Hastear dira hiru igogailu publikoen eraikuntza lanak

16.10.15
Hirigintza

Construcciones Olabarri enpresa bilbotarra astelehen honetan hasiko da San Pelaio, Aldapa eta Zerukoa kaleetako igogailu publikoak eraikitzeko beharrezko makineria kokatzen. Obrak maiatzean amaituko direla uste da, eta lanak hasi bezain laster, hainbat aldaketa egingo dira herritarron segurtasuna bermatzeko.

San Pelaio inguruan, espaloiaren zati bat itxi egingo dute zenbait edukiontzi kokatu ahal izateko. Dena dela, kale horretatik igaro ahal izango da, 22 zenbakiaren parean zebrabide berria margotuko baitute beharginek. Ibilgailuentzat bidea zabalik izango da, eta libre utzi beharreko lekuak zeintzu diren adieraziko du Udaltzaingoak. San Pelaio eta Aldapa lotzen dituen eskaileren goiko aldean eskailera metaliko bat ezarriko da, obrak dirauten bitartean pasabidea zabalik egon dadin.

Aldapa kaleari dagokionez, eskaileren aurrean dauden bi garaje partzela ezgaituta geldituko dira, obrako materiala uzteko erabiliko baitira. Gainera, segurtasuna bermatzeko, zonaldea hesitu egingo dute. Bestalde, goiko aldean, eskaileren barandaren zati bat moztuko da eta horman aldaketak egingo dira, ibilgailuak Ongaraiko plazatxora arazorik gabe igaro daitezen.

Aldaketa gehiago Zerukoan

Zerukoa eta Ongarai lotuko dituen igogailuaren eraikuntzak ere aldaketak ekarriko ditu datozen asteetan zonalde horretara. Kalearen amaiera, esaterako, moztuta izango da eta egunotan Udaltzaingoak seinaleztatuko eta afekzioak zeintzu diren berri emango. Eskailera mekanikoen irteeran, gainera, hesiak jarriko dira, eta bide berezi bat prestatuko da oinezkoak kaletik normaltasunez igarotzeko.

Bestalde, goiko bidea, Zerukoa eta eskolak lotzen dituena, itxita izango da lanek irauten duten denboran. Obrak burutuko dituen enpresa arduratuko da guztia behar bezala seinaleztatzeaz, eta Udaleko Alor Teknikotik bandoak zabalduko dituzte kaltetutako inguruetako bizilagunak ohartarazteko.

Lotutako albisteak

Imagen
02.02.26
Ongaraira igotzeko lehen arrapala mekanikoa bi egunez zerbitzurik gabe

Asteartea eta asteazkenean zerbitzutik kanpo egongo da mantentze lanak egiteko
Imagen
30.01.26
Imagen
23.01.26
Hirigintzak irisgarritasuna hobetzeko eta fatxadak birgaitzeko udal-dirulaguntzak abian jarri ditu

Eskabideak egoitza elektronikoaren bidez eta ‘Abiapuntu’ bulegoan aurkez daitezke, aurtengo azaroaren 30era arte