Musikaldia 2015, hasteko prest Ermuan
Urriaren erdialdetik hilaren amaierara arte, musika jaun eta jabe izango da Ermuan, Musikaldia 2015 ospatuko baita geurean. Mota guztietako hainbat ekitaldi izango ditugu datozen egunetan, guztientzat gozagarri.
Antzerkia eta “capella” musika eskutik datoz “La flauta mágica” antzezlanean. Dei Furbi konpainiaren obrak Mozarten izen bereko opera era askean moldatu du. Fikzio sinboliko handia da “La flauta mágica”, eta 2014an musika ikuskizun onenaren Max saria jaso zuen. Txantxa eta dibertsioa gustuko dituztenentzat gomendagarria da, umore dosi handiak gehitu baitizkio konpainiak obra honi.
Ikuskizuna ostiral honetan, urriak 16, 22:15etik aurrera antzeztuko da Ermua Antzokian, eta 75 minutu inguruko iraupena izango du. Sarrerak ohiko puntuetan daude salgai 10 euroren truke.
Larunbatean, hilaren 17a, musikak ez du etenik izango, eta bi kontzertuk girotuko dute arratsalde-gaua Ermuan. Batetik, Komite Internazionalistak antolatuta, Mexiko Rebelde jaialdia ospatuko da Orbe Kardinala plazan. 19:30etik aurrera, Mexicana Clandestina taldearen kontzertua izango da bertan.
Bestalde, 20:00etan, Gonzalo Tejada Quartet igoko da Lobiano Kultur Guneko eszenatokira, aretoa kontrabaxuaren soinuaz betetzera. Jazz laukoteak omenaldia egingo dio Norma Jeane Baker, Marilyn Monroeri. Proiektu horrek aktore famatuaren antzezpenik ezagunenak berreskuratu ditu, hala nola, “Kiss” edota “My heart belongs to your daddy”. Ikuskizun horretarako sarrerak jada salgai daude 8 euroren truke.
Opera nagusi Ermua Antzokian
Hurrengo asteburuan, heldu nahiz ume, guztiek operarekin gozatzeko aukera izango dute Ermua Antzokian eskainiko diren bi ikuskizunei esker.
Hilaren 23an, ostirala, Camerata Lirica konpainiak “La traviata” poltsikoko opera aurkeztuko du. Verdiren lan ezagunenetakoa da, eta azken ehun urteetan mundu guztiko eszenatokietan gehien antzeztu den opera da. Ikuskizuna 22:15ean hasiko da, eta sarrerak 10 euro balio du.
2015eko Musikaldiari amaiera emateko, “Opera abeslaria” haurrentzako musikala izango dugu urriaren 24an Deabru Beltzaken eskutik. “Tabako lehortegiko sekretuak” ipuinean oinarritzen da, eta opera abeslari baten arrakasta eta hondamendia kontatzen ditu modu entretenigarrian. Antzerkia, ipuina eta musika uztartzen ditu ikuskizunak, eta 60 minutu inguruko iraupena du. 17:00etan hasiko da Ermua Antzokian, eta sarrerak lau euroren truke daude salgai.
Lotutako albisteak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne