Abian dira Aritzmendi pilotalekuaren estalkia aldatzeko lanak
Itoginak iraganeko kontu izango dira laster Aritzmendi pilotalekuan; izan ere, jada hasi dira estalki berria instalatzeko lanak. Cubiertas Pagola S.L. enpresa gipuzkoarrari esleitu zitzaion obra, eta 141.000 euro inguruko gastua izango du.
Lanen lehen fasea atzo hasi zen, ostegunean, eta estalkiaren barneko aldean babesteko eta erorketak saihesteko sareak jarri dira. Gainera, inguruko segurtasuna bermatzeko, eraikina hesitu egin da eta segurtasuneko barandak jarri dira estalkiaren fatxadari lotuta.
Estalkia aldatzeko, lehenik zerra-hagin formako xafla eta poliesterreko ‘V’ bakoitza moduluz modulu kenduko da. Jarraian, 30 eta 40 metroko erreten zaharrak kenduko dira eta sandwich erako eta polikarbonato zelularreko panel metalikoko plantxa berriak muntatuko dira.
Langileek egunean atal bat desmuntatuko dute, eta jardunaldia amaitzerako material berria ezarrita izango dute. Horrela, hego-mendebaldeko fatxadako ur-bilketarako erreten nagusia ez dute obraren amaierara arte aldatu beharrik izango. Horri esker, pilotalekuaren alderik delikatuenak babestea lortuko da, goiko solairuko bi gimnasioak, esaterako.
Erreten nagusia ordezkatzen denean, fatxada horretako ur-zorrot ezberdinen loturak egingo dira.
Estalkia une horretan lantzen ari diren tokian bakarrik zabalduko dute langileek; horrela, gainontzekoa itxita mantendu eta itoginak ekidingo dira.
Carlos Totorika Ermuko alkatearen hitzetan, hiriko kirol instalazioen egoera ezin hobea bermatzea eta kirolaren jardutea sustatzea da obraren xede nagusia, herritarrei kalitatezko instalazio egokiak eskainiz. Gainera, “Ermuan handitzen doan kirol eskaria tentuz erantzuteko, pixkanaka kirol instalazioetan inbertsioak burutzeko beharra” azpimarratu du.
Lanak hilabete eta erdian amaituko direla espero da.
Lotutako albisteak
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da