Textia erronka eta Wayra Españako zuzendari Andres Saboridoren hitzaldia antolatu ditu Izarra Fundazioak
Tecnaliak, Textia enpresak eta Izarra Fundazioak erronka berri bat aurkeztu dute, espiritu ekintzailea duten negozio aukeren garatzaileentzat. Helburua negozioak eraikitzea da Varstiff teknologiatik abiatuta, edozein motatako industrian aplikagarria izan dadin, esaterako, automobilgintzan, kiroletan, ehungintzan edo osasunean.
Varstiff Tecnaliak patentatutako ehun adimentsu bat da, ezartzen zaion hutsaren arabera bere gogortasuna aldatzeko gai dena. Presio atmosferikoarekin, oihal bat bezalakoa da, forma ezberdinak erraz hartzen dituena. Hutsarekin, ordea, plastiko arruntaren pareko gogortasuna lortzen du. Prozesu horrek atzera buelta du, eta nahi adina errepikatu daiteke.
Erronkan parte hartu nahi duten pertsonek euren proposamenak urriaren 30a baino lehen bidali beharko dituzte inprimaki hau betez. Euren proiektuetan erabiliko duten teknologia hobeto ezagutzeko, datorren irailaren 21ean ate irekien jardunaldia ospatuko da materiala erakusteko.
Proposamenak jaso ostean, Batzorde Ebaluatzaileak lanik onenak hautatuko ditu azaroaren 24ko Demo Day-en aurkezteko. Ordura arte, Tecnalia Ventureseko lan-taldearekin garatuko dituzte euren proiektuak. Aipatutako Demo Day horretan, parte-hartzaileek elevator pitch formatuan aurkeztuko dituzte euren proiektuak balizko inbertitzaileen aurrean.
Gainera, Izarra Fundazioak honako sariak banatuko ditu:
- Lehen saria: 14.000 euro proiektu irabazlearen prototipoa garatzeko eta, produktua merkaturatuz gero, royaltyak. Royaltyak 4 urtez jasoko dira. Lehen bi urteetan, produktuaren/en fakturazioaren %4a. Hurrengo bi urteetan, produktuaren/en fakturazioaren %2a.
- Bigarren saria: 1.000 euro Izarra Centren enpresa plana eginez gero.
- Hirugarren saria: 500 euro Izarra Centren enpresa plana eginez gero.
Hitzaldiak Izarra Centren
Datorren hilaren 23an, asteazkena, Andres Saborido Wayra España enpresako zuzendariak Izarra Centre eraikineko instalazioak ikustera etorriko da. Wayra España Grupo Telefonicaren oinarri teknologikoa duten enpresa proiektuak garatzeko plataforma bat da.
Egunean zehar eraikina ezagutzeko aukera izando du Saboridok, eta arratsaldeko 17:30etik aurrera, auditorioan hitzaldi bat eta mahai-ingurua eskainiko ditu. Saborido Wayra España entitatearen zuzendaritzan duen esperientziaz arituko da, teknologia enpresa berriei edo startup-ei babesa emanez. Izarra Fundazioak eta Ermuko Udalak hitzaldira gerturatzeko gonbita luzatzen die herritar guztiei; sarrera librea izango da.
Formazio ikastaro berriak, prest
Erronkez eta konferentziez gain, Izarra Fundazioak formazio ikastaroak ere eskaintzen ditu. Datozen egunetan, Adobe Illustrator CS6 eta Adobe Dreamweaver CS6 programak erabiltzen ikasteko kurtsoak izango dira. Eskaintzaren laburpena, hemen:
- Adobe Illustrator CS6: logotipoak, liburuxkak eta mota guztietako publikazioak diseinatzeko erabili ohi den erreminta da.
- Irailaren 21etik 29ra, ostiralak izan ezik
- Ordutegia: 15:30etik 19:45era, eta azken egunean, 15:30etik 19:15era.
- Adobe Dreamweaver CS6: web diseinurako softwarea da, eta mugikorretarako aplikazioak eta webguneak diseinatzeko interfazea eskaintzen du.
- Irailaren 30etik urriaren 8ra, ostiralak izan ezik.
- Ordutegia: 15:30etik 19:45era, eta azken egunean, 15:30etik 19:15era.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena