Aldi bereko erabilera duten kale berriak zabalik, trafikoa nahiz erabilera berrantolatu ondoren
Probaleku, Valdespina Markesa eta Izelaieta kaleen birmoldaketa amaitu ondoren aste honetan zabalik eta erabiltzeko moduan izango dira. Atzokoan eta gaur goizean bertan seinale bertikalak jartzen aritu dira langileak, horietan adierazten delarik hiriguneko konfigurazio berria nola geratu den eta nola erabili behar dugun. Kaleon kontzeptu nahiz konfigurazioak aldaketak dakartza berekin eta moldatu egin beharko gara erabilera berrietara. Probalekuko sarreran gontz edo pibote hidrauliko bat dago, zeina momentuz ez den erabiliko Herritarren Segurtasunerako alorraren ustez ermuarrok erantzukizunaz erabiliko dugu kalea, oinezkoentzako orduak errespetatuz, gehiegikeriarik egin gabe. Aldi batean horrela utziko eta probatuko dute, erabilera errespetatzen ez bada, eguneko ordu zehatz batzuetan kalea itxita utziz.
Zer dira “koexistentzia edo aldi bereko kaleak”?
Bote lasterrean emandako definizioaren arabera honakoa izan liteke: trafikoak bateratzen dituzten bideak, mugikortasun modu ezberdinak elkarbizitza paketsuan egotea ahalbidetzen dutenak. Kaleko espazioa modu zibilizatuan partekatzen da, kalean egotea posible eginez. Horrelako bide moten artean plataforma bakarrekoak ditugu eta woonerf deritzaten motakoak. Horien guztien ezaugarriak ondorengoak dira: plataforma bakarra, trafikoa baretu eta abiadura moteltzeko elementuak izaten dituzte: hiri altzariak, zuhaitzak, aparkalekuak, haurrentzako jolas tokiak, eta abar…
Egindako aldaketaren arrazoietako bat hori izan da, aldi bereko kalean oinezko eta pertsonei protagonismo handiagoa ematen baitzaie, horrek trafikoa erabat ezabatzea suposatu gabe. Espazio horretan pertsonen babes eta segurtasuna lehenetsi egiten dira, ibilgailuen zirkulazioaren kaltetan. Horregatik, espaloiak eta bidea altura berdinean jartzen dira, muga arkitektonikoak ezabatu egiten eta zorua ez da ohikoa, gidariok horretan sartzeaz bat konturatu gaitezen ezaugarri bereziko eta abiadura mugatuko zonaldean gaudela.
Historikoki hiriak garatu izan ditugu trafiko eta zirkulazioari lehentasuna emanez eta automobilak pertsonen gainetik jarriz. Horren ondorioz, gure hirietan autoek ibiltzeko eta aparkatzeko lekuak nagusi dira, pertsonak paseatzeko, aisialdiaz gozatzeko, erosteko eta kaleko jardueraz gozatzeko soilik espaloiak ez ditugularik izan. Zorionez, egoera hori aldatzen ari da eta herritarrak gero eta sarriago eskatzen dugu espazio publikoak berrantolatzeko, paseatzeko edo oinez lasaiago eta seguruago ibil gaitezen, nahiz eta horretarako autoen zirkulazioa zertxobait baldintzatu behar izan.
Gidari garen pertsona gehienak, izan ere, ez ditugu mugitzeko, aparkatzeko eta gure abiadurarekiko mugarik eduki nahi izaten. Baina, galde diezaiogun gure buruari, lanbide izan eta profesionalak direnez gain, egunean zenbat ordu gara gidari? Bat, bi, hiru… Eta eguneko gainerakoetan… oinezkoak gara, ezta? Hortaz, zer eredu babestu edo sustatu behar dugu administraziotik? Kotxeak lehenesten jarraitu behar al dugu edo herri abegitsuago eta seguruagoak gu guztiontzat –gidari nahiz oinezkoentzat- izaten ahalegindu behar gara?
Kontu hartu beharreko aldaketa garrantzitsuenak
Helburu behinena Ermua bizitzeko herri erakargarriagoa egitea da, non ermuarrak paseatu, erosi eta kalean egiten diren ohiko gauzak egin ahal izan dezagun, kezka edo arriskurik gabe. Horregatik, minusbaliotasun edo mugitzeko arazoak dituztenentzat irisgarriagoa den herria egiteko ahaleginetan ari gara. Mota horretako erabiltzaile eta gidariek hiru aparkaleku erreserbatuak ditzte jada, Olaizola lurrindegi dendaren aurrean.
Aldaketa nagusiak ondorengoak dira:
- Probaleku oinezkoentzat izango da astelehenetik ostiralera arratseko 7etatik hurrengo eguneko 8etara bitartean. Eta baita larunbatetan, eguerditik aurrera. Inguruko garajeetako jabeek eta taxiek sartu ahal izango dira. Baita zama-lanak egitera datozenak eta, arauturiko ordutegiaren barne, TAO erabilerakoak.
- Sagarra tabernako kalera ezin izango da kotxerik sartu, garajeetara eta baimenduriko zerbitzukoak salbu.
- Zubiaurre 2-4an ezini zango da ezkerretara egin, Valdespina oinezkoentzat delako. Salbuespen gisa baimendutakoa keta minusbaliatuak sartu ahali zango dira. Norabidea aldatu egin da.
- Konbentukoa irteerarik gabeko kale itxia eta oinezkoentzat izaten jarraituko du, nahiz eta zama-lanak egiteko hornitzaileek erabili ahal izango duten. Konbentukoatik irtetean ezkerretara egin beharko da, Katxangorantz abiatzeko, Zubiaurre debekatua dagoelako.
- Izelaieta ere –erdia behintzat- oinezkoentzako izango da. Antzokira sartzeko zebra bidea izango du, Goienkalerekin lotzeko. Irulitxa aurreko zebra bidea ezabatu egin da.
- Iparragirre kaleak du aldaketa nabarienetako bat, orain jaitsi ordez igo beharko baita Abeletxerekin lotzen duen bide berrira artean. Modu horretan Izelaietako etxebizitza berrietatik 634-nazionalera lotura zuzena edukiko dugu, hiru gune osoa zeharkatu beharrik izan gabe. Iparragirre eta Santa Anako bizilagunek Goienkalera joateko bide berri hori erabiliko dute edo ostera Abeletxeko erresidentziara daramana, ondoren San Isidrotik jarraitzeko.
Jarraian pdf formatoan dagoen agiria uzten dizuegu, non ordenazio berriaren nondik norakoak eta egindako aldaketen zehaztasunak eta seinaleen kokapena jasotzen diren.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan