Errotabarriko taldeek emaitza positiboak izan dituzte asteburuan
Oinarri eta afizionatuen kirola, asteburuko aukera aproposa izan da, selekzioaren partidak zirela-eta futbol ligarik izan ez den asteburu luzean. Emakumezkoen Zilar eta Ohorezko mailan, Errotabarriko seniorrak bigarren garaipena lortu dute. Jada, bi partida jokatu eta gero lau puntu dituzte sailkapenean, partida bat gutxiago jokatu izan arren, bigarren daudelarik. Hasi besterik ez badute egin ere, bi itzuli izango baititu ligak, ondo eta zurrun hastea oso garrantzitsua da, beraiengan sinesteko eta konfiantza izateko. Imanol Alvarez entrenatzaileak, Twitterren bidez partidaren ondoren egiten zuen balorazio eta laburpena ondokoa zen: “2 partida, 4 puntu, helburutik lau pauso hurbilago gaude. Gure asmoa hobeto jokatzea bada ere, ez dugu ahantzi behar nortzuk garen eta nondik gatozen”.
Errotabarri taldeko seniorrek larunbat arratsean Bilboko San Adrianen kontra jokatu eta bisitariak mendean hartu zituzten, 33 eta 27. Partida gorabeheratsua izan zen, ermuarrak laster hartu zuten abantaila lehenengo ordu laurdenean 8 gol aurretik zirelarik. Atsedenaldian markagailua 21 eta 15 izan zen. Atseden hartu eta gero, bilbotarrek hurbildu egin zitzaizkien herrikoei eta urdiritasuna izan zen nagusi. Partidako azken hamar minutuak falta zirenean, ermuarrek soilik 3 gol gehiago bazituzten era, lasaitu eta markagailuko abantailari eutsi eta hori handitu egin zuten. Azken txirrina jo zuenean 6 gol gehiago edukiaz. Estatistikei begiratuta, azpimarra behar golegileak Ane Enzina, Itziar Horrillo eta Irene Oneca izan zirela, 10 (5 penaltiz), 6 eta 4 tantorekin hurrenez hurren. Kiroldegian 231 ikusle izan ziren, aktan jasotakoaren arabera.
Aste honetan, seniorrak Tenerifera joango dira, bertako C.B. Salud delakoarekin neurtzeko, larunbat iluntzeko zortzietan.
Bestalde, esan behar, Euskal Ligan diharduten Jubenilak eta Kadeteak ere asteburu honetan beren partidak irabazi egin dituztela. Biak GF Zuazoren kontra aritu izan dira, gorritxoen etxean, Lasesarre kiroldegian. Barakaldon ez da inoiz erraza izaten etxekoei gailentzea, talde sutsu eta gogorrak dituztelako. Nolanahi ere, orain honetan batek ez ezik biek irabazi zuten, kadeten markagailua 15 eta 20 izanik eta jubenilena, are laburragoa, 29 eta 31 azkenean. Bi taldeak Mikel Martin eibartarrak entrenatzen ditu. Jubenilak liderrak dira eta kadeteak hirugarren, sailkapen orokorrean.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke