrilean.

Hala eta guztiz ere 2000ko otsailaren 10ean Eusko Jaurlaritzaren Industri, Energia eta Turismo Saileko Energia, Antolamendu eta Industri Administrazioko sailburuordeak Meatzeen Legeko C ataleko ustiapenen artean berehala sailkatzea onartu zuen Urko Alde harrobia. Ebazpen hori berretsi egin zen geroago 2000ko urriaren 5eko beste ebazpen batean, non Cantera Urko Alde S.L. enpresari aipaturiko otsaileko ebazpenean aitortutako baliabideak ustiatzen jarraitzeko baimena ematen zitzaion.

Administrazio-bidea amaituta, Ermuko Udalak Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren kontrako demanda aurkeztu zuen 2001eko urtarrilean, beste zenbait arrazoiren artean Ingurumen Inpaktuaren adierazpenik ez zegoela argudiatuz eta hori beharrezko betekizuna zela Eusko Jaurlaritzak baimena emateko, eta lizentziaren baliogabetasuna horrela bidezkotuz.

2005eko uztailaren 27an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 718/2000 administrazioarekiko auzien helegitearen inguruan 540/2005 epaia eman zuen, Ermuko Udalaren arrazoiak onartuz Udalaren aldeko epaitza emanez, eta Eusko Jaurlaritzaren Industri, Energia eta Turismo Sailaren 2000ko otsailaren 10eko eta urriaren 5eko ebazpenen baliogabetasuna adieraziz.

Aldeko lehen epai hori kasazioan errekurritu zuen Cantera Urko Alde S.L. enpresak Auzitegi Gorenaren aurrean, zeinak 2008ko apirilaren 29an epaia eman zuen kasazio-errekurtsoa aurkeztea ez zela bidezkoa adieraziz eta, ondorioz, lehen epaian adierazitakoa irmotzat joz.

Egun, nahi dugun hiria edukiko dugula amesten dugu

Behin harrobiaren harri-ateratze jarduera geldiaraztea auzibidean lortu ondoren Harrobiaren Berriztapen Plangintza berehala abian jartzea exijitu zuen Udalak –egun egiten ari dena-, espazio hori erabat lehenera ekartzea lortzeko, ingurumenaren ikuspegitik lehenengo, harrobiaren hormak finkatzea eta ezponden egonkortasuna bermatzeko, bai eta berori dagoen lurrarena ere, higagarritasun handia baitauka.

Orain tramitatzen ari den HAPOren Aurrerapenean harrobiaren espazioa berreskuratzen jarraitzea planteatzen da, bizitokitarako eta aisiarako, gure hiri-bilbearen espazio hori optimizatzeko. Erabilera horiek kasuan kasuko plangintza partzialen bitartez garatu beharko lirateke, HAPO behin betikotasunez onetsi eta gero.

Ez da ahaztu behar 634 Nazionalaren saihesbidea guztiz amaituta dagoenean kokaleku horrek posizio hobezina izango duela, zeren orduan, bai harrobia eta bai Okin Zuri, toki estrategikoak izango baitira espazio hori birmoldatzeko, auzo hori azkendu eta sendotuko duen bizitegi-hazkundeari lagunduz.

Garrantzitsuena: pertsonen segurtasuna

Dena den, HAPOk amesten dugun hiria zehazten duen arren, uholde-euririk egotekotan, harrobiko hegaletan tamaina handiko lur-jauziek ingurunean sor litzaketen arriskuak txikitzearren, HAPOn bertan gune horretako azterketa geotekniakoa egiteko beharra aipatzen zen.

Lehen arrisku potentziala zena, probalitate altuko arriskua bihurtu zen, urteko lehen hiruhilekoan burutu ziren analisi geotekniakoek, inguru horretako segurtasuna erabat bermatu arte, harrobiaren gunean inongo esku-hartzerik ez egiteko aholkua eman zutenean; horretarako, Udalak bere baliabide propioez aurre egin ezin dion oso inbertsio altua behar da.

Horregatik, HAPOren behin-behineko onarpenean, interes orokorrak babesteko koherentziaz eta erantzukizunez, harrobiko ezpondek eta inguruko hegalak erabat tinko izateko bermerik izan ezean, bizitokitarako edota beste motatarako inongo erabilerarik ez ematea hitzartu zen, garrantzitsuena pertsonak baikara.

Zoritxarrez, joan den abuztuaren 16ko larunbatean ikerketa geoteknikoan egindako aurreikuspenik txarrenak egia bilakatu ziren eta harrobiko goiko aldeko lautadako hegalean lehen lur-jauzia egon zen, bolumen handienetakoa. Hurrengo egunetan, intentsitate baxuagoko besteren bat egon zen.

Jasoeraren magnitudea ulertzeko, hainbat daturen arteko aldaera

Lur-jausia harrobiaren barruan izan da, zaharberritze lanetan langilerik ez zegoen momentu batean, eta herritarrentzako arriskurik ez dakarrena.

Lur-jausi honen tamaina hobeto ulertzearren 2012an Sakonan izan denarekin alderatzea besterik ez dago. Orduan, 10.000 m³ lur eta harri jausi ziren, 100 kamioi behar izan genituelarik hori dena jaso eta ateratzeko. Orain, lur-jausiak 133.744 harri m³ mugitu ditu, kopurua jaso eta eraman behar izatekotan 1.300 kamioiren baliokide dena, alegia.

Harrobiko goialdea eta hegalak ondo egonkortu arteko beharrezko lanen bitartez pertsonen segurtasuna bermatu artean, gune horretan inongo garapen urbanistikorik ez egitearen inguruan Ermuko Udalak hartutako erabakiaren zuzentasunez poztu bestetik ez dugu egin behar, beste alderdi politikoek babestu dituzten portaeren aurrean, demagogiatik eta zorroztasunik gabeko populismotik gertu izan direnak.

Ahots interesatuei kasu egin eta arduragabeki jokatu izan balitz, beharbada, gaur gertakizun triste bat izango genukeen, harrobian izandako lurjausi partzial barruan lurperaturik geratuko ziren pertsonentzako ondorio larriek eragindakoa.

Gaiarekiko zerikusia eta interesa duten hainbat agiri:

Lotutako albisteak

Imagen
23.05.25
Lobianoko Erabilera erregelamenduari buruzko kontsulta publikoa zabalik da

Herritarrok ekarpenak egin ahal izango ditugu datorren ekainaren 10era arte
Imagen
22.05.25
Zailtasun dituztenen etxebizitzak birgaitu edo egokitzeko eta etxeko ekipamendua erosteko laguntzak hasita

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera
Imagen
21.05.25
drOp proiektuari buruz hausnartzeko eta emaitzak aurkezteko ekitaldia

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian