Mr. Holmes filmarekin amaituko da iraileko zine programazioa Ermua Antzokian
Iraila amaitzear dugu jada, eta azken txanpa honetan umorea eta intriga izango dira nagusi Ermua Antzokiko zine emanaldietan. Ostegun honetan, zineklub sesioan, Una nueva amiga film frantziarra ikusteko aukera izango da. 2014an estreinatu zen, François Ozonen zuzendaritzapean, eta tragikomedia ausart eta iradokitzailea da. Haurtzaroko lagunak diren bi emakumeren istorioa kontatzen du, eta bietako bat hiltzean, Clairek depresioa jasaten du. Geroago, ordea, hildako lagunaren senarrari buruzko aurkikuntza izugarri bat egiten du, bizitzeko gogoa berreskuratuz. Ostegunean eskainiko da filma, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, 20:30etik aurrera.
Zine komertzialean, asteburuko emanaldirik esanguratsuena Mr. Holmes izango da. 1947. urtera egingo dugu salto film honetan. Bertan, historiako detektiberik azkarrena muga fisiko eta psikiko handiak dituen edadetua da, baina 93 urte izan arren, kasu misteriotsu bat argitu beharko du. Sherlock Holmes pertsonaia ezagunaren irudi benetan harrigarria erakusten digu Ian McKellen aktore famatuak, Bill Condon zuzendari estatubatuarraren gidaritzapean. Mr. Holmes larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.
Asteburuko beste emanaldi indartsua Anacleto: agente secreto komedia espainiarra izango da. Javier Ruiz Calderak zuzendu du pelikula, eta Imanol Arias, Quim Gutierrez, Berto Romero eta Carlos Areces ditu protagonista. Krisi ekonomikoa dela eta, gainbehera etorritako eskola zaharreko ezkutuko agentea da Anacleto. Bere aurkaririk latzenari aurre egin beharko dio, eta laguntzaile bakarra oso azkarra ez den bere semea da; hura izan daiteke giltza, misioa porrota edo arrakasta izango den erabakiko duena. Vazquezek sortutako komikietako pertsonaian oinarrituta dago barrez lehertzeko moduko film hori. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.
Igandeko haurren sesioari dagokionez, Disney-Pixar ekoiztetxeen azken arrakasta eskainiko da 17:00etatik aurrera. Del reves (Inside out) 3D film izugarriari buruz hitz onak baino ezin dira esan: bisualki liluragarria da, sekulako umorea darabil eta istorio hunkigarriak kontatzen ditu. Arte lan hutsa, zalantzarik gabe. Galtzea bekatua litzateke.
Informazio gehiago lortzeko, jo Ermua Antzokiaren micrositera.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean