Irailetik abendurako programa aurkeztu du Ermua Antzokiak
Abuztuan ongi merezitako atsedena hartu ostean, irailean kolore eta gustu guztietarako ekitaldiz beteta etorriko da Ermua Antzokia. Kultur agenda anitza osatu du aretoak, eta kontzertuak, umorezko bakarrizketak, operak eta haurrentzako emanaldiak izango dira ikusgai, besteak beste.
Opera emanaldi batek estreinatuko du programazioa, irailaren 18an eskainiko baita Verdiren Otello obra ezaguna. Ez da datorren hilabetean izango den ekitaldi bakarra; hilaren 25ean, Enrique San Francisco umorista famatuak "Enriquecido" bakarrizketa ekarriko du geurera.
Musika izango da nagusi urrian, Vanesa Martinen kontzertua, "La flauta mágica" musikala, Gonzalo Tejada Quarteten jazz kontzertua, "La Traviata" opera edo San Martin eguneko bertso jaialdia izango baitira.
Azaroan eta abenduan, antzerkiak eta musika emanaldiek beteko dute Ermua Antzokiko eszenatokia astebururo. "Al final de la carretera", "Kreditua", "La plaza del diamante" edo "Hiru txerritxoak" antzezlanez gozatzeaz gain, Julian Maeso Band, Danza Invisible edota Dixie Town taldeen musikak girotuko ditu urteko azken asteak.
Datorren hilaren 11tik aurrera eskuratu ahal izango dira ekitaldi guztietarako aldez aurretiko sarrerak, BBKko kutxazainetan edo Lobiano Kultur Gunean.
Zinea bueltan da Ermuan
Ermua Antzokiaren programan jasotako ekitaldi guztiez gain, zinea ere martxan jarriko da irailean. Zine-klub sesioan emitituko da denboraldiko lehen filma, "White god", irailaren 3an. Hileko lehen asteburu horretan bertan, "Elsa & Fred" eta "Aprendiendo a conducir" pelikulak ere eskainiko dira, zine komertzial gisa, eta "Asterix eta jainkoen egoitza", haurrentzat.
Azpititulatutako jatorrizko bertsioan eskainiko da "White god" film hungariarra. Drama horretan, araudi berri baten ondorioz, zerga handiak ezartzen zaizkie arrazakoak ez diren txakurren jabeei, eta animalia asko abandonatuta uzten dituzte. 13 urteko Lili bere Hagen maitea babesten saiatzen den arren, hark ere kale gorrian amaitzen du. Hagenek ikasiko du pertsona guztiak ez direla lagun onak eta, itxaropena galduta, txakurrek bat egingo dute gizakiei aurka egiteko, mendekua hartuz. Lili gerra eteteko gai den pertsona bakarra izan daiteke.
Guztiz bestelakoa da "Elsa & Fred" komedia erromantikoa. La Dolce Vita iturrian Fellinik sortutako momentua bizitzea amesten duen emakumea da Elsa; Fred, aldiz, guztia ongi egin duen gizon zintzoa da. Emaztea galdu ostean, erabat nahastuta sentitzen da, eta alabak lagunduta, beste etxe txikiago batera joaten da bizitzera. Bertan egingo du topo Elsarekin.
Azkenik, "Aprendiendo a conducir" komedia dramatikoan, Wendy Manhattango idazle bat da, eta bere senar-emazte harremana hausten doan heinean, gidabaimena ateratzea erabakitzen du. Horretarako, sij kastako Darwan errefuxiatu hinduak emango dizkio klaseak.
Ordutegiak, sarreren prezioak eta beste hainbat xehetasun jakiteko, Ermua Antzokiaren micrositera jo dezakezue.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan