Al Pacinoren azkena eta ‘Walking on sunshine’ musikala ikusgai asteburuan Ermua Antzokian
Zine denboraldia amaitzear dago, baina irailera artean agur esan aurretik filma interesgarriak ikusteko parada emango diguten bi aste ditugu oraindik. Osteguneko zineklubean eta Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren kontrako Nazioarteko egunaren astean Sabine Bernardi zuzendariaren Romeos tituluko filma alemaniarra proiektatuko dugu. Lukas hogei urteko gaztea da, generoz aldatu duena, eta familiak sorbalda eman dioena. Duen laguntza bakarra Ine da, gaztaroko laguna eta lesbiana dena. Lukasek Fabio gay xarmagarria ezagutzen du eta maitemindu egingo da. Ez dio bere aldaketaz ezer esango, egia esateari beldur dioelako. Horregatik, korapiloa gero eta handiagoa egingo da. Romeos filma ausarta da, zintzoa, estetika antagonikoa nahita erakusten duena. Zine independentea da, amodio eta desamodioak gazi-gozoak direla erakusten duena, norbanakoaren joera sexuala edozein izanik ere. Romeos iluntzeko zortzi eta erdietan ikusi ahal izango dugu, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin.
Larunbatean eta zine komertzialaren tartean, arratseko zazpi eta erdietan Barry Levinsonek zuzenduriko La sombra del actor tragikomedia ikusi ahal izango dugu lehen aldiz. Zuzendariak Good Morning Vietnam, Rain Man edo Toys bezalako lan arrakastatsuak egin izan ditu aurretik. Philip Roth idazleak idatzitako eleberri batean du bere oinarria eta aktore protagonista Al Pacino da, kritikaren ustez aktore beteranoak inoiz baino lan hobea egin omen du. Simon Axler aktore bikaina da depresioan jausten dena, interpretaziorako talentua galduta sentitzen duenean. Magia berreskuratu asmoz bera baino gazteago den emakume lesbiana batekin abentura bat hasiko du. Filma harrigarri eta azkarra da. Komedia eta tragikomedia modu basatian uztartzen dituenak, Al Pacino aztoratua dago eta interpretazio gorena eginen du.
Asteburuko bigarren aukera Walking on sunshine musikal britainiarra izango da, 80. hamarkadako eta Mamma mia bezalako arrakasten bideari jarraitzen dio, horietan tramaren garapenak pisu garrantzitsua izaten duelarik. Maddie Raf mutil lagunarekin ezkonduko da eta hori prestatzeko lanean ari dela Taylor ahizpa gonbidatuko du ekitaldira, azken horrek eta bere mutilagunak elkarrekin erromantzea izan zutela jakin gabe. Walking on sunshine desinhibituriko filma da, musikaz nahiz komediaz gozatzeko aukera emango diguna, ikusleari denbora tarte ona eskaintzea besteko asmorik ez duena. Walking on sunshine larunbat gaueko 10etan eta igande arratseko zazpi eta erdietan ikusi ahal izango dugu.
Haurrentzako saioan eta igandeko 5etan La canción del mar film europar zoragarria ikusi ahal izango dugu. Lanak animazio film onenaren izendapena izan du Oscar sarien azken edizioan, hainbat jaialdietan bere kalitatea aintzat hartu izan delarik. Ben eta Saoirse bere aitarekin bizi dira kostaldeko faro batean. Umeak itsasoaren arriskuetatik babestu nahian, aitak amamaren etxera eta hirira bidaltzen ditu harekin bizitzera. Irlandako folklorean oinarritua dago eta lan oso bikaina da eta horretan bat datoz kritikari asko. Horren harira eta idatzi dituzten hainbat gauza dirqa ondoren laburbiltzen ditugunak; gaur egungo zine animatuaren eta ez animatuaren sekuentzia ederrenetakoak eskaintzen ditu. Inoiz egin den animaziozko filma dotoreenetakoa da. Adjektiboen artean ondorengoak bildu ditu: liluragarri, zoragarri, harrigarri eta xarmagarri. Filma ipar Amerikako estudio erraldoien sareetatik kanpo dago, baina ume guztiek gozatzeko aukera izan beharko lukete, izugarri merezi baitu.
Argibide gehiagorako, ikus Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan