Abadiñon eta Karrantzan ere, Aitor Hernandez nagusi

26.10.15
Kirolak

Aitor Hernandez txirrindulari ermuarrak (Specialized – Ermua Impulso) asteburu arrakastatsua izan du beste behin, aurreko astean bezala, bi garaipen lortuta. Larunbatean, Abadiñoko pistan irabazi zuen, eta igandean, aldiz, Karrantzan. Horrela, jada bost garaipen eskuratu ditu aurtengo denboraldian.

Bakarrik iritsi zen helmugara larunbatean, II. Abadiñoko Udala Saria Ziklokrosean. Bigarren itzulian eraso egin ostean, atzean utzi zituen hurbilen zituen aurkariak, Javier Ruiz de Larrinaga eta Felipe Orts. Ibilbide lehorra eta azkarra izan zuten Abadiñon, eta irteera oso ona egin zuen Hernandezek: bigarren buelta amaitu aurretik lehen postuan kokatu zen, bere atzetik amaitu zuen Larrinagari gero eta tarte handiagoa ateraz.

"Hasieran ez da batere erraza izan, zirkuitua oso azkarra baitzegoen eta, gainera, Felipe Orts oso indartsu aritu da. Egunetik egunera maila altuagoa da, eta hori ona da, neuri ere hobetzeko gogoa ematen baitit. Bakarrik ihesean joan naizenetik, erosoen sentitu naizen erritmoaren bila ibili naiz, eta lasterketa neurea egiten saiatu naiz, erlojuaren aurkakoa izango balitz bezala", azaldu zuen ermuarrak helmugara iritsi ostean.

Podium batetik bestera

Igandean, Karrantzan jokatu zen lasterketa, C2 UCI mailako nazioarteko ziklokross honen XXIII. edizioan. Lehia handiko karrera izan zen, eta Felipe Orts 23 urtez azpiko txirrindulariak jo zuen lehenengo erasoa lasterketaren hasieran. Amaierarako lau itzuliren faltan, ordea, erritmoz aldatu zuen Aitor Hernandezek, eta abantaila areagotzea lortuta, bakarrik iritsi zen helmugara.

"Lasterketa dibertigarria izan da. Alternatiba asko izan dira, hasieran, batez ere, eta Felipe Orts oso indartsu lehiatu da. Bost segundoko tartea atera dit, eta urduri ez jartzen saiatu naiz, indartsuen sentitu naizen unean eraso egin dudan arte. Oso gustura nago laugarren urtez jarraian hemen irabazita, baina orain hurrengo helburuei begiratzeko momentua da", adierazi zuen lasterketa amaitzean.

Karrantzako lasterketaren zati bat ikus dezakezue honako bideoan:

Datorren astea Aitor Hernandezen agendan gorriz markatuta dator, Espainiako Kopa lehiatuko baita larunbatean Laudion eta igandean Muskizen. Lehenengo egunetik mailot horia janztea da txirrindulariaren helburua: "Lasterketa batzuk jarraian Euskadin izango dira orain, eta beti ere politagoa da etxean irabaztea".

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke