Beldur Barik programak gazteentzat ikus-entzunezko lehiaketa prestatu du beste behin

17.09.15
Berdintasuna

Emakundek Beldur Barik programaren zazpigarren edizioa antolatu du; urtero egiten den ekimena da, gazteen artean indarkeria sexista saihestu asmoz. Programa horren barnean, izen bereko ikus-entzunezko lehiaketa aurkeztu da, 12 eta 26 urte arteko neska-mutilei zuzenduta dagoena.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada. Neska-mutilek ezberdintasun egoerei errespetuz, parekidetasunez, askatasunez, autonomiaz, elkarkidetzaz eta indarkeria sexista irmoki baztertuz aurre egiten dietela erakutsi behar dute. Parte-hartzaileak bi mailatan sailkatzen dira: 12 eta 17 urte artekoak, batetik, eta 18 eta 26 urte artekoak, bestetik. Lanak aurkezteko epea, banaka nahiz taldeka, azaroaren 11n amaitzen da, eta www.beldurbarik.org/participa webgunean bete behar da parte hartzeko eskabidea.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, kalitate teknikoa edo artistikoa baino gehiago baloratuko da mezuaren kalitatea eta eztabaidak edo gogoetak sortzeko gaitasuna, nesken jabekuntzatik eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.

Irabazleen izenak datorren azaroaren 28an jakinaraziko dira Amurrion ospatuko den Beldur Barik Topaketan. Bi kategorietan, 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia banatuko dira. Gainera, publikoaren saria eta ikus-entzunezko produkzio onenaren saria ere emango dira, bakoitza 300 eurokoa.

Instituzioen babesa

2009an jaio zen Beldur Barik programa, berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan; Ermua sare horri atxikita dago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDEL-en babesa eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EITBren laguntza jasotzen du.

Herri mailako lehiaketa Ermuan

Autonomia Erkidego mailan egingo den lehiaketaz gain, Ermuko Udaleko Berdintasun sailak herritarren lanik onenak sarituko ditu. Horrela, bertako gazteen parte-hartzea sustatu nahi da.

Oinarriak berdinak dira bi kategorietarako, eta hemen ikus daitezke. Kategoria bakoitzean irabazle bat izendatuko da, eta 300 euroko saria jasoko du. Sari banaketa Lobiano jauregian izango da azaroaren 25ean, eta Ermuko lehiakideen lanak ikusteko aukera izango da bertan.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan