Aitor Hernandez, geldiezin: beste bi garaipen eskuratu ditu
Aitor Hernandez txirrindulariak (Specialized – Ermua Impulso) 2015eko Espainiako Ziklokross Kopako lehen bi probak irabazi ditu pasatu den asteburuan.
Larunbatean, Laudioko VII. Ziklokrossean txapeldun izan zen ermuarra, iaz bezala, eta neguko denboraldiko seigarren garaipena eskuratu zuen.
Aurreko lasterketetako estrategia berbera erabili zuen Specialized taldeko txirrindulariak, eta hasieratik lehen bost postuetan kokatu zen. Lasterketa aurrera joan ahala, bakarrik ihes egin zuen, Felipe Orts, Kevin Suarez eta Javier Ruiz de Larrinaga atzean utzita, eta irabazlea lortu zuen.
“Erronka nagusia hasieratik, lehenengo egunetik, maillot horia janztea zen. Garaipen honekin, helburua bete dut!, adierazi zuen Hernandezek podiumaren ostean. “Aurrera egiten ari naiz, bai teknikoki, baita fisikoki ere, gero eta hobeto sentitzen bainaiz bizikleta gainean. Aurkariak ere egunetik egunera sendoago daude, beraz, poztasun handia ematen du irabazteak”, gehitu zuen.
Bitik bi
VIII. Muskizko Udala Saria lehiatu zen igandean, eta ermuarrak beste garaipen bat eskuratu zuen; denboraldiko zazpigarrena, hain zuzen.
Lasterketaren lehen zatian, Felipe Orts sub-23 valentziarra izan zen nagusi, aurkarienganako abantaila handia lortuz. Bi itzuliren faltan, ordea, arazo mekaniko bat izan zuen, eta Aitor Hernandez jarri zen lasterketa buru, helmugara lehen postuan eta bakar-bakarrik iritsiz.
“Zorte txarra izan du Felipe Ortsek, penagarria da. Lasterketaren bigarren zatian hasieran baino hobeto sentitu naiz, baina ez dakit nola amaituko zen proba Ortsen ezbeharra gertatu izan ez balitz”, azpimarratu zuen txirrindulari ermuarrak. “Dena dela, oso gustura nago emaitzarekin, eta aurrera begira jarraitu behar dut. Entrenatzen segi behar dut, denboraldiko lasterketa garrantzitsuenetan ongi ibiltzeko. Jada azaroa da, eta irabazten jarraitzeko gogotsu nago, baina zuhurra izan behar da, gainontzekoak ere gero eta indartsuagoak baitira”, zehaztu zuen Specialized taldeko txirrindulariak.
Txirrindulariek Espainiako Kopa lehiatzen jarraituko dute datorren astean ere; larunbatean, Ametzaga Zuian, eta igandean, Elorrion. Iaz, bi probak irabazi zituen Hernandezek.
Lotutako albisteak
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da