15 pertsona 'Oinarrizko Sukaldaritza Lanak' ikastaroan parte hartzen ari dira
Udaleko Gizarte Zerbitzuek ‘Oinarrizko Sukaldaritza Lanak’ ikastaroa jarri dute martxan hirugarren urtez. Toki-Garapen Alorrarekin elkarlanean sortutako programa da, eta pasatu den astelehenean hasi zen, azaroaren 2an, 15 parte-hartzailerekin.
Gizarteratzeko eta lan munduan sartzeko bideak eraikitzeko ahaleginetan dauden Ermuko pertsonei zuzenduta dago ikastaroa. Helburua parte-hartzaileei sukaldaritzaren oinarrizko ezagutzak eskaintzea da, enplegua lortzeko aukera gehiago izan ditzaten.
Programak biltzen dituen eduki teorikoak eta praktikoak ‘Sukaldaritzako Oinarrizko Lanak’ profesionaltasun-ziurtagirian jasotako berberak dira, lehenengo kualifikazio mailakoak. Hiru trebakuntza atal hauek lantzen dira:
- Sukaldaritzako arauak eta baldintza higieniko eta sanitarioak ezagutzea, elikagaiak manipulatzeko ikastaroa barne.
- Oinarrizko eta gutxieneko lanak sukaldean; sukaldaritza gaiak prestatzen laguntzea.
- Plater konbinatuak eta aperitiboak prestatzen ikastea.
Ikastaroak 240,5 ordu ditu guztira: 190 ostalaritzako ezagutza eskuratzeko, 44,5 taldeko tailerrak lantzeko, eta 6, aldiz, elikagaiak manipulatzen ikasteko. Aurreko edizioetan bezala, Josu Mugerza Elgoibarko San Miguel gaineko Belaustegi jatetxeko sukaldaria izango da irakaslea.
Ikastaroa Txalaparta elkarte gastronomikoan eskaintzen da, Udalari lekua utzi baitio klaseak eman ahal izateko. Parte-hartzaileak astelehenetik ostiralera bitzen dira 9:15etik 13:45era, eta 2016ko otsailaren 2an amaituko dute formazioa.
Zeharkako formazioa
Aurreko bi edizioetan bezala, ostalaritzarako formazioarekin batera, parte-hartzaileek lanerako orientazioa jaso eta enplegurako erreminta eta errekurtso praktikoak ikasiko dituzte. Beatriz Avila Gizarte Zerbitzuetako langilea arduratuko da atal horretaz, eta 20 orduko iraupena izango du.
Gainera, esperientzia pilotu gisa, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunean sentsibilizatzeko zeharkako formazioa prestatu da Berdintasun Alorrarekin eta Immigrazio Zerbitzuarekin elkarlanean.
Ikastaro hori Gizonduz programaren (Eusko Jaurlaritzaren eta Emakunderen ekimena, berdintasunaren alde gizonen inplikazio handiagoa bultzatzeko) eta On:giz elkartearen eskutik eskainiko da, Ermuko Zipriztintzen elkartearekin batera. Emakumeen indartzeari dagokion atala Maider Galarraga genero gaietan aditua den psikologoak eskainiko du, eta lan eremuan kulturen arteko konpetentzia saioak emateko, aldiz, Biltzen Eusko Jaurlaritzaren Integrazio eta kulturarteko bizikidetasun zerbitzua izango da.
Lotutako albisteak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan

'Udabarria bertsotan' Lobianon ikusgai izango, osteguneko 18:30etatik hasita. Sei bertsolari arituko