Irailetik aurrera zinerik onena bueltan izango da Ermuan

21.08.15
Ermua Antzokia

Ermua Antzokiko zinea irailean jarriko da berriro martxan. Zine-klub sesioan emitituko da denboraldiko lehen filma, "White god", irailaren 3an. Hileko lehen asteburu horretan bertan, "Elsa & Fred" eta "Aprendiendo a conducir" pelikulak ere eskainiko dira, zine komertzial gisa, eta "Asterix eta jainkoen egoitza", haurrentzat.

Azpititulatutako jatorrizko bertsioan eskainiko da "White god" film hungariarra. Drama horretan, araudi berri baten ondorioz, zerga handiak ezartzen zaizkie arrazakoak ez diren txakurren jabeei, eta animalia asko abandonatuta uzten dituzte. 13 urteko Lili bere Hagen maitea babesten saiatzen den arren, hark ere kale gorrian amaitzen du. Hagenek ikasiko du pertsona guztiak ez direla lagun onak eta, itxaropena galduta, txakurrek bat egingo dute gizakiei aurka egiteko, mendekua hartuz. Lili gerra eteteko gai den pertsona bakarra izan daiteke.

Guztiz bestelakoa da "Elsa & Fred" komedia erromantikoa. La Dolce Vita iturrian Fellinik sortutako momentua bizitzea amesten duen emakumea da Elsa; Fred, aldiz, guztia ongi egin duen gizon zintzoa da. Emaztea galdu ostean, erabat nahastuta sentitzen da, eta alabak lagunduta, beste etxe txikiago batera joaten da bizitzera. Bertan egingo du topo Elsarekin.

"Aprendiendo a conducir" komedia dramatikoan, Wendy Manhattango idazle bat da, eta bere senar-emazte harremana hausten doan heinean, gidabaimena ateratzea erabakitzen du. Horretarako, sij kastako Darwan errefuxiatu hinduak emango dizkio klaseak.

Marrazki bizidunentzat ere izango da tartea

"Asterix eta jainkoen egoitza" animazio dibertigarriarekin Kristo Aurreko 50. urtera egingo dugu jauzi. Julio Cesarrek menderatu ezin duen herri galiarra bere gain hartzeko plan bat onduko du: haien inguruan Jainkoen egoitza izeneko hiria sortuko du, luxuz eta erosotasunez josia. Honenbestez, Asterix, Obelix eta haien herrikideek ezingo dute haien aurka indarkeriaz egin, eta beste moduren bat bilatu beharko dute Cesarren tranpan ez erortzeko.

Ordutegiak, sarreren prezioak eta beste hainbat xehetasun jakiteko, Ermua Antzokiaren micrositera jo dezakezue.

Lotutako albisteak

Imagen
14.01.26
‘Aitatxo’; dolua seme edo alaba baten heriotzagatik

Ermua Antzokian ostiralean 20:30etan, euskaraz
Imagen
13.01.26
Ermua Antzokiak aste honetan ‘La Asistenta’ eta ‘Me has robado el el corazón’ proiektatuko ditu

Zineklubean ‘Kontinental’25’ eta haurrentzako saioan ‘Bob Esponja’ eskainiko ditu
Imagen
30.12.25
Zientzia fikzioa eta komedia beltza urte zinematografikoari hasiera emateko

Antzokiak ‘Avatar. Fuego y Ceniza’ eta ‘Homo Argentum' filmak proiektatuko ditu