Santixau jaiak normaltasunez ospatu direla azpimarratu du Udaltzaingoak
Amaitu dira aurtengo Santixauak, eta zenbait egunez jai giroan murgilduta egon ostean, uztailaren 24tik 27ra bitartean izandako jardueren inguruko balorazioa egin du Udaltzaingoak. Salbuespenak salbuespen, festak normaltasunez igaro direla adierazi du, eta herrira gerturatutako jendetza azpimarratu nahi izan dute agenteek. Jaiak asteburuan ospatu dira, eta horrek eragin du, hein batean, Ermura jende gehiago hurbildu izana. Guztien segurtasuna bermatzeko, segurtasun publiko eta zaintza zerbitzua sendotu egin da lanerako izan diren agente guztiekin.
Udaltzaingoaren txostenari so, azpimarragarriena hilaren 24aren eta 27aren artean izandako lapurreta kopurua da. Guztira, 17 diru-zorro (dokumentazioa eta dirua) eta 18 mugikor ostu dituzte gure herriko jaietan, eta auto batetik bi ordenagailu eramangarri ere lapurtu dituzte. Poltsen eta diru-zorroen lapurreten harira, lau pertsona inputatu dituzte. Bestalde, agenteek zenbait adingabe atzeman dituzte postuetatik salgaiak hartzen. Gainera, kalean topatutako sei objektu bildu dituzte Udaltzaingoaren bulegoetan.
Txostenean azaltzen denez, lau jai-egunetan zehar herritarren 170 dei inguru jaso dira, eta udaltzainek bi gatazka eten behar izan dituzte: aparkaleku baten inguruko bat, eta adingabeen eta barraketako langile baten arteko beste bat. Herritar edo bizilagunek adierazitako kexak ere artatu dituzte agenteek; horien arrazoien artean, kaleak zikinak egotea edo musika altuegi edukitzea, San Pelaio plazan izandako kontzertuak eta Aldapako botiloiak barne.
Hiri-altzariek edo ondasun pribatuek jasotako kalteen inguruan, azpimarratzekoak dira hilaren 25ean kristalak eta atzerako ispiluak hautsita agertu ziren autoak. Gainera, bai larunbatean, baita astelehenean ere, zenbait sarraila apurtuta agertu ziren, hala nola, Zearkaleko trasteleku batzuetan, gazteen lokal batean eta Okinzuriko garaje batean. Horien harira, bi gizonezko eta bi emakumezko inputatu dituzte.
Laguntza medikoa
Guztira, 30 ekintzetan parte hartu du Poliziak, babesa emanez, hala nola, txarangen desfilean, sokamuturrean eta kontzertuetan. Medikuen laguntza ere beharrezkoa izan da jaietan, baina ez dira esku-hartze asko behar izan. Larunbatean, hilaren 25a, bi pertsona artatu zituzten ondoezagatik. Igandeko bigantxetan, aldiz, bi zauritu izan ziren: batak konortea galdu zuen kolpe bategatik, eta besteak eskumuturra hautsi zuen. Biak Mendaroko ospitalera eraman behar izan zituzten. Jaietako azken egunean, astelehenean, barraken gunean pertsona bat zauritu zen, baranda batetik erorita.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan