Asteburu arrakastatsua Aitor Hernandezentzat, bi garaipen eskuratuta

19.10.15
Kirolak

Aitor Hernandez (Specialized-Ermua Impulso) txirrindulari ermuarrak XI Circuito Diputacion de Burgos txapelketaren barne lehiatutako bi lasterketak irabazi ditu pasatu den asteburu honetan. Medina de Pomar eta Villarcayon ospatutako probak estatuko ziklokross txapelketako garrantzitsu eta prestigiotsuenetakoak dira.

Larunbatean jokatutako XII Ciclocross Ciudad de Medina de Pomar lasterketan, hasieratik amaierara jaun eta jabe izan zen Aitor Hernandez, eta bakarrik iritsi zen helmugara. Lauko taldea osatu zen hasieran, baina pixkanaka sakabanatzen hasi zen eta ermuarrak erasoa jo zuen, bakarrik iritsiz amaierara. Lasterketa erdialdera, minutu erdia baino gehiagoko errenta lortu zuen Hernandezek.

"Beti gustatu izan zait era honetako garaipenak eskuratzea, ederra da bakarrik iritsita irabaztea", adierazi zuen txirrindulariak helmugara heldu orduko. "Hasieran ez didate erraztasunik eman, baina ongi sentitu naiz eta oso gustura nago denboraldiko bigarren garaipena lortuta. Gainera, Medinako zirkuitua izugarri maite dut", gehitu zuen.

Bigarren proba, bigarren garaipena

Igandean, Aitor Hernandez eta bere taldea XIII Ciclocross Villa de Villarcayo probara gerturatu ziren, eta hemen ere irabazle suertatu zen, helmugara bakarrik sartuta. Bi garaipen horiek eskuratuta, sailkapen orokorreko irabazlea dela adierazten duen maillot morea darama ermuarrak.

Hernandezek ez zuen irteera oso ona izan Villarcayon, baina lidergoa lortzeko lehian izan zen hasieratik. Bigarren itzulitik aurrera, Ismael Esteban alboan, bien arteko norgehiagoka izan zen nagusi, harik eta buelta baten faltan, ermuarrak eraso eta ihes egin zuen arte. Horrela, 19 segundoko aldearekin iritsi zen helmugara.

"Nahiko lasterketa gogorra izan da, eta oso gustura nago lortutako garaipenarekin, iaz ezin izan bainuen irabazi", azaldu zuen Aitor Hernandezek denboraldiko hirugarren txapela eskuratu ostean. Specialized-Ermua Impulso taldeko txirrindulariak "lasterketa dibertugarria" izan zela aipatu zuen, eta "egunetik egunera indartsuago eta bizikleta gainean erosoago" sentitzen dela gehitu zuen.

Datorren igandean, urriak 25, Karrantzan lehiatuko da Aitor Hernandez. Aurten Euskadin jokatuko den nazioarteko proba bakarra izango da asteburu honetakoa.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Imagen
Personas usuarias en la instalación
31.10.25
Kiroldegiak neguko ordutegia izango du asteburu honetatik Aurrera

Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Imagen
14.10.25
Ermua: pertsona aktiboak, hiri osasuntsua

Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da