'El desconocido' eta 'Minusculos 3D', ikusgai asteburu honetan Ermua Antzokian

20.10.15
Ermua Antzokia

Asteroko moduan, zinea bueltan da Ermua Antzokira, eta ostegunean zineklubaren txanda izango da. 20:30etik aurrera, “Les Combattants” pelikula frantziarra emitituko da jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin. Thomas Cailleyk zuzendutako filma Landetako paisaia zoragarrietan grabatuta dago, eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, hiru Cesar. “Les Combattants” tragikomedia sendoa eta harrigarria da, eta generoen ohiko ikuspuntua eraldatzen du. Protagonista, Arnaud, uda lasaia bizitzen ari da familiarekin eta lagunekin. Laster, ordea, Madeleine ezagutzen du, ederra bezain zakarra.

Larunbatean zine komertzialak zabalduko ditu ateak, “Los exiliados romanticos” filma eskainiko baita 19:30etik aurrera. Jonas Truebak zuzendutako road-movie espainiarra da. Bertan, hiru lagunek, ageriko arrazoirik gabe, bidaiari ekingo diote. Itzaltzen ari den gaztetasunari azken astindua emateko edo gizonezkoen beherakada islatzeko izan daiteke bidea; dakiten bakarra da helburua euren burua harritzea eta bizirik sentitzen jarraitzea dela. “Los exiliados romanticos” film artisaua eta zintzoa da, magiaz eta xarmaz betea. Zerbaitegatik jaso zuen epaimahaiaren sari berezia Malagako zine jaialdian. Ermuan, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ikusi ahal izango da berriro.

Asteburuan proiektatuko den beste pelikula “El desconocido” thriller arrakastatsua da. Dani de la Torrek zuzendu du, eta Luis Tosar, Javier Gutierrez eta Goya Toledo ditu protagonista. Akziozko film bikaina da “El desconocido”, intrigaz betea, ausarta eta bizkorra. Luis Tosarrek antzezpen lan zoragarria bete du tentsioz beteriko pelikula honetan, eta alderdi teknikotik aparta da. Bertan, Carlos seme-alabak eskolara daramatzan bankaria da. Autoa martxan jarri bezain pronto, ordea, telefono dei bat jasotzen du, eserleku azpian lehergailu bat daramala esanez. Hortik aurrera, eskatzen diona egin beharko du. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da “El desconocido” ikusteko aukera.

Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera “Minusculos, el valle de las hormigas perdidas 3D” animaziozko filma eskainiko da. Mundu osoan zehar 10 milioi pertsonak baino gehiagok ikusi dute pelikula hori. Abentura epikoa da, ezustekoz, magiaz eta dibertsioz betea, eta gidoia borobila da. “Minusculos” baso bateko argigune lasai batean kokatzen da. Bertan utzitako piknik baten arrastoek guda pizten dute txindurrien bi triburen artean. Azukre kutxa bat dago jokoan, eta amona mantangorri adoretsu bat gerraren erdian.

Saio guztietarako sarrerak Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan edo Ermua Antzokiko leihatiletan (filma hasi baino 45 minutu lehenagotik) eskuratu daitezke.

Informazio gehiago lortzeko, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan