Gonzalo Tejada Quartetek Marilyn Monroe omenduko du Lobianon
Aurreko mendeko ikonoetako bat izan zen Norma Jean Baker, Marilyn Monroe izenez ezagunagoa, eta larunbat honetan omenaldi berezia jasoko du Lobiano Kultur Gunean. Izan ere, Gonzalo Tejada Quartet jazz taldeak kontzertua eskainiko du aktore eta abeslari famatua gogora ekarriz.
Gonzalo Tejada da taldeko burua, eta kontrabaxua joko du. Alboan izango ditu Mikel Andueza (klarinetea eta saxofoia), Roger Mas (pianoa) eta Iago Fernandez (bateria) musikariak.
Musikenen jazz kontrabaxuko eta errepertorio klasikoko irakaslea da Gonzalo Tejada, eta ibilbide oparoa egin du jazz musikaren munduan. Bere izenean lau disko kaleratu ditu: “Ziklo 1”, “En transito”, “Encore” eta “Norma Jeane Baker”.
Bihar Lobianon aurkeztuko duen kontzertu-omenaldian, Marilyn Monroeren antzezpenik ezagunenak gerturatuko ditu Gonzalo Tejada Quartetek, hala nola, “Kiss” eta “My heart belongs to daddy”. Monroeriz gain, aro oso bati eskainitako emanaldia izango da, pasatu den mendeko 40ko eta 50eko hamarkadari, hain zuzen. Bird, Hank Jones, Ben Webster edota Chet Baker musikarien doinuek eramango gaituzte garai hartara.
Kontzertua bihar, urriaren 17a, arratsaldeko 20:00etan izango da. Sarrerak 8 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan eta Kutxabanken webgunean.
Aurrerapen gisa, Gonzalo Tejada Quarteten azken diskoko abesti bat uzten dizuegu:
Lotutako albisteak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne